Deusturen Adierazpena Giza Eskubideak Ingurune DigitaletanPribatutasuna

Cerrar explora esta secciónHamburguesa explora esta secciónMENUA

Jaitsi adierazpena

HITZAURREA

XX. mendearen erdi aldera sortutako hirugarren industria iraultzaren helduaroan eta zabalkunde vetean gaudela, hasia dugu laugarren industria iraultzaren inguruko eztabaida. Iraultza berri horretan, teknologia digitalek bat egiten dute natur zientziekin (fisika, kimika, biologia, etab.) ekoizpen prozesuak eta zerbitzuak erabat automatizatzeko ahaleginean, bai enpresa esparruan (“4.0 enpresa”), bai eguneroko bizitzan (“gauzen interneta”).

Gertakari iraultzaile horrek goitik beherako eraginak ditu gizarteko arlo askotan (ekonomian, politikan eta kulturan, besteak beste). Gainera, hain azkar eta zabal ari denez hedatzen eta hain ondorio sakonekin, oso zaila da gizarteak aldaketa horiek bere egitea eta, are garrantzizkoagoa, ia ezinezkoa da eraldaketa prozesuaren erritmo eta irismen horietarako erantzun etiko, legezko eta sozial egokiak ematea.

Fenomenoak kontuan izan beharreko ezaugarri bat du: disrupzio teknologikoa ez da neutroa, anbiguoa baizik; izan ere, aurrerakuntza eta konponbide teknikoekin batera arazo eta gatazka berriak ekarri ditu eta oinarrizko eskubide batzuk urratzera ere heldu da.

Informazioaren teknologiak gure gaurko munduaren osagai dira eta ez gaituzte aztoratu behar. Haatik, teknologia horiei esker bildutako datu pertsonalen multzo handien erabilera desegokiak kalte egin diezaieke pribatutasunari, izen onari eta are giza duintasunari, eta hori bada kezkagarria. Erabiltzaileok gure datuen gaineko kontrola galdu dugu eta garrantzizkoa da berriro gure esku izatea. Horretarako, zera proposatzen dugu: Zuzenbideak informazio teknologien neurriz kanpoko ustiapena mugatzea. Gizakiak teknologien onurak gozatzeko modua izan behar du; baina, aldi berean, teknologia horien erabileran eta garapenean egoki aurrera egiteko tresnak sortu behar ditu.

Ez dira gutxi laugarren belaunaldiko giza eskubideak, alegia, sarean gertatzen diren egoera berriak kontuan izango dituzten eskubideak, aintzat har daitezen eskatzen duten ikertzaileak. Giza eskubideen lehenengo belaunaldiak Estatuen boterearen aurrean babestu gintuen herritarrok. Bigarren belaunaldiak, eskubide sozialak ezarririk, bizibide duinak bermatuko zituen Estatua proposatu zuen. Oinarrizko giza eskubideen hirugarren belaunaldiak, globalizazioarekin bat, bakea eta inguru natural osasuntsua aldarrikatu zituen Lurreko herrialde guztientzat. Gaur, berriz ere, Zuzenbideari dagokio esplotazioaren eta gehiegikeriaren muga izatea, oraingoan pertsonak teknologiaren kudeaketatik babesteko. Oinarrizko eskubideen laugarren belaunaldia behar da, beraz, aro digitalean. Ahaztuak izateko eskubidea, identitate digitalerako eskubidea edo sarea inpartziala izan dadin dugun eskubidea teknologiaren uholdearekin garatu diren giza duintasunaren eta nortasunaren alderdiak dira eta aintzat hartu behar ditugu.

Ildo horretan, 2018ko maiatzaren 25ean Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra indarrean sartzea garrantzizko mugarria izan da legerian. Eta erregelamendu horrek nazioarteko oihartzuna edukitzea bultzada baliotsua izan da pertsonen babes juridikorako informazioaren gizartean. Izan ere, berrikuntza nabarmena da legearen esparruan erregelamenduaren aplikazio eremua zabaltzea eta, inguruabarren arabera, Europar Batasunaren mugetatik haratago iritsi ahal izatea.

Historian zehar, giza eskubideak defendatzeko eman den garrantzizko aurrerapauso bakoitza gizarte zibilak agintearen botere abusuei erantzunez eman da. Gaur, mundu digitalean eskubideen urraketen halako igoera esponentziala gertatzen ari delarik, ez du zentzurik aurrerakuntza eta garapen teknologikotik sortu diren oinarrizko giza eskubide berrien aldarrikapena atzeratzeak.
Eraldaketa digitalak abantailak ekarri ditu, inolako zalantzarik gabe, batzuk ezin baztertuzkoak gainera. Beraz, erantzuna ezin da sortu teknologiaren kontrako jarreratik, teknologiaren humanizaziotik baino; eta, hain zuzen ere, oinarri horrek inspiratzen du adierazpen hau, konpromiso hauek hartzean:

  • Gizakia bere sormen guztien aurretik jartzea beti, teknologiaren aurretik esaterako, teknologia gizakiaren zerbitzura baitago.
  • Pertsonaren osotasuna zaintzea, gauza bihurtu nahi duten datuen erredukzionismoa baztertuta.
  • Denen ongia interes partikularren gainetik hartzea, interes partikularrak askorenak eta legezkoak izan arren.
  • Autonomia eta erantzukizun pertsonalak aldarrikatzea, pertsonak erantzukizunaz desjabetu nahi dituzten joera paternalisten aurrean.
  • Ekitatea eta justizia unibertsala bultzatzea, gizakiak bizitza duina ahalbidetzen dioten ondasun eta eskubideak eskura izateko, babestuta edukitzeko eta gozatzeko.
  • Adingabeak babesteari aparteko arreta ematea, kalteberagoak izateagatik eta eraldaketa digitalak haien nortasunaren garapenean eta hezkuntzan duen eraginagatik.

ADIERAZPENA

I. Deustuko Unibertsitateak hausnarketarako deia egin eta eztabaida proposatu nahi du iraultza teknologikoaren testuinguruan giza eskubideak defendatu beharraz. Bi arrazoik ekarri gaituzte honetara: 1) teknologiaren eta bere plataformen heldutasuna garrantzizko aurrerakuntzak ekartzen ari da, baina baita oinarrizko eskubideen urraketak ere; eta 2) askatasunaren kontrako ekimenak gero eta gehiago dira, eta postegiaz eta gizarte sareez baliatzen dira modu biralean zabaltzeko. Hori dela eta, ikusirik hainbat eta hainbat herritar biziki kezkaturik daudela eta une honetan gizarte zibilaren, botere publikoen eta jakintza zentroen arteko ekimenak behar direla, Unibertsitateak ekintzarako deia egin nahi du, berariazko ekarpen bat eginez.

II. Jesusen Lagundiari lotutako ikastetxea izaki, eta gurea ez bezalako sentsibilitateei zabalik dagoen humanismo kristaua goiargi dugula, aurrerapen teknologikoekiko konpromisoa berretsi nahi dugu, baina baita teknologiak oinarrizko eskubideak urratzen dituen egoeren aurrean erreakzionatu ere, jakinik gizarteak ahots kritikoa eta zentzuduna espero eta eskatzen duela guregandik, denen ongiaren mesedetan.

III. Deustuko Unibertsitateak, zerbitzatzen duen gizartearekin estuki loturik, hitza ematen du ondorengo eskubideak sustatzeko bere jarduera eremuan eta eztabaida sortzeko, estamentu eskudunek eskubideok ezar ditzaten:

Interneten ahaztua izateko eskubidea

Pertsona orok du bere datu pertsonalak Interneteko bilatzaileetatik ezabatzeko eskubidea. Bermatuta egon behar da informazio pertsonalaren Internet bidezko zabalkundea eragozteko eta eskurapena mugatzeko eskubidea, baldin eta informazio pertsonal hori argitaratzeko legezko gaurkotasun eta egokitasun baldintzarik ez badago. Era berean, datu pertsonalen hedapen unibertsal eta mugarik gabea murriztu behar da Interneteko bilatzaileetan, baldin eta informazioak garrantzi publikorik eta interes orokorrik ez badu, nahiz eta egiazkoa izan eta jatorrizko iturrian mantentzea zilegi izan.

Internetetik deskonektatzeko eskubidea

Pertsona orok du konektagarritasuna eteteko eta deskonexiorako neurriak ezartzeko eskubidea, Interneten bidez galdatua edo lokalizatua ez izateko eta, hartara, atsedenerako eskubidea bermatuta edukitzeko. 

"Legatu digital"erako eskubidea 

Pertsona orok du hil ondorengo identitate eta ondare digitala kudeatzeko eskubidea. Pertsona bakoitzari dagokio bere legatu digitala ezabatzeko, berreskuratzeko edo gordetzeko erabakiak hartzea eta horretarako mekanismoak ezartzea. Legatu digitala pertsonarentzat balio emozional eta ekonomikoa duten aktibo digitalek osatzen dute: blogek, gizarte sareetako profilek, posta elektronikoko kontuek, berari buruzko dokumentu grafikoek eta argazki digitalek, baita bizipenek eta esperientziek ere. Mekanismo juridiko eraginkorrak ezarri behar dira hildako pertsonen sareko izen ona bermatzeko eta haien aktibo digitalen kudeaketa errazteko hiltzen direnean.

Teknologia arloan osotasun pertsonala babesteko eskubidea

Pertsona orok du eskubidea ziberespazioan oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak errespeta dakizkion. Berariaz zaindu behar da intimitaterako, norbere irudirako eta ohorerako eskubidea, bereziki, pertsonaren osotasunari eduki kaltegarriekin erasotzen zaionean.

Sarean adierazpen askatasuna izateko eskubidea

Pertsona orok du eskubidea Interneten adierazpen askatasuna mugatu ez dakion, iragazketa tekniken edo blokeatze automatikoaren bidez, zerbitzua ukatuz, bilaketen emaitzak ezabatuz edo bidegabeko beste mekanismo batzuen bidez. Hala ere, eskubide hori pertsonaren funtsezko beste eskubide eta askatasun batzuk errespetatuz baliatu behar da.

Identitate pertsonal digitalerako eskubidea

Pertsona orok du sarean bere identitatea kontrolatzeko eta haren kudeaketan nahi gabeko beste batzuen esku-sartzeak eragozteko eskubidea. Pertsonaren identitate digitala, hau da, norberak Interneten duen irudia, norberak sarean duen jarduera aske eta boluntarioaren bidez eta besteen jardueraren bidez eratzen da. Identitate digitalaren kudeaketan, hots, gure informazio pertsonala kontrolatzeko eta hirugarrenen erabilera erabakitzeko ahalmenean, agerikotasun, ospe eta pribatutasun printzipioek izan behar dute araubide.

Ingurune teknologikoetan pribatutasuna izateko eskubidea

Pertsona orok du bere datu pertsonalen babeserako eskubidea. Intimitate, ohore, irudi eta duintasunerako oinarrizko eskubideak mundu digitalera hedatu daitezen, pertsonen pribatutasunerako eskubidea eta, bereziki, online komunikazioen pribatutasunerakoa aitortu behar da. Datu pertsonalen erabilera eta zertarakoa kontrolatzeko eskubidea bermatu behar da, datu horiek ez daitezen bildu, komunikatu eta tratatu legez kanpo edo pertsonen duintasuna eta eskubideak kaltetzeko moduan.

Algoritmoen erabileran gardentasuna eta erantzukizuna eskatzeko eskubidea

Pertsona orok du algoritmoetan oinarritutako erabakiak hartzean aplikatzen den logikari buruzko informazio esanguratsua jakiteko eskubidea, baita datu horien tratamenduak pertsonei ekar liezazkiekeen ondorioen berri izatekoa ere. Horrez gain, enpresek eta administrazioek beren gain hartu behar dute algoritmoak erabilita hartutako erabakien erantzukizuna.

Sistema adituen erabakietan azken giza instantzia bat edukitzeko eskubidea

Pertsona orok du eskubidea bere giza garapenari eta eskubideei eragiten dieten erabaki eta jarduketak informazio automatizatuaren tratamenduan oinarrituta soilik har ez daitezen. Horregatik bada, bermatu egin behar da eskubide eta askatasunetan eragina duen edozein erabaki automatizatu pertsonek berrikus dezaten.

Ekonomia digitalean aukera berdinak edukitzeko eskubidea

Pertsona orok du ondasun eta zerbitzu digitalen trukean aukera berdinak edukitzeko eskubidea eta bermatuta egon behar da norbanako bakoitzak ahalik eta oztoporik gutxien topa dezan eskubide hori baliatzeko, lehia askearen barruan.

Merkataritza digitalean kontsumitzaileen bermeak edukitzeko eskubidea

Sarean ondasunak eta zerbitzuak erabili edo kontsumitzen dituen pertsona orok eskubidea du haiei buruzko egiazko informazioa jasotzeko. Trantsakziorako erabilitako bitartekoak ez du zertan kontsumitzaileen eskubide eta bermeen inongo murrizketarik ekarri, ez arretan, ez atzera egiteko aukeran ez eta produktuaren kalitatean. Era berean, hainbat ordainbide erabiltzeko eskubidea ziurtatu behar da, baita ordainbideok erabiltzailearentzat erabat seguruak izatekoa ere.

Sareko jabetza intelektualerako eskubidea

Pertsona orok du eskubidea berak sarean sortutako lan literario, artistiko, zientifiko edo teknikoak babesteko erabakiak hartzeko. Eskubide hori baliatzeko orduan, kultura eta ikerketa zientifiko eta teknikoa eskuratzeko eskubidea errespetatuko da, denen interesaren mesedetan.

Interneten eskuragarritasun unibertsalerako eskubidea

Pertsona orok du Internet erabili ahal izateko eskubidea, berdin dio non bizi den, zer maila ekonomiko duen, desgaitasunik edo beste baldintzatzaile pertsonalik duen, era horretara beste giza eskubide batzuk errespeta daitezen ziurtatzeko.

Alfabetatze digitalerako eskubidea

Pertsona orok du alfabetatze digitalerako eskubidea, sarean eskura dagoen informazioa aurkitzeko eta ebaluatzeko modua edukitzeko, baita Interneten era seguruan edukiak sortzekoa, komunikatzekoa, nabigatzekoa eta arazo teknikoak konpontzekoa ere.

Sarearen inpartzialtasunerako eskubidea

Pertsona orok du eskubidea bere Interneteko ibilera era inpartzialean eta bereizkeriarik gabean tratatua izan dadin, edozein dela ere bera sartutako webgunea, plataforma, edukia edo aplikazioa, eta sartzeko erabili duen ekipamendua, gailua edo komunikabidea.

Sare segururako eskubidea

Pertsona orok du eskubidea sareak datuen konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatu ditzan software gaizto eta erasotzaile espezializatuen kontra.