Etika Aplikatuko Zentroak lau arlo ditu ikerketa, prestakuntza eta transferentziako jakintzagai: Enpresa etika Etika publikoa Gatazkak eta bakea Garapen jasangarria Gure helburua da pertsonei eta erakundeei laguntzea etengabe aldatzen ari den gizarte honetan dituzten erronka etikoak antzematen, ulertzen eta horiei aurre egiten. Globalizazioa bezalako fenomenoek gero eta konplexutasun handiagoa dutenez, gero eta beharrezkoagoa da erreferentzia etikoak izatea gizarte eta kultura aniztasuneko testuinguruetan nabigatzeko. Horregatik, Etika Aplikatuko Zentroan, portaera indibiduala aztertzeaz gain, erakunde mota desberdinek gizartean eragina duten antolaketa moduak, politikak, arauak eta ideiak aztertzen ditugu.
Etika Aplikatuko Zentroaren jatorria 1993-1994 ikasturtearen hasieran Deustuko Unibertsitatean abian jarritako “Etika Sozialeko Mintegian” dago. Mintegiaren helburua DUko Unibertsitate proiektua garatzea izan zen, giza duintasunaren oinarri diren balioak sustatzeari dagokionez. 1996-1997 ikasturtean, Xabier Etxeberriak hartu zuen zuzendaritza, eta karguan jarraitu zuen 2010. urtearen amaierara arte, orduan hartu baitzuen José María Guibertek lekukoa 2013. urtera arte. Lehenengo etapan, Etika Mintegiak Unibertsitateko graduko titulazio guztietan lanbideko etikako irakasgai baten nahitaezko presentzia sustatzea izan zuen helburu, bai eta irakasgai hori behar bezala irakatsiko zela bermatuko zuen irakasleen prestakuntza sustatzea ere. Ikerketaren emaitzen zabalkundea eta dibulgazioa lortzeko, 1995-1996 ikasturtean Etika Mintegiak Etikako Koadernoen bildumari eman zion hasiera, Unibertsitateko argitaletxeak argitaratuta.
Hasieratik, Mintegia estatuko eta nazioarteko sareetan integratu zen, hala nola UNIJES, AUSJAL, Metanexus, EBEN, FUCE eta, azken horren bidez, Europako Etika Sarean. Baterako harremanak eta ekimenak bereziki sendoak izan dira Latinoamerikako unibertsitateekin, Monterreyko Teknologia eta Goi Mailako Ikasketen Institutuarekin (ITESM - Mexiko), Temucoko Unibertsitate Katolikoarekin eta Valparaisoko Unibertsitate Katolikoarekin, alde biko lankidetza hitzarmenen bidez. 2008. urtean, Unibertsitateak «Gizarteko Errealitateari Aplikatutako Etika» taldeari izaera aitortu zion, hiru ikerrildorekin: etika soziala eta politikoa, erakundeen etika, kooperatibismoa, ekonomia soziala eta solidarioa. 2010ean, taldeak Eusko Jaurlaritzaren aitorpena jaso zuen. 2009ko abenduan Etika Aplikatuko Zentroa sortu zen, eta zentroari graduondoko programak diseinatu eta garatzeko aukera zabaldu zitzaion.