Sapientia melior auro
Deustuko Unibertsitateak egindako plan estrategiko guztiek ezarri dituzte mugarriak, eta haien goiburuek aztarna utzi dute gure izaeran. Lehenak Bibliako goiburua zuen: Sapientia melior auro. Fundazioko goiburu horrek argi adierazten du jakituria lortzeko gogoa dela unibertsitatearen eta unibertsitarioen ezaugarria, fedearen eta zientziaren arteko jakituria dialogikoa. Urrea baino hobea. Jakituria ezin da erosi, eta saltzerik ere ez dago.
Bigarren goiburuak hau zioen: Pertsona da balioa. Erabili edo manipulatzeko ahaleginen aurrean, pertsonaren balioaren nagusitasuna aldarrikatzen dugu, pertsona bakoitzarena. Pertsonen duintasuna, autonomia, askatasuna, erantzunkizuna eta garapen osoa defendatzen ditugu, eta balio horiek unibertsitatean eta gizarte osoan onartu eta sustatu daitezen lan egiten dugu.
Hirugarren goiburuak honela zioen: Zerbitzua eta konpromisoa. Ezin dugu ulertu unibertsitatearen misioa bizileku duen eta zerbitzatu behar duen gizarterai lotu gabe. Geografiaren mugez gaindiko jarrera da eta denon ongia oinarritzat hartuta pentsatu eta jardutea eskatzen du. Deusto 2018 Plan Estrategikoaren betetze maila % 80,08koa izan zen.
Goiburu guztiek batu eta azpimarratzen dute arlo espezifiko eta osagarriren bat, unean uneko erronken isla direnak. Ez da ezer galdu; onartzen dugu gure historia, aberastu egiten gaitu eta garenaren erakusgarri da.
Plan berriak eta haren goiburuak berriro elkartzen gaituzte azpimarratu nahi dugun balio baten inguruan eta gure zentzua sendotzen duen proiektu bati loturik.