Bere kristau tradizioa dela-eta, Deustuko Unibertsitateak uste du Jainkoarenganako fedeak, bizitzari zentzua emateaz gain, kultur prozesu ororen ezagutza gero eta sakonagoa eta kritikoagoa inspiratzen eta pizten duela. Era berean, aitortzen du kulturak, zientziak eta teknologiak kristau mezua ulertzeko eta eguneratzeko tresna baliotsuak eskaintzen dituztela. Horrela, gure unibertsitatea fedearen eta jakintzaren, itxaropen transzendentearen eta etorkizun gizatiarrago baten bilaketaren arteko topagune eta elkarrizketarako leku bihurtzen da. Horretan datza Elizaren Unibertsitatea izatearen erronka.
Hasiera-hasieratik, Jesusen Lagundiaren misioarekin lotuta, Deustuko Unibertsitatea mundu mailako unibertsitate-sare baten parte da, pertsona balio nagusitzat hartzen duen tradizio pedagogiko batean. Halaber, justizia, bizitzarekiko errespetua, giza eskubideak, ondasunak banatzeko justizia, bakea eta natura denon etxe gisa babesteko konpromisoa partekatzen du.
Bokazio unibertsalarekin eta gizakiarekiko interes orokorrari loturik, Deustuko Unibertsitatea euskal gizartetik bereziki hurbil sentitzen da, unibertsitate erakunde gisa zerbitzatu nahi baitu haren premia kultural, sozial, tekniko eta ekonomikoetan.
Deustuko Unibertsitateak emakume eta gizonen komunitatetzat hartzen du unibertsitateko bizitza, errespetuzko elkarrizketak lankidetza-eta adiskidetasun-harremanak erraztuko dituen bizikidetza-eredua eskaintzen ahalegintzen den komunitatetzat.