Zuzenbideko irakasleek Deusto marka eraman dute Europa eta Amerikara

Berriak

2014ko irailak 19

Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko irakasleak Europa eta Amerikako hainbat ikastetxetara gonbidatu dituzte udan hainbat foro, mintegi, hitzaldi edo ikastarotan parte hartzera.
 
Javier Divar Merkataritza Zuzenbideko irakasle eta Kooperatibismo, Zerga, Lan Harreman eta Babes Sozialeko ikertaldeko ikertzaile nagusia izan zen irteten lehena: uztailaren 11n Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroetan parte hartu zuen, Merkataritzako Sozietateak Elkarte eta Fundazio bihurtzeari buruzko ponentzia batekin.
 
Divarren ikertaldeko kideak ere (Alberto Atxabal, Alejandro Martínez Charterina eta Enrique Gadea) atzerrira joan ziren, Vega Arnáez Zuzenbideko irakaslearekin, Buenos Airesera, uztailaren 17an, Gazteriari eta Kooperatibismoari buruzko nazioarteko jardunaldi batean parte hartzera, ‘La juventud y el cooperativismo: desafíos y propuestas’ izenekora. Argentinako Kooperatiben Konfederazioko Gazteen Batzordeak (COOPERAR) eta Deustuko Unibertsitateak antolatu zuten jardunaldia.
 
Parte hartzaileek hausnarketa eta esperientzia interesgarri eta probetxuzkoak partekatu zituzten beste irakasle, erakunde, agintari eta gazte kooperatibisten ordezkariekin. Zalantzarik gabe, azpimarratzekoa da kooperatiben mugimenduarekin lotuta dagoen argentinar gazteen bizitasuna, presentzia eta gizartean duten oihartzuna.
Europar harmonizazioa
 
Txileko Iparraldeko Unibertsitate Katolikoko Zientzia Juridikoen Fakultateko Zuzenbide Eskolak antolatu zuen “El Derecho privado ante los desafíos contemporáneos” izeneko Zuzenbide Zibileko VIII. mintegiaren barruan, abuztuaren 27an, Gema Tomásek, Zuzenbide Pribatuko Saileko zuzendariak, hitzaldi hau eskaini zuen: “La transferencia del riesgo del precio y la transmisión de propiedad: hacia una definitiva desconexión conceptual y temporal en sede de armonización europea”.
 
Zuzenbide publikoko zuzendari Eduardo Ruiz Vieytez, bere aldetik, Suitzako Friburgoko Unibertsitatera joan zen ikerketako egonaldi batera, Zuzenbide eta Erlijio Institutura, uztailaren 26tik abuztuaren 14ra.
 
Giza Eskubideen Institutuko beste kide batzuekin batera, Ruiz Vieytezek Madrileko Comillaseko Unibertsitatera ere egin zuen ostera, IMISCOE sareko (International Migration, Integration and Social Cohesion in Europe) Urteroko Konferentzian parte hartzera, sareko eta panel eta ikerketa mintegien Board of Directors delakoaren bilera zela eta. 
 
2014ko irailaren 1etik 3ra, Ruiz irakasleak 2014ko UACES (The Academic Association for Contemporary European Studies) Annual Conference-n ere parte hartu zuen, Corken (Irlanda), osoko bilkurako hizlari gisa. Hitzaldiaren izenburua hauxe izan zen: “Member-State Referendums and Constitutional Change: The Wider Implications for the EU”. Zuzenbideko beste bi irakasle izan zituen lagun, Europaren Integrazioko taldeko Maria Luisa Sánchez Barrueco eta Aurelia Dercaci.
 
Nazioarteko Merkataritza Ganberak Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko irakasle eta Zuzenbideko doktore Javier Viaña gonbidatu zuen Panaman abuztuaren 4an, 5ean eta 6an antolatu zen Bitartekaritza eta Arbitraje Arau berrien gaineko aurkezpenera hizlari.
 
Nazioarteko Merkataritza Ganberak, nazioarteko alderdi juridiko eta ekonomikoei buruzko munduko erakunde garrantzitsuenetako batek, bi espainiar jurista izan zituen ondoan: Javier Viaña irakaslea eta nazioarteko arbitro eta abokatu den Bernardo María Cremades Sanz Pastor.
 
Nazioartean ospea duten beste legelari batzuekin batera, Panama hiri zaharrean (Gizadiaren Ondare aitortua) aztertu zuten bitartekaritzako eta arbitrajeko nazioarteko arauen ezarpena.
 
Gainera, Viañak aprobetxatu zuen bere testu berria, An Introduction to Spanish Law, aurkezteko; argitalpen horrek Espainiako sistema juridikoko oinarrien gainean hitz egiten du. Testua Espainiako Zuzenbidera lehenengoz hurbiltzen diren pertsona eta ikasleei zuzenduta dago.
 
Nazioarteko Zuzenbide Publikoko eta Nazioarteko erakundeetako irakasle Antonio Manrique de Luna Barrios irakaslea, Mexiko hiriko Universidad Iberoamericanako Nazioarteko Ikaskuntzen Sailak antolatutako ‘¿Cómo enseñar e investigar las Organizaciones Internacionales?’ mintegian egon zen. 
 
Manrique de Lunaren hitzaldiaren izenburua ‘La investigación académica en el ámbito de la Unión Europea’ izan zen eta esparru berri baten mugak zirriborratu zituen ikertzaileentzat europar esparruan.
 
Ekitaldi horretan, Mexikoko eta nazioarteko profesional garrantzitsuek hartu zuten parte. Azpimarratzekoak dira, besteak beste, Laura Zamudio, Thomas Legler eta Richard Kareem Al-Qaq doktore irakasle eta ikertzaileak.
 
Manrique de Luna irakasleak Comillaseko Unibertsitatean Susana de Tomás Morales doktoreak (Comillaseko Unibertsitateko Zuzenbide Publikoko Saileko zuzendaria) zuzendutako ‘Nuevos retos del derecho ante las nuevas amenazas’ izenburuko Zuzenbideari, Segurtasunari eta Defentsari buruzko I. Jardunaldian ere hartu zuen parte.
Deustuko irakasleak ponentzien mahai batean parte hartu zuen gai hau aztertzen: ‘El rol de la Unión Europea en el ámbito de la paz y de la seguridad regional e internacional’.