2026ko irailak 09
Icaza entzungela
Joan den irailaren 9an, enpresa-, administrazio- eta irakaskuntza-munduko hainbat ordezkarik parte hartu zuten Unibertsitatean, "Balioa sortzen duen kontziliazioa: pertsonak, talentua eta lehiakortasuna" jardunaldian. Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailak antolatu zuen, Deusto Business Schoolen laguntzarekin, eta topaketa ongizateari buruzko hausnarketen trukea izan zen, hainbat enpresak sortutako kontziliazio planen inguruan, bai langileentzat, bai haien ekoizpenerako eta fakturaziorako.
Macarena Cuenca dekanoak eta Nerea Melgosa sailburuak ireki zuten ekitaldia, eta inaugurazio hitzaldi honekin ekin zioten lanari: "Balioa sortzen duen kontziliazioa: pertsonak, talentua eta lehiakortasuna” eta atal bat eskaini zitzaion gai honi: "Kontziliazioa praktikan: enpresen esperientziak". Ekitaldiaren barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde edo pertsona autonomoentzako 2026ko laguntza ekonomikoen deialdia aurkeztu zen, bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzearen arloko egoeraren diagnostikoa eta Ekintza Plana egiteko.
Kontziliazio gosea
Nerea Melgosa sailburuaren hitzetan, lana eta familia uztartzeko neurriek enpresa lehiakorragoak, familia babestuagoak eta bizitza duinagoak eraikitzeko balio dute. “Gaur egun, lana eta familia uztartzea da familiek gehien eskatzen duten beharretako bat. Enpresa edo kooperatiba batek kontziliazio plan bat izatea eta kontziliatzeko orduan erraztasunak eskaintzea da Euskadiko etxe askotan ongizatea sortzen duen balantza, eta, era berean, enpresa onurak sortzen ditu”, gaineratu zuen.
Bestalde, Deusto Business Schooleko dekanoak adierazi zuenez, “Unibertsitatean irmoki uste dugu bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzea ez dela soilik ongizate indibidual kontua, baizik eta lehiakortasunaren eta jasangarritasun ekonomikoaren zutabe estrategiko bat”. Bere ustez, lan ingurune erantzukide eta malguak sustatzen dituzten erakundeek “ez dituzte soilik beren pertsonak zaintzen, talenturik onena erakartzen eta fidelizatzen dute, berrikuntza eta epe luzeko balioa bultzatuz”.
Marc Grau-Grau, jardunaldiaren hasierako hitzaldia emateaz arduratu zena, Familia Ikasketa Aurreratuen Institutuko (IESF) zuzendaria eta Kataluniako Nazioarteko Unibertsitateko (UIC Barcelona) Gizarte eta Familia Politiketako irakasle elkartua da. Azaldu zuenez, “enpresa batek kontziliazioan oinarritutako malgutasuna eskaintzen duenean, zintzotasunez, dena aldatzen du. Gero eta adibide on gehiago daude, gizarte premia berri bat dago, kontziliazio gosea dago. Erakundeek gizarte-erantzukizuna dute eta irtenbidearen parte izan behar dute”.
Inaugurazio hitzaldiaren ondoren, Rivera Smart Facility Services eta Gosa Vidrala enpresetako ordezkariek mahai inguru batean parte hartu zuten, eta beren enpresa erakundeetan abian jarritako kontziliazio neurriak eta horrek ekarri dien onura aletu zituzten.
Enpresentzako 2026ko laguntzak
Euskadin establezimenduak dituzten enpresa edo langile autonomoentzako laguntza ekonomikoak irailaren 30era arte eskatu ahal izango dira. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Departamentuak ematen ditu eta 2026ko ekitaldiko egoeraren diagnostikoa eta bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeko ekintza-plana egiteko izango dira. Laguntzen zenbateko osoa 420 mila eurokoa da, eta planaren edo diagnostikoaren kostuaren % 70eraino laguntzen da diruz. Laguntzak eremu pribatuko edozein erakundetara bideratzen dira, mikroenpresa bat, ETE bat edo enpresa handi bat den alde batera utzita. Autonomo lan egiten duten pertsonek ere eskatu ahal izango dute laguntza. Laguntza eskatzeko edo informazio gehiago eskatzeko, hona jo: familia@euskadi.eus
