Xabier Etxeberria Mauleóni Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa 2025 Saria emateko ekitaldia

Xabier Etxeberria Mauleón (Argazkiak: Eusko Ikaskuntza)

2025eko uztailak 10

Bilboko Campusa

Bilboko Euskalduna Jauregian, uztailaren 10ean, Eusko Ikaskuntza–LABORAL Kutxa Saria emateko ekitaldia egin zen. Sari horrek, 1995ean banatzen hasi zenetik, Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzietako curriculum onenak aintzatesten ditu, bai eta gazteek aurkeztutako sorkuntza edo ikerketa proiektuak ere. 2025eko edizioan, Xabier Etxeberria Mauleon Filosofian doktore eta Deustuko Unibertsitateko katedradun emeritua eta Jon Esnaola Agirrekonpositorea saritu dituzte, hurrenez hurren.

Ekitaldian erakundeetako, euskal kultura, hezkuntza eta gizarte arloetako, unibertsitateetako eta epaimahaia osatzen duten erakundeetako ordezkaritza zabala izan zen. Nagore Ipiña Larrañagak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak, eman zion hasiera Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Sariaren 2025eko epaimahaiaren aktaren irakurketarekin. Aurtengo gazte sariak Jon Esnaola Agirre konpositore tolosarraren lana aitortu du, LUUR musika proiektua, Nestor Basterretxearen oroimenez egindakoa. Obra hori uztailaren 11n estreinatu zuen Euskal Herriko Gazte Orkestrak Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan.

Ondoren, Deustuko Unibertsitateko errektore Juan José Etxeberriak hartu zuen hitza, eta Xabier Etxeberria Mauleónen laudatioa egin zuen. “Aintzatespen horrek gogorarazten digu pentsamendu etikoa lantzea ez dela luxu akademikoa, gure garaiko erronkei argitasunez, sentsibilitatez eta erantzukizunez aurre egiteko ezinbesteko beharra baizik”. Era berean, Etxeberria irakaslearen funtsezko zeregina gogorarazi zuen: “kristau inspirazioko unibertsitaterako zerumuga bat eratzea, gizarte gero eta pluralistago baten testuinguruan”. Laudatioa.

Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak Xabier Etxeberria Mauleónek hiru arlotan egindako hausnarketa eta konpromiso soziala azpimarratu zituen: indarkeria eta bakegintza, gatazkan dauden nortasun kolektiboak eta baztertuak izateko arriskuan dauden kolektiboak. Etxeberriak Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentrotik egindako lanaren muina balioen eremua mugatzea izan da, bai eguneroko lanean, bai giza eskubideetan eta aniztasunarekiko errespetuan. Honela laburbildu zuen: “Xabier Etxeberriak etikari eta oinarri ditugun balioei buruz hausnartzeko egindako deiak erabat premiazkoak dira gaur egun. Zer garen zalantzan jartzea (nor gara?), gizaki gisa batzen gaituena ulertzea (norekin arituko gara?) eta munduan dugun tokiarekiko maitasuna (non bizi nahi dugu?) baino gauza baliagarriagorik eta balio handiagokorik ez baitago. Eta horixe da, hain zuzen ere, Xabier Etxeberriaren ibilbideak erakusten diguna”.

LABORAL Kutxako presidente Adolfo Plazaren ustez, aurtengo sariak “eragin handiko gizarte-langintza” eta zientzia eta irakaskuntzako ekarpen nabarmena aitortzen ditu, “betiere bokazio humanista eta mundu hobea eta inklusiboagoa egiteko”. Etika funtsezkoa denez gizartean elkarrekin bizitzeko, Adolfo Plazak goraipatu egin zuen Etxeberria irakasleak Deustuko Unibertsitateko profesionalen prestakuntza etikoan egindako lana. Baina, aldi berean, “kalera eta munduko beste leku batzuetara ateratzen jakin du, egoera ahulean daudenekin bizi eta lan egitera, haien eskubideen bila”. “Merezimenduzko zereginak ez ezik, funtsezkoak ere badira giza printzipio orientatzaileak bereziki behar diren garai honetan”, epaimahaiaren aktak jasotzen duen bezala.

Indarkeriaren biktimak, herri indigenak eta desgaitasuna duten pertsonak

Xabier Etxeberria Mauleónek, bere aldetik, bere ibilbidearen bi alderdi berariaz azpimarratzen dituen sari bat eskertu zuen: etikaren eta giza eskubideen arloko hausnarketa, bere hezkuntza eta gizalegezko konpromisoekin estuki lotuta; eta azken horien artean, hiru kolektibo inplikatzen dituztenak: asmo politikoko indarkeriaren biktimak, Latinoamerikako herri indigenak eta adimen urritasuna duten pertsonak.

Hausnarketa eta konpromiso horiek sakonki inbrikatuak daude eta hiru kolektibo horiei lagundu die; baina, aldi berean, haiengandik irakaspen garrantzitsuak jaso ditu: elkarrekiko dinamismo aberasgarria, irakasleak “harmen arduratsua” deitzen duena. Lotura horren bidez, adierazi zuen hiru kolektibo horietako pertsonek “justizia eta ongia eskatu dizkidatela”. Eta ondorio gisa: “Hain zuzen ere, harmen arduratsuaren zirkulartasun horiek nire bizitzan eman direlako, Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxak sari honen bidez gaur egun adierazten didan aintzatespena ere pertsona eta erakunde horiei guztiei egindako aintzatespena da”.

Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak eman zion amaiera ekitaldiari, eta Etxeberria irakaslea jardun duen eremu guztietako “eragile” gisa definitu zuen. Bere hitzetan Joxe Azurmendi pentsalari eta idazlea gogoratu zuen eta, Etxeberria bezala Azurmendi pentsamendu aske eta kritikoan sakondu duten erreferentetzat hartu zituen.

Informazio gehiago eta argazkien galeria