2026ko irailak 26
Bilbao Donostia-San Sebastián
Irailaren 26an Europako Hizkuntzen Eguna ospatzen da, Europako Batzordeak eta Europako Kontseiluak 2001ean abian jarritako ekimena, Europako hizkuntza-aniztasuna balioan jartzeko eta hizkuntzen ikaskuntza sustatzeko. Deustuko Unibertsitateak ere bat egiten du efemeridearekin, bere izaera eleanitza eta nazioarteko bokazioa oinarri hartuta.
Izan ere, Deustuko Unibertsitatearen komunitateak hizkuntza- eta kultura-aniztasun hori islatzen du. 700 nazioarteko ikasle inguruk, 50 herrialde baino gehiagotatik etorritakoek, beren hizkuntzak eta kulturak partekatzen dituzte Deuston, eta, aldi berean, tokiko hizkuntzetara eta kulturara hurbiltzen dira. Elkartruke honek unibertsitateko egunerokoa aberasten du, eta nazioarteko esperientzien partekatzea sustatu.
Unibertsitate-ekimenak
Europako Hizkuntzen Egunaren harira, ikasleekin bideo bat prestatu eta TikTok eta Instagramen zabaldu da. Bertan, Deustuko Unibertsitateko ikasleek munduko hainbat hizkuntzatan agurtzen dute elkar, eta keinu sinple horren bidez, Deustora iristen diren jatorri, hizkuntza eta kultura ezberdinak erakutsi eta elkartrukeak unibertsitateko komunitateari egiten dion ekarpena nabarmentzen da.
Halaber, hizkuntza-aniztasuna gertutik ezagutzeko, Bilboko campuseko IIBZ liburutegiak 15 libururen erakusketa antolatu du. Liburu bakoitza Europako hizkuntza batean idatzita dago, eta erabiltzaileek liburu bakoitza dagokion hizkuntzarekin lotu beharko dute. Gainera, erakusketan hizkuntza bakoitzari buruzko azalpen laburra egiten da. Horrela, Europako hizkuntza-aniztasuna modu parte-hartzaile eta dinamikoan ezagutzeko aukera izango dute unibertsitateko kideek.
Euskararen aldeko lankidetza
Euskarak leku berezia du Deustuko Unibertsitatearen hizkuntza-politikan. 2025-2030 Hizkuntza Politikaren Plan Zuzendariak eleaniztasun eraginkorrerantz aurrera egitea du helburu, euskara, gaztelania eta ingelesa unibertsitatearen jardueraren dimentsio guztietan sendotuz.
Ildo horretan, 2026ko irailaren 15ean, Deustok eta UZEIk lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Donostiako campusean, bost urteko indarraldiarekin, euskararen modernizazioan, estandarizazioan eta normalizazioan aurrera egiteko. Akordioak, besteak beste, euskarazko terminologiaren estandarizazioa indartzea eta EUSKALTERM terminologia-bankua sustatzea jasotzen du, baita euskararen modernizazioari buruzko ikerketa aplikatuan lankidetza-bide berriak irekitzea ere.
Bestalde, 2026ko ekainaren 3an, Deustok eta Etxepare Euskal Institutuak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten, bost urteko indarraldiarekin, euskara eta euskal kultura esparru akademiko, kultural eta sozialean sustatzeko eta zabaltzeko. Akordioak prestakuntza- eta kultura-jarduerak, ikerketa- eta sorkuntza-proiektuak eta nazioarteko lankidetza-ekimenak bultzatzea aurreikusten du, euskararen eta euskal kulturaren nazioarteko proiekzioa indartzeko.
Horrela, Europako Hizkuntzen Eguna aukera da Deuston egunero bizi den hizkuntza- eta kultura-aniztasuna ikusarazteko eta hizkuntzek pertsonak, komunitateak eta kulturak elkartzeko duten gaitasuna ospatzeko.