2026ko martxoak 16
Bilbao
Deustuko Unibertsitatea pauso sendo eta erabakigarriak ematen ari da, nazioarte-mailako ikerketa, irakaskuntza eta nazioarteko ikuspegia zabaltzeko. Konpromiso horren ondorioz, lankidetza-sare berriak, akordioak eta agenda sendoa sortu dira mundu osoko unibertsitateekin harremanak estutzeko. Azken hitzorduak Filipinetan eta Hego Korean izan dira.
Martxoaren 9tik 11ra, Deustuko Unibertsitateko ordezkaritza batek Jesuiten Ikerketarako Aliantza Globalaren (GRAJU) Inaugurazioko Sinposioan parte hartu zuen Manilan. "The AI Frontier and the Distinctives of Global Jesuit Higher Education" lelopean, topaketak jesuiten zentroen sare bat abiaraztea ekarri zuen –Unibertsitateak parte hartu du abian jartzeko ekimenean–, mundu-mailako lankidetza zientifikoa sustatzeko, bikaintasun akademikoarekin, justizia sozialarekin eta denon onerako zerbitzuarekin dugun konpromisoan oinarrituta. Sinposioa buruzko informazio gehiago.
Esparru horretan, Juan José Etxeberria errektoreak eta Javier Arellano Ikerketako eta Nazioarteko Harremanetako errektoreordeak lan saio bat izan zuten martxoaren 12an Manilako Ateneo Unibertsitateko errektorearekin eta zuzendaritza taldearekin. Topaketari esker, erakunde historiko horrekiko lankidetza ildoak aztertu eta sendotu ahal izan ziren. Ateneo Jesusen Lagundiak sortu zuen 1859an, eta Filipinetako hezkuntzan erreferente nabarmenenetako bat da.
Errektorearen eta errektoreordearen nazioarteko agendak martxoaren 13tik 16ra jarraitu zuen Hego Korean, eta erakundearen nazioartekotze estrategiarako garrantzi handia duten bi unibertsitate bisitatu zituzten. Alde batetik, Sogang Unibertsitatea, 1960an jesuitek sortutako erakundea, zeinarekin Deustok pertsona maitasunaren eta fedearen espirituan oso-osorik prestatzeko misioa partekatzen duen, egiaren bilaketa zintzoan. Ikastegi horretan, gure errektorea eta errektoreordea hango unibertsitateko presidente Luke Sim Jong-hyeok-ek (SJ), Kanpo Harremanetarako presidenteorde exekutibo Tai-kyong Song-ek eta Kanpo Harremanetako presidenteorde Fr. Seil Oh-k (SJ) hartu zituzten.
Deustuko Unibertsitateko agintariak Koreako Unibertsitatekoekin ere elkartu ziren, ospe handiko ikastetxea hura ere, 1905ean sortua, eta herrialdean tradizio handiena duen erakunde akademikoetako bat.
Misioak Hego Korean eta Filipinetan izan duen helburu nagusia izan da ikasleen mugikortasuna, irakaskuntza eta ikerketa bezalako funtsezko arloetan aurretik zeuden lotura instituzionalak sendotzea eta sakontzea. Bi nazioetan jasotako harrera aparta izan da, eta jardunaldi horiek proiekzio globalaren etorkizunerako oso balantze emankorrarekin burutu ahal izan dira.
Juan José Etxeberroak eta Javier Arellanok, besteak beste, Sogang eta Koreako unibertsitateetan dauden Deustuko ikasleekin biltzeko ere aprobetxatu zuten Hego Koreara egindako bisita.