Deusto Business Schooleko ikerketa baten arabera, Bilbok turismo eredu planifikatu eta jasangarrari eman dio babes, ez turistifikazio masiboari

Deusto con el Museo Guggenheim de fondo

2025eko abenduak 01

Bilboko Campusa

Sustainability aldizkari zientifikoak argitaratu berri duen ikerketa batek, Deusto Business Schooleko ikertalde batek garatu duenak, Madril, Bartzelona, Bilbo eta Sevillako biztanleek turismoaren eragina jasangarritasunari dagokionez nola hautematen duten aztertzen du. Ikerketak zorroztasun estatistikoz ere baliozkotzen du lana: SUS-TAS nazioarteko eskala erabili du, turismo jasangarriarekiko herritarrek dituzten jarrerak zazpi parametroren bidez neurtzen dituen tresna.

Lau hiriek konexio eta komunikazio bikainak dituzte trenez, errepidez eta hegazkin bidez; horrez gain, hazkunde handia bizi izan dute turismorako ostatuetan. Hori guztia gogoan, ikerlanak, 660 biztanleri egindako inkesta batean oinarrituta, ondorioztatu du pertzepzioak nabarmen aldatzen direla heldutasun turistiko-maila desberdina duten hirien artean. Emaitzek erakusten dutenez, Bartzelonako biztanleek turismoaren kostu sozialen pertzepzio-maila handiena dute eta masifikazioa, ingurumenaren narriadura eta bizi-kalitatearen galera nabarmentzen dituzte.

Bilbok, bere hedapen turistikoa berriagoa izanik, eragin negatiboen pertzepzio-maila baxuagoak ditu, eta epe luzerako plangintzarekiko eta eredu turistiko ordenatu, parte-hartzaile eta jasangarrien premiarekiko babes bereziki handia erakusten du. Erdibidean daude Madril eta Sevilla. Lehenengo kasuan, turismoaren presioaren pertzepzioa Bartzelonan baino txikiagoa bada ere, Madrilgo biztanleak kezkatuta daude etxebizitza turistikoen azken aldiko gorakadagatik, erdialdeko guneetako saturazioagatik eta etxebizitzaren prezioetan duen eraginagatik. Hala ere, hiriburuak ikuspegi positibo samarra du turismoak dakartzan onura ekonomikoei eta dibertsifikazioari begira.

Sevillaren kasuan, azterlanak oreka hautematen du; izan ere, nahiz eta biztanleek positiboki baloratzen duten turismoak tokiko ekonomian duen papera, aldi berean identifikatzen dute gero eta tentsio handiagoak daudela eremu historikoetan, bereziki hiri-pilaketengatik, bisitariekin bizi behar izateagatik eta auzo tradizional batzuen nortasun-galeragatik.

Testuingurura egokitutako politikak

Azterlanaren arabera, hezkuntza-maila altuagoa duten pertsonek gehiago baloratzen dituzte ingurumen-jasangarritasuna, onura ekonomikoak eta plangintzaren garrantzia. Aitzitik, adinak, hirian bizitzen daramaten denborak edo lan-egoerak ia ez dute eraginik pertzepzioetan.

Ikertaldeak azpimarratzen du emaitzek erakusten dutela tokiko testuingurura egokitutako turismo politikak bultzatu beharra. Bartzelona edo Madril bezalako hirietan, horrek dakar etxebizitza turistikoen masifikazioa, bizikidetza eta erregulazioa lantzea; Bilbo edo Sevilla bezalako helmugetan, berriz, funtsezkoa da balizko tentsioei aurrea hartzea plangintza estrategikoaren eta herritarren parte-hartzearen bitartez.

Ildo horretatik, azterlanaren egileek uste dute helmuga jasangarriak diseinatzeak herritarrak erabakien erdigunean kokatzea eskatzen duela, parte-hartze komunitarioa eta epe luzerako plangintza indartzea eta biztanleen ongizatea eta helmugaren lehiakortasuna uztartuko dituen turismo-eredua hartzea.