2025eko uztailak 08
Donostiako Campusa
Uztailaren 8an, Maria Jose Aranguren Querejetak Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetako errektoreorde ardura hartzeko ekitaldia izan zen Deustuko Unibertsitatean. Maria Jose Arangurenek azken 5 urteetan campuseko errektoreorde izan den Xabier Riezu Arreguiren lekua hartuko du aurrerantzean. Ekitaldi honekin, Deustuko Unibertsitatearen zuzendaritza taldearen berritzea osatu da. Hain zuzen ere, joan den ekainaren 25ean, Bilboko campusean, Alvaro de la Ricak Politika Akademikoko eta Eraldaketa Digitaleko errektoreorde karguaz jabetu zen. Harekin batera hartu zuten kargua Macarena Cuenca Ekonomia eta Enpresa Zientzietako (Deusto Business School) dekanoak, Andoni Eguiluz Ingeniaritzako dekanoak eta Vicente Vide Teologiako dekanoak.
Juan José Etxeberria SJ Deustuko Unibertsitateko errektorearen ustez, ospakizun honek esanahi sakon eta berezia du, unibertsitatearentzat oso garrantzitsuak diren ardurak hartzen dituztenei ongietorria ematen zaielako eta zeregin horietan aurretik aritu direnen lana eskertzen delako. Jarraipenaren eta berrikuntzaren seinale ere bada, “elkarte akademiko gisa batzen gaituen konfiantzaren erakusle da, misio komun batekiko konpromisoa hartuta: mundua eraldatuko duten pertsonak prestatzea” . Errektoreorde berriari ongietorria egitean, errektoreak Arangurenen giza kalitatea eta pertsonen artean konfiantza sortzeko eta harremanak eraikitzeko duen gaitasuna nabarmendu ditu. Hain zuzen ere, ignaziotar lidergoaren ezaugarriak ere badira horiek, lidergo hori ez baita mugatzen kudeatzera, baizik eta “amets egiten laguntzen du; entzun eta hitz egiten du; bidelagun da eta zaindu egiten du; bultzatu eta eraldatu egiten du”.
Elkarlana, misiorako funtsezkoa
Lidergo mota horrek Unibertsitatearen misioa hobeto gauzatzen laguntzen digu, ikerketaren bidez, tokiko erronkei eta erronka globalei erantzuteko baliagarria izango den jakintza sortzea. Testuinguru jakin batean, gainera: nazioarteko ingurune nahasia, demokraziaren krisia, digitalizazioaren eta adimen artifizialaren eragina eta aurrekaririk gabeko krisi ekologikoa.
Hori guztia, tokiko erronka garrantzitsuekin batera, besteak beste, zahartzea, aniztasunaren kudeaketa, trantsizio energetikoa edo euskal industriaren ekoizpenaren dibertsifikazioa, besteak beste. Egoera horretan ezinbestekoa da “gure etorkizuna inspiratuko duen eta pertsonen ongizatean eragina izango duen ikuspegi partekatu bat eraikitzea”, zehaztu zuen errektoreak.
Etxeberriaren ustez, behar-beharrezkoa da unibertsitateko elkartea osatzen dugun pertsonen arteko elkarlana indartzea, diziplina arteko eta taldeko lanaren bidez. Elkarlana indartu behar da, halaber, beste unibertsitate, enpresa, instituzio eta gizarte erakunde batzuetako taldeekin, elkarrekin guztion etxea zaintzeko lanetan, giza aurpegia duen digitalizazioan, osasunean, ongizatean eta gizarte kohesioan, eta giza eskubideak babesten eta bakea lortzen lagunduko duen kultura demokratikoa sustatzean aurrera egiteko.
Juan José Etxeberriak nazioarteko lankidetza indartzeko beharra azpimarratu zuen, sarean eta elkartasunez lan eginez, batez ere egoera zailenetan bizi direnekin. Horretarako, aparteko aukera dira Jesusen Lagundiak dituen unibertsitate sareak eta mundu osoko gizarte ekimenak.
Aldaketara irekitzea
Aldaketara irekitzeko beharra ere nabarmendu nahi izan zuen errektoreak. Bere ustez, egungo testuinguruaren etengabeko aldaketak eskatzen du, gure lidergoa misio eraldatzaile baten zerbitzura egon dadin, bai gutako bakoitza, bai unibertsitatea, erakunde gisa, aldaketarako prest egotea.
Zaintzeko eta zaintzen uzteko artea
Juan José Etxeberriak azaldu zuen bezala, “ignaziotar lidergoaren gakoetako bat beste pertsona batzuen bidelagun izatea da, bereziki aldaketa garaietan. Pertsonak, harremana, prozesuak zaintzea. Zaintzak, jarrera erradikal gisa, erakunde dinamikak aldatzen ditu, zereginak humanizatzen ditu, zerbaiten parte izateko sentimendua sortzen du eta amets egitea ahalbidetzen du”. Ildo horretatik, Mari Joseri honakoa adierazi zion: “Zure egitekoa ez da mugatzen jarduerak koordinatzera eta unibertsitatea ordezkatzera. Pertsonengandik hurbil egongo zara, bai une pozgarrietan eta bai une zailetan. Zure begiradak, zure hitzak, zure egoteko eta egiteko moduak izango dira zure lidergoaren bereizgarria”. Errektorearen hitzaldi osoa.
Errektoreorde izendatu osteko lehen hitzetan, agintari akademikoak, Gobernu Kontseiluko kideak eta Deustuko unibertsitateko elkartea aurrean zituela, Mari Jose Arangurenek bere onena emateko konpromisoa adierazi zuen, eskatutako zeregina betetzeko: “neure burua, neure eskuak eta neure bihotza jarriko ditut zeregin honetan. Baina zuei guztiei laguntza eskatzen dizuet, izan ere, zenbat eta buru gehiago izan, orduan eta hobeto pentsatu eta amets egingo dugu; zenbat eta esku gehiago izan, orduan eta gauza gehiago egin ahal izango ditugu; eta zenbat eta bihotz gehiago izan, orduan eta hobeto zainduko dugu elkar.”
María José Aranguren, lurraldearekin konprometitutako ekonomialaria
Maria Jose Aranguren Querejeta (Urrestilla, 1969) Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko zuzendari nagusi izan da orain arte, eta Deustuko Unibertsitateko Ekonomia katedraduna da. Lehiakortasunaren, lurralde estrategien, kluster eta sareen, eta politiken analisi eta ebaluazioaren arloko aditu ezaguna da. Hain zuzen ere, gai horien inguruan liburu ugari idatzi ditu, baita eragin handiko aldizkari zientifikoetarako artikuluak ere. Esperientzia luzea du nazioko eta nazioarteko proiektuen gidaritzan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko eragile askorekin egin du lan, lurraldearen lehiakortasuna eta ongizatea hobetzeko ikerketa proiektuetan. Deusto Business Schooleko Ekonomia katedraduna da eta Fakultate horretako irakasle izan da, 1994az geroztik. Unibertsitateko irakaskuntzako eta coaching exekutiboko espezializazio ikasketak ditu. Lehiakortasunari buruzko ikastaro bat ere egin du Harvardeko Unibertsitatean.
2014an Orkestrako zuzendari nagusi izendatu aurretik, hainbat ardura izan zituen erakunde horretan, zuzendari akademiko eta saileko zuzendari, besteak beste. Deustuko Unibertsitatean, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko (DBS) Ekonomia Saileko zuzendaria izan da, baita fakultateko idazkaria, euskara arduraduna eta orientazio zerbitzuko koordinatzailea ere, beste ardura batzuen artean. Mari Jose Arangurenek hiru seiurteko ditu, Ekonomia eta Enpresa Zientzien arloan. Europako ikerketa proiektuen eta nazioko eta nazioarteko zenbait aldizkari zientifikoren ebaluatzailea da. 2014tik 2016ra Europako Batzordearen Aholku Batzordeko kide izan zen, Horizon 2020 programarako.
2016ko abenduan, Harvardeko Unibertsitateko Estrategia eta Lehiakortasunerako Institutuaren aitorpena jaso zuen, bere ibilbide pertsonalagatik eta lurralde lehiakortasunari egindako ekarpenagatik. 2025eko hasieran, Gipuzkoako emakume zuzendari onenaren ASPEGI 2025 saria jaso zuen, Gipuzkoako Emakume Profesional, Enpresaburu eta Zuzendarien Elkartearen eskutik.