2024ko urriak 02
Bilboko Campusa
Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko Ada Byron sariak, XI. edizioan, baditu irabazleak. Senior kategoriako saria Patricia Horcajada Cortés madrildarrak jaso du, energian, osasunean eta ingurumenean aplikatzeko material multifuntzional berrien diseinuan adituak. Bestalde, 35 urtetik beherakoen kategorian, Alba González Álvarez burlatarrarentzat izan da, 3D inplante pertsonalizatuak garatzen aitzindariarentzat. Epaimahaiak berrikuntza eta aurrerapen teknologikoari egindako ekarpen bikaina azpimarratu du bi profesionalen kasuan.
Patricia Horcajada Cortés, IMDEA Energiako Material Porotsu Aurreratuen Unitateko arduraduna, zientzialari puntakoa da Materialen Zientziaren arloan. Haren jardunak, diziplina ugarikoak, material porotsu berrien diseinuan eta sintesian du ardatz, arlo estrategikoetan aplikatzeko. Aitzindaria izan da MOF motako egiturak aplikatzen farmakoen askapenean, ahoko desintoxikazioan edo nekazaritzan. Lankidetza-sare zabala du, 70 MOF egitura berri baino gehiago egin ditu, eta nazioartean ospe handiko ikertzaile ezaguna da.
Bestalde, Alba González Álvarez, gazte sariaren garailea, Ingeniaritza Biomedikoan doktorea eta Xcure Surgical delakoaren sortzailea da. Xcure Surgical start up bat da, inplante pertsonalizatuak eta neurrira egindako instrumentazio kirurgikoa sortzen ditu giza gorputzaren hezur-berreraikuntza konplexuak behar dituzten pazienteentzat. Hamarkada bat baino gehiagoko esperientzia akademikoa, industriala eta ospitalekoa du osasun-produktuen I+G+B arloan, eta aitzindaria da ospitale-ingurunean 3D teknologiaren inplementazio klinikoan, kasu kliniko konplexuak dituzten pazienteen kasuetan.
Hautagai-kopurua igo egin da
Ada Byron saria duela hamaika urte sortu zuen Espainian Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak. Saria Bizkaiko Foru Aldundiak, Emakundek eta Danobatgroupek babesten dute eta Innobasquek eta Innolabek laguntzen dute. Sari hori estatuko erreferente bihurtu da eta zientziaren, teknologiaren eta ingeniaritzaren arloetan emakumeek egiten duten lana erakusten du. Aldi berean, emakumeen artean I+G arloko bokazioak sustatzea du helburu.
Aurten 178 hautagairekin, aurreko edizioan baino hamabi gehiago, hautagaitza gehien izan duen edizioa izan da, eta promesa gazteak nabarmendu dira. Jatorri geografikoari begira, toki askotako hautagaiak daude eta lanbideak informatikaren, kimikaren, aeronautikaren, farmaziaren, industriaren, telekomunikazioaren eta ingurumenaren arloetakoak dira. Emakumeak hainbat lan-sektoretatik datoz, eta profil sozialak eta teknologia gizartean zabaltzeko hainbat forotan parte hartzen dutenak dira nagusi, batez ere gazteen artean.
Espainiako edizioaz gain, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak beste bost sari ditu Amerikako beste hainbeste herrialdetan: Mexikon, Argentinan, Uruguain, Kolonbian eta Txilen; eta Brasilera zabaltzea aztertzen ari da.
Espainiako edizioan, hamaika urte hauetan honako hauek izan dira sarituak senior kategorian: Montserrat Meya, adimen artifizialeko eta itzulpen automatikoko aditua; Asunción Gómez, “teknologia semantikoen” ikertzailea; Nuria Oliver, Telefónicako I + G-ko zuzendaria; Regina Llopis Rivas, Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) Adimen Artifizialera Aplikatutako Matematikako doktorea; María Ángeles Martín Prats, Sevillako Unibertsitateko Ingeniaritza Elektronikoko saileko irakasle titularra; Concepción Alicia Monje Micharet, Robotikako ikertzailea eta Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko irakasle titularra; Laura María Lechuga Gómez, Kimika Zientzietako lizentziatua eta COVID-19aren inguruko ikerketen barruko europar proiektuetako bateko koordinatzailea; Elena García Armada, industria ingeniaritzako doktorea, CSICeko ikertzaile zientifikoa eta Marsi Bionics-eko presidentea; Lourdes Verdes Montenegro, behaketa erradioastronomikoetako zientzialari eta ikertzaile espezialista, eta María José Escalona, softwarearen ingeniaritzako aditua.
Bestalde, Ada Byron gaztearen irabazleak honako hauek izan dira aurreko edizioetan: Ana Freire, Informatikako ingeniaria eta doktorea, Pompeu Fabra Unibertsitateko (Bartzelona) Ingeniaritza Eskolako ikertzailea eta irakaslea; Susana Ladra González, Informatikako doktorea eta Matematikan graduatua; Jordina Torrents Barrena, Pompeu Fabra Unibertsitateko doktorea adimen artifizialaren arloan; Julia Guiomar Niso Galán, Ingeniaritza Biomedikoan doktorea eta Alzheimer gaixotasunaren markatzaile goiztiarren ikerketako ikertzailea, eta Sara García Alonso, minbiziaren inguruko ikertzailea eta astronauta. Informazio gehiago
Forotech-en hamabigarren edizioa
Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak, halaber, Forotech Ingeniaritza eta Teknologiaren astea ospatuko du urriaren 16tik 18ra. Ada Byron sariarekin bezala, ekimen honen helburua ikerketa eta garapen teknologikorako bokazioak sustatzea da, bereziki emakumeen artean. Horretarako, Bilboko eta Donostiako campusetan jarduera-programa zabal bat antolatu da, globo aerostatiko batera igotzeko aukera eta Ferran Adriàk proposatutako jasangarritasun-erronka barne hartzen dituena, biak Bilboko campusean izango direnak.
XII. edizio honetan, Forotechek Garapen Jasangarriaren 8. Helburua du ardatz, hazkunde ekonomiko iraunkorra, inklusiboa eta jasangarria lortu nahi duen GJH, pertsona guztiei onura berdina ekarriko diena eta ingurumenari kalterik egingo ez diona. Hori lortzeko, pertsona guztientzat enplegu duina sortu beharko da, batez ere emakumeentzat, gazteentzat eta kalteberatasun egoeran daudenentzat, eta ekintzailetza eta berrikuntza teknologikoa bultzatu beharko dira. Helburua da kalitatezko enplegu osoa lortzea eta biztanleriaren ongizatea handitzea. Informazio gehiago.