Online mintegia Deustun Fratelli Tutti entziklikak Unibertsitateari esaten digunari buruz

Berriak

2020ko azaroak 12

Bilboko Campusa

Zer diotso Fratelli Tutti entziklikak Deustuko Unibertsitateari? Badaude entziklikan hartu eta hausnarketarako bidea eman diezaguketen ideiak? Badago ideia argigarririk, egiten dugun horretan sendotu eta egin nahi dugun horretan indartzen gaituenik, edo ildo, ideia, erronka berriak proposatzen dizkigunik? Galdera horiek eginez eman zion hasiera online mintegi bati José María Guibert errektoreak azaroaren 12an. Xabier Riezu moderatzaile zela, Unibertsitateko bost pertsonak entziklikaren irakurketa egin zuten “Deusto 2022 - Mundu berri baten alde elkarlanean” plan estrategikoan aipatzen diren erakunde mailako lehentasunak kontuan izanik.


Teologiako Cristina Pena irakaslea izan zen galdera horiei erantzuna ematen lehena eta “prestakuntza eta balioak” lehenetsita aztertu zituen. Penaren iritziz, unibertsitateak, gizartea eraldatzeko eragile den aldetik, lanbideko gaitasunetatik haratagoko prestakuntzan lan egin behar du, gizakien duintasuna jorratuko duten balioetan. Deustuko Hezkuntza Ereduak egiten du hori, baina haratago joan behar duela dio eta hiru ildotan, behintzat, atera behar diola etekina: “isiltasuna eta entzutea”, “elkarrizketa-pluraltasuna” eta “balio moralak lantzea-maitasuna” ildoetan. Pena irakaslearen esanetan, erronka hauxe litzateke: “komunikazioa eta pertsonen arteko benetako harremanak lantzea, eta horrek esan nahi du elkartean sakontzea, garapenerako tresna gisa”. “Ilusioz beteko bidea” da, “bakoitzak paper bat duena, bakean dagoen mundu baten bestelako historia sortzeko”.


Ikerketako eta Transferentziako errektoreorde Rosa Santibáñezek ikerketaren eta transferentziaren ikuspegitik egin zuen entziklikaren irakurketa. Testu bat irakurtzeko ikuspegien aniztasuna azpimarratu zuen (ikuspegi erlijiosoa, katolikoa, beste sinesmen batzuk) eta ikusi zuen zelan eraikitzen diren zenbait kontzeptu kontrasteen joko batetik (ni/gu; jakintza/aitormena; zientzia/erlijioa; /mendebaldea/ekialdea). 10 paragrafo hautatu zituen (7, 8, 29, 35, 31, 47, 49, 50, 136, 204) eta haietatik 5 ideia inspiratzaile atera zituen unibertsitateko ikertzaileen zereginetarako. Ideia nagusienak hauek dira: zientzia aurrerabiderako balio gisa, ikerketa Etika senez eta erantzukizun zentzua. Egiarekin eta errealitatearekin konprometituta. Zer? Zertarako? Zelan?; ikerketa arazo arruntak eta “unibertsalak” konpontzeko; ikerketa hauskortasuna/interdependentzia aitortuta; eta eragin zientifikoa eta gizartekoa izango duen ikerketa.


Gema Tomás Zuzenbideko dekanoa izan zen hurrengoa hitz egiten eta Fratelli Tuttin lidergoaren eta gizarte konpromisoaren ikuspegia hartu zuen. Unibertsitateak izan behar duen lidergoa ez da edozein lidergo, besteentzat egina egon behar du bazkide balira bezala. Ildo horretatik, uste du entziklikak zenbait gako ematen dituela. Lehenengoa: “mundu irekia pentsatu eta eraiki”. Horrek esan nahi du gure unibertsitateak erronka bat duela: “besteentzako mundu bat eratzekoa/garatzekoa”. Bigarren ideia: “elkarrekin berriro topatzeko bideak”, jarrera dinamikoa hartzea eskatzen diguna elkarrekin eraikitzeko eta denen ongiaren alde elkarrekin lan egiteko. Hirugarren gakoa: “politika onena”. Horren arabera, denok gara ardurakide profesional berriak sortzen eta zentzuzko eraldaketan, hezkuntza erakundea garen aldetik. Lidergo konprometitua izan behar dugu, zeren eta “gure lidergoa konpromisoz egingo dugu edo ez da lidergo izango”.


Eider Landaberea idazkari nagusiak entziklikak pertsonei eta unibertsitateko elkarteari dakarkien atalean sakondu zuen. Aukera bat da, haren ustez, birpentsatu eta lan konprometituarekin berriro topatzeko. “Mundu hobea, bidezkoagoa, gizatiarragoa eta jasangarriagoa sortzeko ikasle konprometituak hezi eta prestatzen ditugu”. Haren ustez, biderik handinahiena “elkarrekin” egitea da eta egiteko bidean aurrerapausoak emateko iradokizun bat ematen du: “helduak izatea eta umekeriak gainditzea”, “desberdintasunak eta bakoitza berera joatea gainditzea”, “errespetatu ikuspegi desberdinak”, “hitz egin” eta, batez ere, “adeitasuna leheneratu”. Entzun ezik ez dagoela solasik dio: “eraldaketa handiak ez dira bulegoetan egiten, egunean-egunean baizik, eta beste batzuekin”.


Mintegiko azken ekarpena Cecilia Martínezek egin zuen, Unibertsitatearen Gizarte Erantzukizuneko zuzendariak. Fratelli Tutti entziklikak Deusturen antolaketa eta gobernu onarekin duen harremana jorratu zuen. Haren ustez, testuak gure sinesmen esperientziarekin konektatzeko eta Ebanjeliora itzultzeko gonbita egiten digu, Helburu hori lortzeko, uste du berriro pentsatu behar dela gure egitura eta dinamika, gure proiektuaren eta unibertsitateko elkartearen kristau eta ignaziotar inspirazioari eraginkortasun handiagoz eusteko. Gure kontakizuna gizartearekin harremanetan jartzea, 2030 Agendaren hizkuntzaren bidez, jorratu beharko dugun erronka bat ere badela dio. “Gure ‘egian’, Deustu nor den eta gizartean zer paper duen partekatutako uste sendoetan sakontzen dugun neurrian, gizateriaren erronken erakunde mailako proposamenak eta erantzunak eskaintzeko behar dugun arintasuna eta malgutasuna indartuko ditugu”, Martínezen ustez.