2025eko abenduak 19
Bilboko Campusa
Deustuko Unibertsitateak Deustobarometro Sozialaren 2025eko neguko emaitzak aurkeztu zituen, abenduak 19. Sei hilean behin egiten den inkesta horrek euskal gizartean kezka handiena pizten duten gaiei buruz herritarrek dituzten iritziak eta lehentasunak jasotzen ditu. Etxebizitza lortzea da aurten euskal gizartearen arazo nagusia (% 50) eta azken urtean goranzko joerari eusten dio. Herritarrek berriro jarri diete “gutxiegi” etxebizitza politikei (3,8).
Erosketa-saskiaren prezioen igoera (% 40) da euskal herritarrek duten bigarren kezka nagusiena. Osasunarekiko kezkak beheranzko joeran jarraitzen du (% 33). Osakideztarekiko balorazioak (5,4) eta konfiantzak (6,1) hobera egiten jarraitzen dute. Gainera, azken sei hilabeteetan jaitsi egin da segurtasunarekiko (% 23) eta immigrazioarekiko kezka (% 20). Herritarrek segurtasun-politikak onartzen dituzte (5) eta Ertzaintzarekiko konfiantza gorako bidean doa (5,5).
Jaiotza-tasa baxua eta AA
Euskal herritarrek honako arazo hauekin lotzen dute jaiotza-tasa baxua: lana eta familia bateragarri egiteko arazoekin (% 40), gazteen soldata baxuekin (% 40), etxebizitzaren prezioarekin (% 33) eta gazteenen lehentasunen aldaketarekin (% 26). Jaiotza-tasa eta seme-alaben hazkuntza bultzatzeko laguntza publikoak igotzearen aldeko zeharkako adostasuna dago (% 70). Gainera, herritarrik gehienek (% 69) uste dute presio sozialak eskatzen diela amei aitak baino presentzia handiagoa izatea seme-alaben hazkuntzan.
Eguneroko bizitzan adimen artifiziala erabiltzearekin lotutako emozio hedatuenak hauek dira: kezka (% 50), mesfidantza (% 48) eta interesa (% 38). % 73k ez lioke AAri aurrezkiak kudeatzen utziko, ez autoa gidatzen (% 78), ezta ebakuntza kirurgiko bat egiten ere (% 75). Euskal herritarrik gehienak (% 58) adimen artifizialeko laguntza-tresnak erabiltzen ari da. % 42k uste du produktibitatea hobetzen duela, % 72ri gustatuko litzaioke AAri buruz gehiago ikastea, eta % 87k uste du mugak jarri behar direla eta zorrotz erregulatu behar dela haren erabilera.
Franco eta Euskadiren garapena
Politikaren atalean, euskal gizartean gehienek (% 67) uste dute ultraeskuina eta “antifaxistak” direla Euskadin ultraeskuineko talde edo pertsonen manifestazio eta ekintzen inguruan sortzen den indarkeriaren arduradun. % 56ren ustez, Ertzaintza ordena publikoa behar bezala babesten eta adierazpen-askatasuna bermatzen ari da horrelako istiluetan. Azkenik, Z belaunaldiko lau gaztetatik batek uste du Franco diktadorea herritarrei ongizatea ekarri zien agintaria izan zela, eta frankismoak egonkortasun ekonomikoa ekarri zuela, Euskadiren garapenarekin konpromiso sendoa sortu zuena.
Inkesta honen 2025ko neguko edizioa eskuragarri dago webgune honetan: deusto.eus/barometrosoziala