Nerabeen ongizate emozionala eta hirietako mugikortasuna hobetzen duten bi ikerketa saritu dituzte Deustuko Unibertsitateak eta Banco Santanderrek

Ikerketa proiektu onenen sariez gain, aurten, berrikuntza gisa, Eragin Sozialaren Zigilua lortu duten proiektuei ere eman zaizkie agiriak.

Santander 2025 saria eman da

2025eko ekainak 11

Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitateak eta Banco Santanderrek Eragin Zientifiko eta Soziala duten Deustuko Unibertsitatea-Santander Ikerketa Sarien XX. edizioko sariak banatu zituzten ekainaren 11n. Deialdiak 20 urte bete ditu aurten, gizarte proiekzio handia duten ikerketa bikainak aitortzen.

Lehenengo saria “Intervenciones inteligentes para mejorar la calidad de vida y la salud en la adolescencia” (Nerabezaroan bizi-kalitatea eta osasuna hobetzeko esku-hartze adimendunak) lanak jaso du, gazteei zuzendutako esku-hartze psikologiko berritzaileak diseinatzen eta baliozkotzen zentratuak, jokabide arriskutsuak prebenitzeko eta haien osasuna eta ongizate emozionala sustatzeko. Akzesita, berriz, TANGENT proiektu europarrarentzat izan da. Adimen artifiziala, simulazioa eta datuen analisia aplikatzen ditu trafiko multimodala hobetzeko, trafiko pilaketak murrizteko eta erabakiak denbora errealean hartzea errazteko.

Santanderrek lankidetza egonkorra du Deustuko Unibertsitatearekin, Santander Universidades-en bitartez. 2004az geroztik, estu-estu lan egiten du Deustuko Unibertsitatearekin hainbat ekimen akademiko bultzatzeko eta ikasleen, irakasleen eta ikertzaileen aurrerabidean laguntzeko.

Deustuko Unibertsitateko errektore Juan Jose Etxeberriak erakundeak guztion onerako den kalitatezko ikerketarekin duen konpromisoa azpimarratu zuen. Azken bi hamarkadetako ikerketa-kulturaren bilakaera nabarmendu zuen, baita bikaintasun zientifikoa eta gizartean eragina izatea bateratu beharra ere, bidezidorrak saihestuz eta zorroztasunaren, lankidetzaren eta etikaren alde eginez. Justizia sozialak, giza duintasunak eta planetaren zaintzak gidatutako ikerketa aldarrikatu zuen. Ikertzaileen, laguntzaileen eta Banco Santanderren lana ere eskertu zuen, eta unibertsitateko elkarte osoari ezagutzaren botere eraldatzailean sinesten jarraitzeko deia egin zion. Hitzaldi osoa.

Matías Rodríguez Inciarte Santander Universidades-eko presidenteak, bere aldetik, zorionak eman zizkien sarituei “merezitako aintzatespena” jaso dutelako, eta nabarmendu zuen Banco Santanderrentzat ez dagoela hezkuntzan egiten den inbertsioa baino hoberik, eta sari horiek Espainiako unibertsitateak ikerketan duen posizio garrantzitsuaren beste adibide bat direla.

Ekitaldian Javier Arellano Ikerketa eta Nazioarteko Harremanetako errektoreordeak ere hartu zuen parte eta, Banco Santanderren aldetik, Miriam Gil egon zen, Santander Universidades-en Hitzarmen eta Mezenasgoen arloko zuzendaria.

Esku-hartze laburrak eta digitalak

Proiektu irabazleak azken urteetan garatutako ikerrildo bat finkatzen du. Informazioaren transmisioan eta abilezien trebakuntzan oinarritutako prebentziozko ikuspegi tradizionalen mugak gainditzea du helburu. Izan ere, egungo literaturaren arabera, eraginkortasun mugatua du gazteen eboluzio-etapa horretan, nerabeek kontrolatzaile gisa hautemandako esku-hartzeei aurre egiteko joera baitute, autonomiarekiko eta gizarte aintzatespenarekiko sentsibilitatea dutelako.

Erronka horren aurrean, Esther Calvete buru duen ikertaldeak “esku-hartze adimendunen” (wise interventions) aldeko apustua egin du. Ikuspegi horrek berariazko prozesu psikologikoak aldatu nahi ditu, esku-hartze psikologiko labur eta oso eraginkorren bidez. Ikerketak, Texasko Unibertsitatearekin lankidetzan garatuak, osasun mentala hobetzen duten eta online arriskuko jokabideak (ziberbullyinga, bikotearen barruko abusua, sextinga edo groominga, esaterako) prebenitzen dituzten soluzioak eskaintzen ditu, baita erresilientzia sustatu ere, biktimizazio digital mota horien eraginpean dauden gazteengan.

Diseinatutako eta baliozkotutako esku-hartzeek funtsezko ezaugarriak dituzte: laburrak dira (ordubete baino gutxiagoko saio bakarrak), autoaplikagarriak, digitalak eta eskuragarriak, eta horrek eskala handian ezartzea errazten du hezkuntza eta komunitate testuinguruetan. Izan ere, online formatuak aukera eman zuen COVID-19aren pandemian erabiltzeko. Orain arte, 3.800 nerabek baino gehiagok parte hartu dute ikerketan, eta etorkizun handiko emaitzak izan dituzte arriskuak murrizteari eta nerabeen osasun mentala hobetzeari dagokienez.

Taldea Izaskun Oruek, Liria Fernándezek, Nerea Cortazarrek, Ainara Echezarragak, Maite Larruceak eta Joana del Hoyok osatzen dute.

AA eta simulazioa, hiri mugikortasun eraginkorragorako

TANGENTek hiri-mugikortasuna eraldatu nahi du, garraio-mota guztiak —ibilgailu pribatuak, garraio publikoa eta eskariaren araberako zerbitzuak— integratuz, hiri-sareek modu koordinatuan eta seguruan funtziona dezaten. Proiektuak garraioaren digitalizazioa ere bultzatu nahi du, MaaS (Mobility-as-a-Service) bezalako plataforma digitalak eta mugikortasun partekatua integratuz, erabiltzaileek beren ibilbideak modu sinple eta errazean planifikatu eta ordaindu ahal izan ditzaten.

Gainera, biki digitalen teknologiari esker, hiriek trafikoko politikak probatu eta doitu, garraio publikoa lehenetsi eta trafiko pilaketaren aurkako neurriak ezarri ahal izango dituzte, kalean aplikatu aurretik. Proiektua Manchesterren, Lisboan, Rennesen eta Atenasen baliozkotu da eta frogatu da posible dela istripuak % 5, isuriak % 10 eta pilaketak % 20 arte murriztea. Hori lortzeko, lanak ezagutza teknikoa eta hainbat sektoretako 100 aditu baino gehiagoren lankidetza uztartu ditu.

Ikertaldeko kideak hauek dira: Antonio David Masegosa, Leire Serrano, Arka Ghosh, Gabriel Duflo, Erick Rodríguez, Samra Sarwar, Itziar Salaberria, Asier Moreno, Xabi Cantero eta Jenny Fajardo.

Gizarte eragineko zigilua duten proiektuak

Ikerketa proiektu onenen sariez gain, aurten, berrikuntza gisa, Eragin Sozialaren Zigilua lortu duten proiektuei ere eman zaizkie agiriak. Bereizgarri horrek gizarte, kultura, hezkuntza edo politika esparruetako eragina ikusarazten du, ohiko adierazleetatik harago. Eragina garrantzitsua delako, planifikatu daitekeelako eta ospatzea merezi duelako. Aintzatetsitako proiektuak honako hauek izan ziren:

- IMPROVE. Improving Access to Services for Victims of Domestic Violence by Accelerating Change in Frontline Responder Organisations. Ikertzaile nagusia: Ainhoa Izaguirre.
- MPCTED. Materias primas críticas para la transición energética y la digitalización. Ikertzaile nagusia: Macarena Larrea Basterra.
- Cyber-Resistance. Ante la tercera brecha digital de género y ciberviolencias en la infancia: coeducación, oportunidades y resistencias. Ikertzaile nagusia: Estibaliz Linares.
- TANGENT. Enhanced data processing techniques for dynamic management of multimodal traffic. Ikertzaile nagusia: Antonio David Masegosa.
- V2G-QUESTS.Vehicle to Grid for Equitable Zero-Emission Transitions in positive energy districts. Ikertzaile nagusia: Cruz Enrique Borges.
- Turismoa & CC. Turismo y Cambio Climático (TURLAB). Ikertzaile nagusia: Marina Abad.
- ECOPYMES. Promoviendo la eco-innovación en las PYMES industriales gipuzkoanas: una mirada desde la innovación organizativa. Investigador principal: Henar Alcalde Heras
- SE_PEFS. Divorcio conflictivo y socialización emocional: impacto en la sintomatología de los hijos/as a través de la insensibilidad y la inseguridad emocional. Ikertzaile nagusia: Ana Martínez Pampliega.
- AHEAD. Accessible Heritage Experience for Audience Development. Ikertzaile nagusia: Macarena Cuenca.
- SmartLiving EPC: Advanced Energy Performance Assessment towards Smart Living in Building and District Level. Ikertzaile nagusia: Aitziber Mugarra.
- DECIPHER: Decision-making framework and processes for holistic evaluation of environmental and climate policies. Ikertzaile nagusia: Aitziber Mugarra

Argazkien artxiboa