2024ko urtarrilak 25
Bilboko Campusa
Ada Byron sariaren azken bi irabazleak hizlari direla, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak emakume teknologoentzako Ada Byron sariaren XI. edizioa aurkeztu zuen. Sari hori estatuko erreferente bihurtu da, eta zientziaren, teknologiaren eta ingeniaritzaren arloetan emakumeek egiten duten lana erakusten du. Aldi berean, emakumeen artean I+G arloko bokazioak sustatzea du helburu. Bi kategorietarako (orokorra eta 35 urtetik beherakoa) hautagaitzak aurkezteko epea apirilaren 26an amaitzen da.
Ekitaldian parte hartu zuen Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta honako hau adierazi zuen: "Paradigma aldaketa bultzatu behar dugu zientziaren eta teknologiaren arloan, berdintasunerako eta berrikuntzarako aukera eremu bihur dadin: helburua berdintasuna modu sistemikoan txertatzea da, zientziaren eta teknologiaren munduaren ikuskera oraindik ere androzentrikoa gaindituz".
Ondoren, Sara García Alonso astronauta (2023ko Ada Byron Gaztea saria) mintzatu zen eta María José Escalona softwarearen ingeniaritzan adituak ere (2023ko Ada Byron saria) hartu zuen parte, streaming bidez. María José Escalonak bere hitzaldian adierazi zuenez, teknologiarik gabe oso zaila da aurrera egitea gizarteak dituen erronketan eta Garapen Jasangarriko 17 helburuak lortzeko bidean. Erronka horietan funtsezkoa da arlo guztietako profesionalen eta teknologoen arteko lankidetza.
Ildo horretan, Sara Garcíak adierazi zuen teknologia dela mundua espazio hobea izatea ahalbidetzen duten pieza guztiak lotuta mantentzen dituen "itsasgarria". Haren ustez, ezagutzan aurrera egin behar da, garapen teknologikoak aplikatuz, besteen eta gizartearen bizitza hobetzeko helburuarekin, eta helburu hori egunerokotasunaren parte da duela milaka urtetik hona. Ondoren, Amaia Mendez Deustuko irakasle eta ikerlariak moderatutako eztabaida batean, teknologoek adierazi zuten adimen artifizialak ez gaituela ordezkatzen: "Tresna osagarria da, garrantzitsuena da pentsamendu kritikoa eta hausnarketa, eta pazientzia lantzea," gauzek beren denbora behar dutelako”.
Pertsonak adimen artifizialaren atzean
Deustuko Unibertsitateko errektore Juan José Etxeberriaren iritziz, sarituak "ezagutza, argia, errealitatea eta, aldi berean, ilusio eta bultzada" eredu eta bultzada dira, eta "ikasleentzat ez ezik, baita bizitza profesionalean urte asko daramatzagunentzat ere, arlo guztietan balio positiboak transmititzen dituzuelako". Adierazi duenez, Unibertsitateak bat egiten du balio horiekin, eta Ada Byron Sariaren deialdiaren oinarri dira. Sari horren bidez, Deustuk bere aletxoa jarri nahi du, "gutxien entzuten direnen, gutxien ikusten direnen eta zuek zareten" lanaren bozgorailu izateko.
Haren iritziz, sari horiek balio behar dute, halaber, ez ahazteko adimen artifiziala gure bizitzetara iritsi dela geratzeko, eta haren atzean pertsonak daudela, datuak sartzen dituzten pertsonak, adimen artifizial horri mundua nolakoa den eta etorkizunean nolakoa izatea nahi dugun esaten dioten pertsonak, eta pertsona horiek behar bezala prestatu behar direla, ezagutzaren, justiziaren, berdintasunaren eta egiaren inguruko balioekin. Horri dagokionez, galdetu du ea nahi dugun soilik gizonak izatea makina horiek elikatzea. Argi dauka ezetz, eta hortik dator, Ingeniaritza Fakultatetik, profesionalak prestatzearen aldeko apustua, baina batez ere pertsonak –gizonak eta emakumeak– letra larriz, adimen artifizialak barne hartzea nahi dugun aurrerapenean laguntzeko. Errektorearen hitzaldi osoa.
Jardunaldiak Innolab Bilbaoren babesa izan zuen eta Asier Perallos Ingeniaritza Fakultateko dekanoak eta Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatuak ere hitz egin zuten, besteak beste.
Ada Byron saria
Hamaikagarren edizio honetatik aurrera, eta hausnarketa estrategiko baten ondoren, batzorde zientifiko teknologikoak aldaketak egin ditu hautagaien balorazioan, enpresa munduan duten ibilbide profesionalari garrantzi handiagoa emateko. Ildo horretan, erantzukizuneko lanpostuak eta zereginak eta enpresaren munduan egin dituzten ekarpenak ebaluazio irizpide gisa sartzen dira, azken balorazioa orekatuago egon dadin profil akademiko ikertzaileak izan duen puntuazioarekin.
Saria Bizkaiko Foru Aldundiak, Emakundek, Danobatgroupek eta Innobasquek eta Innolabek babesten dute. Espainiako edizioaz gain, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak beste bost sari ditu Amerikako bost herrialdetan: Mexikon, Argentinan, Uruguain, Kolonbian eta Txilen; eta Brasilera zabaltzea aztertzen ari dira.