2026ko irailak 28
Bilbao
Deustuko Unibertsitateko Bilboko campuseko Paraninfoak Rigoberta Menchú Tum guatemalar ekintzaile indigenaren eta 1992ko Bakearen Nobel saridunaren hitzaldia hartu zuen irailaren 28an, Fair Saturday Fundazioak bultzatutako BBK Bilbao Kultura Social Forumaren irekiera zela eta. «Resistir, perdonar, reconstruir» («Eutsi, barkatu, berreraiki«) izenburupean, bakeari, memoria historikoari, justiziari, Lurraren zaintzari eta belaunaldi berriek etorkizun bidezkoagoa eraikitzeko duten erantzukizunari buruzko hausnarketa partekatu zuen Menchúk.
Topaketan Macarena Cuenca Deusto Business Schooleko dekanoak eta Jordi Albareda Fair Saturdayko sortzaile eta CEOak parte hartu zuten, eta eta Deusto Business Agora 2026-27rako jardueren hasiera izan zen, lidergo humanista sustatzeko eta egungo munduaren erronkei heltzeko Fundación Vizcaína Aguirrek bultzatutako eztabaida eta hausnarketa foroa.
Gainezka zegoen Paraninfoaren aurrean, «Kaixo» batekin hasi zuen bere hitzaldia Menchúk, eta eskerrak eman zizkien antolatzaileei eta Deustuko Unibertsitateari beren hausnarketak unibertsitateko komunitatearekin partekatzeko aukera emateagatik.
Erronka globalei aurre egiteko «funtsezko agenda»
Maien kosmobisioak eta existentziaren dimentsio espiritual, sozial eta materialaren arteko orekari buruzko ikusmoldeak leku garrantzitsua izan zuten hitzaldian. Menchúk maien egutegiaren eta Toh sinboloari lotutako egunaren esanahia azaldu zuen, su sakratuari eta Ama Lurra eta Sortzailea entzuteari lotuta.
Ikuspegi horretatik, aberastasunaren zentzuari buruz hausnartzeko gonbidapena egin zuen eta zalantzan jarri zuen metaketa materiala giza beharren gainetik egotea. Bereziki, baliabide ekonomikoak gerrara eta armamentura bideratzea kritikatu zuen, pobreziak, goseak eta desberdintasunek bere horretan irauten duten bitartean.
Alternatiba gisa, naturarekiko errespetua, bizikidetza baketsua eta giza duintasuna erdigunean jarriko dituen «funtsezko agenda bat» antolatu beharra defendatu zuen. Klima aldaketak komunitate ahulenentzat dituen ondorioez ere ohartarazi zuen, elikadura subiranotasunaren garrantzia nabarmendu zuen, eta herriek beren elikagaiak ekoizteko eta oinarrizko beharrak bermatzeko duten gaitasuna aldarrikatu zuen.
Bere planteamenduak lehentasun kolektiboak berraztertzera eta baliabideak eta ezagutza pertsonen ongizatera eta bizitzaren babesera bideratzera gonbidatu zuen.
Memoria historikoa, justizia eta adiskidetzea
Giza eskubideen defentsan egindako ibilbidetik abiatuta, Menchúk egia historikoa berreraikitzeko eta Guatemalako gatazka armatuan egindako urraketak justiziaren aurrera eramateko zailtasunei heldu zien. Bere familiak jasandako indarkeria eta bere bizitza markatu zuten galerak gogoratu zituen, biktimen memoria zaintzearen garrantzia azpimarratzeko.
Nobel saridunak justizia eta duintasuna bilatzeko prozesu judizialen balioa defendatu zuen, eta legeak eskubideak babesteko eta bidegabekeriei aurre egiteko aplikatu behar direla nabarmendu zuen.
Barkamenari eta adiskidetzeari buruz hausnartzean, azpimarratu zuen kaltea eragin dutenek aldez aurretik aitortu behar dutela beren erantzukizuna. Ikuspegi horretatik, bakea ezin da gerrarik ez egotera mugatu; aitzitik, biktimen errekonozimendua, memoriarekiko errespetua eta nortasun indibidual eta kolektiboen duintasuna jaso behar ditu.
Menchúk oinazea aldatzeko gonbita ere egin zuen, gertatutakoa ukatu gabe, gorrotoak eta erresuminak aurrera egitea eragotzi ez dezaten. Bizitakoa gogoratzea, entzutea eta aitortzea, bere planteamenduan, bizikidetza bidezkoago baterako bidearen parte dira.
«Gazteak dira gure belaunaldi erreleboa»
Gazteen zeregina izan zen esku-hartzearen ardatz nagusietako bat. Deustuko Unibertsitateko ikasleei bereziki zuzenduta, Menchúk belaunaldi berriek gizarte eraldaketaren eta giza eskubideen defentsaren jarraipenean duten erantzukizuna aldarrikatu zuen.
Nobel saridunak prestakuntza teknikotik eta espezializazio profesionaletik harago joatera animatu zituen ikasleak, eta giza dimentsioa jarri zuen beren garapen pertsonal eta akademikoaren erdigunean: «Gazteak lagun izango dira diziplinartekoak edo diziplina anitzekoak izanik, baina, batez ere, gizaki badira. Haiek dira gure belaunaldi erreleboa eta haiek mantendu behar dute bizirik fedea, zeren eta gizakiak kontzientzia duen bitartean, dena da posible».
Mezu horrekin, beren ekimenak garatzera, beren ideiak defendatzera eta unibertsitatean eskuratzen dituzten ezagutzak gizartearen zerbitzura dauden ekintza zehatz bihurtzera gonbidatu zituen gazteak. Entzuteko, modu eraikitzailean komunikatzearen, hitz egin eta barkamena eskatzen jakitearen garrantzia ere nabarmendu zuen.
Menchúren ustez, gizarte aldaketa ez dago soilik erakundeen esku: pertsona bakoitzaren eguneroko konpromisoa eskatzen du. Adierazi zuenez, gazteek aukera eta ardura dute etorkizuna beren erabakietatik eta ingurune hurbiletik eraikitzen laguntzeko.
Frustrazioari aurre egiten eta zailtasunak eraldatzen ikasi
Konpromiso pertsonalari buruzko hausnarketan, Menchuk frustrazioari eta oztopoei aurre egiteko moduari ere eskaini zion tartea. Gazteak animatu zituen zailtasunen aurrean geldirik ez geratzeko, baizik eta zailtasun horiek aitortzeko eta helburu berriak planteatzeko aukera bihurtzeko.
Komunikazioa, ideien eta ekintzen arteko koherentzia eta beste pertsona batzuekin lan egiteko gaitasuna izan ziren aldaketa iraunkorrak bultzatzeko tresna gisa nabarmendu zituen puntuetako batzuk.
Bere mezuak, horrela, belaunaldien arteko erantzukizun partekatua eskatu zuen: balioak ereduaren bidez transmititzea eta, eguneroko bizitzatik, gizarte kontzienteago eta konprometituagoari laguntzea.
Minaren ondorengo berreraikuntza pertsonala
Hitzaldiaren tarterik intimoenean, Rigoberta Menchúk indarkeriarekin, galerarekin eta haren berreraikitze emozionalarekin lotutako esperientzia pertsonalak partekatu zituen.
Gaztaroan bizitako esperientziek hasiera batean familia bat osatzeko erabakia nola baldintzatu zuten azaldu zuen. Ondoren, Angel senarrarekin elkartu, etapa berri bat ireki eta bere familia ingurunea berreraiki ahal izan zuen.
Bere seme-alabetako baten galera eta esperientzia horri lotutako mina ere gogoratu zituen. Bere familiari buruz hitz egitean, lotura afektiboen berreraikuntza ibilbide pertsonalaren funtsezko zati bat izan dela erakutsi zuen.
Haren testigantzak esperientzia indibiduala hitzaldiaren mezurik zabalenarekin lotu zuen: mina aitortzeak eta memoria gordetzeak ez du eragozten bizitza berriro eraikitzea, itxaropena berreskuratzea eta aurrera jarraitzeko ildo berriak aurkitzea.
Eutsi, barkatu eta berreraiki: etorkizuna eraldatzeko gonbita
Hitzaldia amaitzeko, gizakiak zailtasunak gainditzeko eta mundu hobea lortzen laguntzeko duen gaitasunari buruzko hausnarketa egin zen. Esku-hartzeari izenburua ematen zioten hiru aditzek —eutsi, barkatu eta berreraiki— topaketan jorratutako gai nagusiak laburbildu zituzten: memoria, justizia, adiskidetzea, planeta zaintzea eta belaunaldi berrien konpromisoa.
Deustuko Unibertsitatean egindako hitzaldiarekin, Rigoberta Menchúk kontzientzia bizirik mantentzeko, erantzukizun indibidual eta kolektiboa norbere gain hartzeko eta ezagutza giza duintasunaren zerbitzura jartzeko gonbidapena helarazi zion unibertsitateko elkarteari.
Mezu hori bereziki gazteei zuzendu zien, txanda hartzera eta orainetik gizarte bidezkoagoa eta bakea eta bizitzarekiko errespetua erdigunean izango dituen etorkizuna eraikitzen laguntzera deituak baitaude.
