2022ko azaroak 04
Entzungela
Deustuko Unibertsitateak FEAP Psikoterapiako Biltzar Nazionalaren IV. edizioa hartu du azaroaren 3an, 4an eta 5ean. Kongresu horren goiburua hauxe izan da: “Psikoterapiaren etorkizuna, Etorkizuneko psikoterapia”. Bilbo psikoterapiarekin sentsibilizatuta dauden erakundeen (federazio, elkargo ofizial, unibertsitate eta bestelakoen) arteko topagune bihurtu dute. Bilera horren helburua lanbidearen inguruko kezka nagusiak partekatzea eta etorkizuneko helburuak elkarrekin eraikitzea izan da.
Inaugurazio ofiziala azaroaren 4an izan zen, eta ekitaldian partaide izan ziren pertsona hauek: Elena Auzmendi, Deustuko Unibertsitateko Ikasketen Antolamenduko, Irakaskuntzaren Berrikuntzako eta Kalitateko errektoreordea; Teresa Laespada, Bizkaiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuna sustatzeko foru diputatua; José Antonio de la Rica, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Arreta Soziosanitarioko zuzendaria; Iñigo Ochoa de Alda, FEAPeko (Psikoterapeuten Elkarteen Espainiako Federazioa) presidentea; eta Deustuko irakasle Ana Martínez Pampliega.
Ondoren, hasiera hitzaldia izan zen: “El futuro de la Psicoterapia, la Psicoterapia del futuro. Interpelaciones y desafíos” eskaini zuen Elizabeth Palacios Madrilgo Psikoanalisten Elkartekoak (IPAko kidea), IPAko Familia eta Bikoteen Batzordekoak, eta AAPIPNA (Haur eta Nerabeen Ikerketa Psikikoko Aragoiko Elkartea) elkarteko kide sortzaileak. Jarraian, psikoterapiaren aniztasuna erakusten duten 400 pertsona eta 70 gonbidatu baino gehiago bildu zituen biltzarraren jarduerak hasi ziren.
Topaketa honen helburua izan da giza sufrimendua behatzeko, entzuteko, ulertzeko eta horretan esku hartzeko moduen artean entzute aktiboa bultzatzea, eta kontzientzia handiagoa eragitea haren funtzioak zedarritzeari buruz, psikoterapeutaren prestakuntza zorrotz eta kalitatezkoaren erantzukizunari buruz, eta zeregin horretan ardura duten estamentuekin parte hartze aktiboa izateari buruz.
Horrela, “Entzutearen Mahaia” eta “Formazioaren etorkizunari buruzko Mahaia” antolatu ziren, baita osoko hitzaldi batzuk, 34 komunikazio, posterrentzako gune bat eta FEAP Sariaren banaketa ere. FEAPeko psikoterapien atalei ere eman zaie ahotsa (haur eta nerabe, taldeko, humanista, familia eta bikote, psikoanalitiko, gorputzeko eta emozional eta integratzaileei), hausnarketarako lantegi edo lan-mahaien moduko espazio praktikoen bidez.
Iñigo Ochoa de Alda Martínez FEAPeko presidentearen hitzetan, psikoterapiak etorkizuna izango du soilik erakunde guztien artean etengabeko bilakaeran dagoen eta erronka handiak dituen gizarteari erantzun eraginkor, askotariko, konplexu eta plurala emateko gai badira. Horretarako, arazo psikologikoei eta terapia egiteko modalitateei lotutako erronka sozial berrietara egokitzeko eta malgutzeko gaitasuna behar da.
Kontsultatu programa
Informazio gehiago
25 urte leku propioaren bila
FEAP (Psikoterapeuten Elkarteen Espainiako Federazioa) 1992an sortu zen, psikoterapiaren arlo akademiko eta klinikoko adituek egindako lanaren ondorioz. Federazioak orientazio teoriko-kliniko desberdinetako 52 elkarte zientifiko profesional biltzen ditu, 7 ataletan antolatuta: gorputza eta emozioak, humanista, familia eta bikotekidea, taldeak, haurrak eta nerabeak, psikoanalitikoa eta integratzailea.
Segurtasuna, zorroztasuna eta seriotasun zientifikoa eta profesionala eskaintzen ditu, eta psikoterapiaren praktika berme guztiekin eskaintzea du helburu, eskakizun maila handiarekin ezartzen baititu psikoterapeuten prestakuntza teoriko eta praktikoaren gutxieneko baldintzak.
Gaur egun, 2202 psikoterapeuta eta 66 irakaskuntza programa daude egiaztatuta, eta etengabe ari da hazten. Estatu mailako profesionalen elkargoekin, mediku eta psikologoen elkargoekin batera, psikoterapia arautuko duen lege proposamena prestatzen lagundu nahi du.