2026ko irailak 08
Bilbao
Psikosia bezalako nahasmendu mental larriekin bizi diren pertsonek zailtasunak izaten dituzte beren osasun mentala ulertzeko. Pairatzen den egoera, tratamendu bat jarraitu beharra eta diagnostikoaren inplikazio sozialak aitortzeko gaitasun horri ‘gaixotasunaren kontzientzia’ edo insight klinikoa esaten zaio. Kontzientzia hori ez izatea edo mugatua izatea tratamendua uztearekin lotzen da maiz, berriro gaixotzeko eta ospitaleratze errepikatuak izateko arrisku handiagoa dagoelako.
Batez ere diagnostikoan eta medikazioan oinarritutako eredu mediko tradizionalaren aurrean, Deustuko Unibertsitateko eDucaR taldeko ikertzaileek gidatutako “Fostering Insight Among Individuals With Psychosis Through Dialogic Reading” ikerketak ikuspegi berritzailea eta humanizatzailea ematen du.
Lan hau eredu dialogiko batean oinarritzen da. Eredu horrek aukera ematen die parte-hartzaileei beren ahotsak artikulatzeko, beren bizipenei buruz hausnartzeko eta esanahi partekatu bat eraikitzeko, errespetu eta berdintasun sakoneko giroan. Espazio hori irakurketa dialogikoaren bidez egiten da, eta bertan Franz Kafkaren Metamorfosia eztabaidatu da, elkarrizketaren katalizatzaile gisa jardunez. Ikerketak erakusten du metodologia horrek alternatiba ez-estigmatizatzaile bat eskaintzen duela, psikosia duten pertsonei insight handiagoa garatzen eta beren esperientziak beren buruaren kontroletik eta elkarrekiko errespetutik ulertzen laguntzen diela.
Psychiatric Rehabilitation Journal aldizkari zientifikoan argitaratu dute lana, eta Ameriketako Psikologia Elkartearen (APA) Editor 's Choice saria jaso du osasun mentalaren arloan duen garrantziagatik eta inpaktuagatik.
23 paziente, 54 saio
Azterketak 23 pertsona (17 gizonezko eta 6 emakumezko) bildu zituen Espainia iparraldeko ospitale batean egonaldi luzeko errehabilitazio psikiatrikoko unitateetan. Guztiek zituzten psikosiaren espektroko diagnostikoak (hala nola eskizofrenia edo nahasmendu eskizoafektiboa), eta horietako 17k, gainera, patologia duala zuten, nahasmendu mentala eta adikzioen historia luzea batera (drogak, alkohola edo ludopatia).
Bost hilabetez, hiru taldetan banatuta, astero 45 minutu inguruko saio batean parte hartu zuten, Franz Kafkaren Metamorfosiaren irakurketa ardatz hartuta. Aukeratutako obra pazienteekin beraiekin adostu zen, eraldaketari, isolamendu sozialari, gorputzaren pertzepzioaren nahasmenduari eta identitatearen galerari buruzko karga metaforiko handia duen testua delako.
Gaixotasunari eta substantzien kontsumoari buruzko hausnarketa
Ikerketaren emaitzek erakusten dutenez, gune seguru horrek gaixotasunaren kontzientzia handiagoa garatzeko aukera eman zien pazienteei. Kafkaren pertsonaiari buruz hitz egitean, bere lehen agerraldi psikotikoen, isolamendu uneen edo blokeo emozionalaren esperientzia traumatikoak hitzez adierazi ahal izan zituzten lehen aldiz, eta, hala, beren benetako nortasunaren “etiketa medikoari” buruz hausnartu.
Era berean, irakurketa dialogikoak gaixotasunaren ondorio sozialei heltzen lagundu zien. Parte hartzaileek gizartean pairatzen duten estigmari buruz hausnartu zuten, eta damu sakona adierazi zuten beren familiei eragindako minagatik, eta, aldi berean, profesionalei laguntzen uztearen garrantzia aitortu zuten.
Azterlanaren ekarpen garrantzitsuenetako bat adikzio-jokabideekin lotutako pentsamenduak agertzea izan zen. Hainbat pertsonak identifikatu zuten drogak edo alkohola kontsumitzea bakardadeari edo tristurari aurre egiteko ahalegin desesperatu bat izan zela hasieran. Era berean, jokoarekiko adikzioari buruzko hausnarketek erakutsi zuten erruak eta “autosuntsiketak” jokabide konpultsiboa elikatzen zutela. Taldeak aukera eman zuen abiarazleak identifikatzeko eta gizartearen babesa berrerortzeen aurkako ezkutu gisa baloratzeko.
Prozesuaren protagonistak
Parte-hartzaileek oso balorazio positiboa egin zuten, eta irakurketa dialogikoa "burmuinerako terapia" gisa deskribatu zuten. Lasaitasun giroa nabarmendu zuten, antsietaterik gabe adierazteko aukera ematen baitzien, entzute aktiboa eta taldeko gainerakoekiko identifikazio enpatikoa. Era berean, beren buruaren kontrola berreskuratu izana azpimarratu zuten, saio horietan beren prozesuaren “protagonistak” sentitu zirela, beste ingurune terapeutiko konbentzionalago batzuetan izandako esperientzietan ez bezala.
Laburbilduz, ikerketak erakusten du errehabilitazio psikiatrikoko prozesuetan ingurune dialogikoa txertatzeak espazio ez-estigmatizatzaile, seguru eta eraginkorra eskaintzen duela nahasmendu mental larriak dituzten pertsonei ahotsa, beren buruaren kontrola eta autokontzientzia itzultzeko.
Argazkia: cottonbro studio, Pexels-en.