2023ko maiatzak 24
Donostiako Campusa
Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusak Udako Campusaren lehen edizioa antolatu du datorren ekainaren 26tik 30era. Campusak DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako ikasleei lagundu nahi die, beren etorkizun akademiko, pertsonal eta profesionalari buruz egingo dituzten hausnarketetan. Udako Campusak Deustuko Unibertsitateak bere gradu, gradu bikoitz eta titulu propioetan lantzen dituen jakintza arloen atzean dauden eduki eta esperientzia inspiratzaileenak zuzenean ikasi eta bizitzeko aukera emango die parte hartzaileei, esperimentazioa eta ikaskuntza uztartzen dituen jarduera programa baten bidez. Xabier Riezu Donostiako campuseko errektoreordeak hauxe adierazi du: "Udako campusak oraindik zer ikasi nahi duten ez dakitenei lagunduko die, hainbat jakintza arlotako pilula txiki bat eskainiz. Eta graduren bat begiz jota dutenei ere lagunduko die, ikasketa horiei buruz duten irudia alderatzeko aukera emanez. Gainera, beste pertsona batzuekin ondo pasatzeko eta Unibertsitatearekin lehen harremana izateko aukera izango da".
Zehazki, fakultateek jarduera eskaintza zabala diseinatu dute 2023ko edizio honetan parte hartu nahi duten ikasleentzat. Ingeniaritza Fakultateak, esate baterako, adimen artifizialera hurbiltzeko eta ChatGPT eta antzeko tresnak erabiltzeko aukera emango die, teknologiaren arloko azken aurrerapenen bila. Deusto Business Schoolek proposatutako jardueran, errealitatea aztertuko da, ideia berritzaileak proposatu, estrategiak diseinatu eta aldaketa momentuei aurre egiteko taldeak gidatu. Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateak klima aldaketaren erronka landuko du, hainbat ikuspegitatik: komunikazioa (egia vs. fake), nazioarteko harremanak (Nazio Batuen Erakundea, nazioarteko gatazkak, migrazioak...), gizarte lana (garapen jasangarrirako estrategiak, zaurgarritasun berriak...). Zuzenbide Fakultatetik Trivial eta ginkana formatuko esperientzia bat prestatu du, parte hartzaileak zuzenbidearen mundua hurbiltzeko, jolastuz eta lehiatuz, legeak nonahi daudela agerian jartzeko. Hezkuntza eta Kirol Fakultatearen eskaintzaren protagonistak lankidetza jokoak (taldekako lehiaketa barne) eta irakas-ikaskuntza dinamikak izango dira. Azkenik, Osasun Zientzien Fakultateak gure ospitale birtualean eta anatomia laborategian murgiltze esperientzia bat proposatzen du; parte hartzaileek osasun profesionalek beren egunerokoan bizi dituzten egoera berberak ezagutuko dituzte.
Udako Campusaren lehen edizio honetan izena emateko formularioa ekainaren 9ra arte egongo da zabalik. Tokiak mugatuak dira eta izena emateko hurrenkeran esleituko dira. Izena ematerakoan, parte hartzaileek 50 € ordaindu beharko dituzte. Zenbateko horren barruan daude 5 egunetako goizeko jarduerak, Udako Campusaren kamiseta eta egun bakoitzeko bazkaria, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko kafetegian.