2025eko azaroak 17
Donostiako Campusa
Peter Malliaras, Fisioterapian doktorea eta tendinopatietan munduko erreferentea, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean izango da, azaroaren 17an eta 18an. Bertan, Fisioterapiako graduko bigarren mailako ikasleei eskolak emango dizkie, tendoietako lesioen inguruan. Alde batetik, tendinopatiak aztertuko ditu, mina, hantura eta funtzioa narriatzea eragiten duten tendoiaren nahasmenduak, Fisioterapia espezialitate klinikoetan I (FEC) irakasgaian; eta, bestetik, tendoien hausturak landuko ditu, Afekzio medikoak eta kirurgikoak eta haien tratamendua I (AFEC) irakasgaian. Asteartean, hilak 18, Fisioterapiako graduko irakasleekin elkartuko da, Australiako Monash University unibertsitatean bere ikerketa taldea nola sortu zuen azaltzeko. Asteazken arratsaldean, bi ordu eta erdiko saioa emango du AMMMA klinikan, Igor Sancho ikertzaile eta irakaslearekin batera. Sancho Fisioterapiako eta Fisioterapia eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduetako irakaslea da Deustuko Unibertsitatean, eta Queen Mary University of London unibertsitatean eskuratu zuen doktoregoa, korrikalari amateurretan Akilesen tendinopatia tratatzeko emaitzak hobetzeko estrategiak identifikatzeko tesiarekin, Malliaras doktorearen beraren zuzendaritzapean. Malliaras doktorearen egonaldia baliatuko dute bi ikertzaileek elkarrekin lantzen ari diren proiektuen inguruan hitz egiteko eta etorkizuneko lana planifikatzeko.
Peter Malliaras Fisioterapian doktorea da, eta tendinopatien arloko ikertzaile eta kliniko errespetatua. Nagusiki Erresuma Batuan eta Australian aritu da ikerketa proiektuetan, eta tendinopatien inguruko 55 argitalpen baino gehiago ditu, beste egile batzuekin elkarlanean. Klinika lanean aritzen da nagusiki, batez ere tendinopatia konplikatuetan, eta astean tendinopatia duten 30-40 paziente inguru tratatzen ditu, horien artean, eliteko kirolariak. Malliaras irakasleak 15 urte baino gehiago daramatza tendinopatiari buruz ikertzen. Besteak beste, tendoiak kargaren aurrean erantzuteko mekanismoak eta egokitzapenak ulertzeko azterketak; ariketa eta tendinopatiarako beste tratamendu batzuk ebaluatzeko saiakuntza klinikoak; eta ikerketa praktika klinikoarekin lotzen duten iruzkinak eta berrikuste narratiboak egin ditu.