Pazienteen Erakundeen Plataformaren X. Biltzarrak digitalizazioaren, datuen, adimen artifizialaren eta osasun teknologien ebaluazioaren inpaktua jorratu du Deustuko Unibertsitatean

Biltzarra

2026ko urriak 02

Bilbao

Joan den urriaren 1ean, Pazienteen Erakundeen Plataformak X. Biltzarra egin zuen Deustuko Unibertsitatean, «Etorkizuneko osasuna eraikitzen: berrikuntza, datuak eta pazienteak» lelopean. Zenbait gai jorratu zituen jardunaldiak, osasun-sistema nola ari den aldatzen eta pertsonen benetako beharrei nola erantzun behar zaien aztertzeko: digitalizazioa, osasuneko datuen erabilera, adimen artifiziala (AA), osasun teknologien ebaluazioa eta pazienteen parte hartzea landu ziren, besteak beste. Programak sei eztabaida-mahai, inaugurazioko hitzaldi bat eta hainbat proiektu eta kasu praktiko izan zituen, eraldaketa horiek pazienteengana nola iristen ari diren jakiteko.

Nuria Ortiz Osasun Zientzien Fakultateko dekanoak parte hartu zuen kongresu horren inaugurazioan. Carina Escobar Pazienteen Erakundeen Plataformako presidentearen arabera, osasun-sistemak eraldaketa sakoneko testuinguruan daude une honetan. Eta, bere ustez, garrantzitsua da aurrerapen teknologikoek pertsonengan duten eraginean fokua jartzea, “datu bakoitzaren atzean pertsona bat dagoelako”, eta eraldaketa horiek guztiek pazienteen eta senideen behar zehatzei erantzun behar dietelako. “Berrikuntza egiazkoa izango da pertsonengana iristen bada eta haien bizi kalitatea hobetzen bada”, azpimarratu zuen.

Haren ustez, pazienteen parte-hartzea ezin da soilik gertatu erabakiak hartuta daudenean; horregatik, parte-hartze goiztiar, egituratu, egonkor eta eragiteko benetako gaitasunerantz aurrera egin behar da, bai osasun-teknologien ebaluazioan, bai tresna digitalen diseinuan eta osasun-politiken definizioan.

Nuria Ortiz dekanoak, berriz, defendatu zuen ezagutzak eta berrikuntzak pertsonen ongizatea izan behar dutela beti azken helburu. Hala, azpimarratu zuen prestakuntza eta ikerketa ezin direla errealitate sozialetik kanpo garatu, eta nabarmendu zuen elkarte mugimenduak ematen diola balioa, gaixotasunaren zuzeneko bizipenetik eratorritako esperientziaren eta ezagutzaren bidez. “Etorkizuneko osasuna guztion artean eraikitzen dugu”, adierazi zuen, eta pazienteen, profesionalen, ikertzaileen, erakundeen eta beste osasun-eragile batzuen arteko elkarrizketarako eta lankidetzarako espazioak sortzearen garrantzia azpimarratu zuen.

Inaugurazioan Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek ere parte hartu zuen, eta, Kongresuaren helburuen ildotik, Osasunaren Euskal Ituna jarri zuen adibide gisa. Itun hori entzute, elkarrizketa eta eraikuntza kolektiboko prozesu gisa sortu da, eta pazienteen erakundeek osasun sistemaren etorkizunari buruzko hausnarketan parte hartu dute. Haren hitzetan, Osasunaren Euskal Itunean jasotako estrategia eta jarduera ildoen % 90 inguru prozesu horretan adostu ziren. Eusko Jaurlaritzako sailburuak adierazi zuen, halaber, hurrengo erronka lortutako akordioak jarduera zehatz bihurtzea dela. Horien artean, pazienteen erakundeek parte hartzeko euskal legea aipatu zuen.

Azkenik, Mónica García Osasun ministroak hitz egin zuen bideoko mezu batean, eta defendatu zuen etorkizun sanitarioa gaixotasuna lehen pertsonan ezagutzen dutenekin eraiki behar dela.

Inaugurazioaren ondoren, Noemí Cívicosek, Osasun Ministerioko Osasun Sistema Nazionalerako Osasun Digitalaren eta Informazio Sistemen zuzendari nagusiak, inaugurazio hitzaldia eman zuen, “La Estrategia de Salud Digital del SNS: oportunidades para pacientes y sistema sanitario” izenekoa. Bertan, medikuntza prebentibo baterantz aurrera egitea defendatu zuen, baina ohartarazi zuen errespetatu egin behar dela pertsonek beren osasunari buruzko informazio jakin bat ez ezagutzeko duten eskubidea. “Tresna digitalak tresnak dira, ez dute osasun laguntzaren zentro bihurtu beharrik”, azpimarratu zuen. Irtenbide horiek asistentzia-prozesuak sinplifikatzen lagundu dezaketela ere adierazi zuen.

Ondoren, digitalizazioak osasun arreta nola eraldatu duen erakutsi zen, sendagaiei buruzko informaziorako sarbidea edo paziente kronikoen telemonitorizazioan. Era berean, adimen artifizialaz eta haren aplikazioez hitz egin zen, ikerketa klinikoa hobetzeko, doitasunezko medikuntzan aurrera egiteko eta diagnostikoa arintzeko.