Parte hartze eta eduki arrakastatsuak gazteei eta XXI. mendeko kooperatibari buruzko jardunaldian

Jardunaldiak emaitza positiboak izan ditu, zentzu guztietan.

Berriak

2014ko azaroak 21

Bilboko Campusa

Aurreko urteetan bezala, Zuzenbidearen Euskal Akademiak, Kooperatiba Zuzenbidearen Nazioarteko Elkarteak, Zerga Ikaskuntzen Institutuak, CIRIEC-Espainiak eta Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateak jardunaldi bat egin zuten, gazteei balio kooperatiboak transmititzeari eta XXI. mendeko kooperatiban elkar-lankidetzan jarduteari buruzkoa. Jardunaldiak emaitza positiboak izan ditu, zentzu guztietan.

Pertsonaren nagusitasuna kapitalaren aurrean

Lehenengo hitzaldia Antonio Ficik eman zuen, Moliseko Unibertsitateko (Italia) irakasleak, eta sozietate kooperatiboak sustatzen dituzten balioak azpimarratu zituen, besteak beste mutualismoa, pertsonaren prebalentzia kapitalaren aurrean eta altruismoa edo kooperatiben ekarpena interes orokorrari.

Fici irakasleak kooperatibaren beraren identitatea osatzen duten elementu hauek mantentzera animatu zuen, eta kooperatibak eta mugimendu kooperatiboa aztertzen duten juristen eta herrialde desberdinetako kooperatibetan espezializatuta dauden juristen arteko lotura egonkorragoa eta estuagoa defendatu zuen.

Enplegua mantentzea

Bigarrenik, Monzón irakasleak esku hartu zuen, CIRIEC-Espainiako presidenteak. Kooperatibismoaren datuen zirriborroa egin zuen, mundu eta estatu mailan, eta hauxe nabarmendu zuen: enpresa kapitalisten enplegua % 20 murriztu da krisia hasi zenetik, eta kooperatiben kasuan, aldiz, % 8,4; izan ere, kasu askotan, kostu sozialak barneratu egiten dira, langileak eta bazkideak bota aurretik.

Datu horiek oinarri hartuta, Monzón irakasleak elkar-lankidetza globalizazio erronkei aurre egiteko eta, aldi berean, balio kooperatiboak babesteko premia gisa zein garrantzitsua den azpimarratu zuen. Eta, amaitzeko, azpimarratu zuen kooperatiba taldeak, elkarrekin lankidetzan jarduteko formula gisa, koordinazioz eraikitzen direla, eta ez mendekotasunez eta modu hierarkikoan, kapital sozietateetan gertatzen den bezala.

Gazteak eta ekonomia sozialeko enpresak

Jarraian, mahai inguru bat egin zen, beste bi parte hartzaile gehiagorekin. Alde batetik, Baleren Bakaikoa irakasleak, GEZKIko presidenteak, gazteek ekonomia sozialeko enpresen gainean duten sentsibilitatea azpimarratu zuen, nahiz eta zailtasun ugari aurkitzen dituzten eredu kooperatiboa erabiltzeko, enpleguen benetako protagonistek gazteek eurek izan behar dutela kontuan hartuta.

Eta beste aukera bat ere azpimarratu zuen: azken mailako ikasleek junior kooperatibak sortzeko aukera, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaren bidez; laguntza hori jasotzeko, ikasketak amaitu ondoren, kooperatiba junior hori lan elkartuko kooperatiba bilakatu behar da.

Demokrazia ekonomikoa eta partaidetza orokorra

Beste alde batetik, Deustuko Unibertsitateko Divar irakasleak azpimarratu zuen kooperatibak ghetto bilakatzeko duen arriskua, bere mutualismoan ixten den sozietate bilakatzeko duen arriskua. Divar irakaslearen hitzetan, kooperatibak jakin behar du merkatuan gainerako merkataritza motekin lehiatzen den merkataritza sozietate forma dela. Bere balio diferentziala, kapital sozietateen aldean, beraz, ez litzateke mutualismoa izan behar; ostera, demokrazia ekonomikoa eta, kooperatibaren bidez, ekonomian bazkideen partaidetza orokorra izan beharko luke.