2022ko ekainak 08
Donostiako Campusa
Pablo Bellidok, Komunikazioko eta Zuzenbideko gradu bikoitzeko 5. mailako ikasleak, Legal Today blogean idatzi du desinformazioaren kontrako borrokan Zuzenbideko europar tresnen inguruan.
Europako Batzordearen 2018ko Flash Eurobarometer-ek agerian utzi zuen Espainiako biztanleriaren %88k, gutxi gorabehera, uste zuela desinformazioa zela herrialdeko arazo handienetako bat. Urteen poderioz hazi egin zen arazoa, eta 2020an, Europako Batzordearen Special Eurobarometer-ek bildutako datuek erakutsi zuten herritarren %66k, astean behin gutxienez, informazio faltsu bat edo errealitatea gaizki interpretatzen zuen albiste bat aurkitzen zuela. Desinformazioaren arazoak hazten jarraitzen du eta horren adibide ona da 2021eko abuztuaren 26an Kabuleko aireportuan 183 pertsona hil ziren erasoari buruz sare sozialetan partekatu zen informazioari erreparatzea. Arratsalde osoan zehar, komunikabideek eta erabiltzaile pribatuek plataformen bidez desinformazioa elikatzen jarraitu zuten, zalantzak eta iskanbila mediatikoa sortuz, eta hori guztia errepresaliarik ez zutela izango jakinda; izan ere, gaur egungo Espainiako legediak ez ditu horrelako jokabideak zigortzen, ezta mugatzen ere; baina egia da hori?
Azken urteotan, Espainiak Desinformazioaren aurkako 2018ko Ekintza Planean Europak ezarritako jarraibideak jarraitu ditu sareetako iruzur eta albiste faltsuei aurre egiteko. Baina 2020ko azaroaren 5ean, Espainiako Gobernuak PCM/1030/2020 Agindua BOEren barruan argitaratzea erabaki zuen, desinformazioari aurre egiteko Ekintza Prozedura bat. Prozedura horrek Europaren antzeko bidea jarraitzen bazuen ere, nolabait estatu mailako erakunde bat sortuz desbideratu zen, iruzurrak sortzera dedikatzen den edozein iturritan zuzenean esku hartzeko organoa.
Zein helburu eta asmo bete nahi dira prozedura honekin?
Lehen esan bezala, desinformazioaren aurkako borrokan Espainiak egiten duen lana Europako jarraibideek markatzen dute. Hori dela eta, lortu nahi den helburu nagusietako bat desinformazioaren fenomenoa maila globalean, eta bereziki Espainian, etengabe ebaluatzera zuzendutako mekanismoak ezartzea da.
Estatu mailan, desinformazioa identifikatzen, aztertzen eta kudeatzen lagunduko duen metodologia ezarri nahi da. Metodologia horren barruan, ekintza plan horretan parte hartzen duten erakundeen arabera banatuko diren hainbat maila sortu nahi dira. Hasiera batean, mailak hauek izango dira: prebentzioa, detekzioa, alerta goiztiarra, analisia, erantzuna eta egoeraren ebaluazioa. Era berean, prozedura etengabe berrikusten eta Desinformazioaren Aurkako Estrategia Nazional bat sortzen saiatzen arituko den lantalde bat eratu nahi da, nahiz eta oraindik ez den zehaztu zein organo arduratuko den funtzio horretaz.
Prozeduraz arduratzen diren erakundeak, organoak eta agintariak
Prozedura honen barruko organo asko jada existitzen diren erakunde nazionalak dira, hala nola Segurtasun Kontseilu Nazionala, Egoera Batzordea edo Komunikaziorako Estatu Idazkaritza. Baina horien artean, prozedura mota honetan parte hartzeko soilik sortuko litzatekeen bat nabarmentzen da, Desinformazioaren Aurkako Batzorde Iraunkorra, hain zuzen ere. Organo horrek izango duen eginkizun garrantzitsuenetako bat hau da: prozeduraren barruan adosten den guztia maila operatiboan ministerioen artean koordinatzea. Gainera, esku hartzen duten gainerako erakundeei lagundu behar izango die aurkitu daitezkeen desinformazio kanpainen balizko balorazio tekniko eta operatiboarekin lotutako alderdietan.
Bestalde, prozedura honekin gizarte zibilak zein sektore pribatuak administrazio publikoarekin elkarlanean aritzea nahi da, egiazkoa ez den informazioa zabaltzea saihesteko. Hori dela eta, ekintza plan berean xedatzen da gizarte zibilak gizarte sareen bidez iruzurrak masiboki zabaltzea saihestu behar duela, bai eta, detektatu ondoren, berehala jo behar duela agintariengana halako informazioak salatzera, desinformazio horren helburu bakarra gizartean zalaparta mediatiko handia eragitea baino ez baita.
Desinformazioaren aurkako Ekintza Prozedurari kritika
Argitaratu bezain laster, hainbat juristak eta bulego garrantzitsuk prozedura kritikatu zuten, mota honetako ekintza planaren aplikazio txarrak edo desegokiak UNESCOk defendatzen duen informazio eta prentsa askatasunean eragina izan dezakeelakoan, baita Espainiako Konstituzioaren 20. artikuluan. Kritika horien aurrean, Europar Batasunak berretsi du legearen aplikazioari jarraipena egingo zaiola, eta hasiera batean ez dagoela arrazoi nahikorik ekintza plan horrek prentsa askatasuna urratzen duela pentsatzeko.
Prozedura honek prentsa eta komunikazio askatasunerako eskubidean izan dezakeen eraginari buruzko kexuez gain, ekintza plan hau osatzen duten organo gehienen izaera politikoari buruzko kexak ere bildu dira. Izan ere, ez da begi onez ikusten erabakirik gehienak administrazio publikoetako organoek soilik hartzea, horrek herritarrak eskura izan ditzaketen informazio eta komunikazioen kontrola ekarri dezakeelako.
Laburbilduz, Espainiak oraindik ez du gizartea gaizki informatu dezakeen informazioa transmititzeko inolako zigorrik ezartzen, oso gai korapilatsua baita arlo horretako legeak sortzea. Izan ere, prentsa askatasuna eta komunikazio askea murriztea edo informaziorako sarbidea izatea oso babestuta baitago. Bestalde, Europar Batasunak sustatutako 2018ko Desinformazioaren aurkako Europako Ekintza Plana Espainiak berresteak eta desinformazioaren aurkako Ekintza Prozedurak itxaropen izpi txiki bat ematen du jokabide mota horiek, gutxienez, hurbiletik ikuskatu ditzaten estatuko zein nazioarteko agintariek.
Post osoa, hemen