Orkestraren iritziz, Euskal Autonomia Erkidegoak lehiakortasuneko eta ongizateko oinarri sendoak ditu, baina, gainerako herrialdeetan bezala, gaur egungo ziurgabetasun egoerak baldintzatuko du bere bilakaera

Lehiakortasunari buruzko 2022ko Txostenaren arabera, azken hilabeteetako egoera gorabeheratsua izan bada ere, Euskal Autonomia Erkidegoak hobera egin du zenbait dimentsiotan, esate baterako, ikaskuntzan, ingurumenean edo nazioartekotzean. Orkestrak zeharkako bost ekintza ildo proposatzen ditu enpresen, erakundeen eta beste eragile batzuen jarduna bideratzeko: industria lehiakortasun jasangarria sustatzea, pertsonen gaitasunak sendotzea, lurraldearen berrikuntza gaitasuna eta orientazioa lantzea, ekonomiaren sofistikazioa sendotzea eta nazioartekotzean sakontzea.

James Wilson, director de investigador de Orkestra y coordinador del Informe de Competitividad del País Vasco 2022, Mari Jose Aranguren, directora general de Orkestra, e Iván Martén Uliarte, presidente de Orkestra

2022ko azaroak 16

Sala Gárate

Euskal ekonomia sendo ari da suspertzen osasun krisiaren eraginez 2020an jarduera ekonomikoak izan zuen jaitsieraren ondoren. Hala eta guztiz ere, gaur egungo egoera geopolitikoa ikusirik, oso zaila da bilakaera aurreikustea. Enpresek, gobernuek eta lehiakortasuneko bestelako eragileek egokitzeko gaitasun handia behar dute egoerari erantzuteko.

Lehiakortasunari buruzko 2022ko Txostenak, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak (Deustu Fundazioa) prestatu duenak, SPRI Taldearen laguntzaz, Euskal Autonomia Erkidegoko egoera aztertzen du, ongizateari eta ekonomia eta enpresa emaitzei dagokienez, etorkizuneko lehiakortasunaren oinarriak sendotuko dituzten ekintzak identifikatzeko, gaur egungo ziurgabetasunetik harantzago. Diagnostikoa aurkeztu dute hedabideen aurrean Iván Martén Uliarte Orkestrako presidenteak, Mari Jose Aranguren Institutuko zuzendariak eta James Wilson ikerketa zuzendariak.

Marténen hitzetan, lurralde baten lehiakortasuna eta ongizatea bi oinarriren gainean eraikitzen da: pertsonak eta beren balioak, batetik eta ehun ekonomikoa, bestetik. “Horregatik, Txosten honetan arreta lurralde lehiakortasunaren bi oinarri horietan jarri dugu, zehaztu nahi dugulako nola erantzun diezaiekegun gaur egungo egoeraren erronkei eta nola egin diezaiekegun aurre egiturazko gaiei”, adierazi du.

Bestalde, Arangurenek azpimarratu du gizartea eraldaketa sakonetan murgilduta dagoela eta nahiz eta jakin eraldaketa horiek etorkizuna nabarmen baldintzatuko dutela, oraindik ez dakigula eragin horiek nolakoak izango diren. Aipatutako trantsizio horiek gure lehiakortasunaren eta ongizatearen oinarriak zalantzan jartzen dituzte, baina, aldi berean, negozio eta enplegu berriak sortzeko aukerak ere sortzen dituzte, Orkestrako zuzendariaren ustez.

Ekonomia eta ongizatea berreskuratzeko bidean, baina oraindik pandemia aurreko mailetara iritsi gabe

Orkestraren Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia eta enpresa emaitzen azterketa bat dator ekonomia globala azken urteetan bizitzen ari den egoera gorabeheratsuarekin. Azterketak argi eta ilunak ematen dizkigu: krisien ondorioz, adierazle batzuek hobera egin dute (biztanleko BPG, errentagarritasuna eta esportazioak, esate baterako) eta beste batzuek, ordea, okerrera (berrikuntza eta ekintzailetza).

- Biztanleko BPG EB-27ko batezbestekoa baino % 9 handiagoa izan zen 2021ean. Nahiz eta Europar Batasunarekiko aldea gutxitu, pandemiaren aurretik Euskal Autonomia Erkidegoak % 15eko baitzuen, Europako batezbestekoa baino sendoago ari da hazten.

- Behin-behineko datuen arabera, enpresa errentagarritasuna ere hobetzen ari da, pandemiak ekarri zuen atzerakadaren ondoren.

- Nazioartekotzeari dagozkion emaitzetan, ondasunen eta zerbitzuen esportazioak nabarmendu behar dira. Esportazio horiek 2021ean gehiago handitu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan Europako batezbestekoan baino eta 2022an, gainera, inoizko mailarik handienera iritsi dira.

- Lanaren ageriko produktibitateari dagokionez (€ pertsonako), 2021ean % 5,1 egin zuen gora, eta pandemiaren aurreko produktibitate mailak berreskuratzeko bidean gaude.

- Enpresa txiki eta ertain berritzaileen proportzioak behera egin du 2020an, % 41etik % 39ra. Produktu berrien salmentek (2020an baino 3,5 puntu gutxiago) eta hazkunde handiko enpresen ehunekoak ere (% 9,6 2021ean, 2019an % 11,5 zenean) behera egin dute.

Ongizateari lotutako emaitzen azterketak erakusten digu euskal herritarrek beren ongizate mailarekiko hautemate positiboa dutela. Baina pandemiak ekarritako krisia eta egoera geopolitikoa kontuan hartuta, dimentsio batzuetan bilakaera negatiboa da.

- Bizitzarekiko gogobetetasunaren adierazleak herritarrek ongizate globalarekiko duten hautematea neurtzen du eta hobera egin du 2020arekiko (urte horretan 7,4 izan zen eta orain 7,6, 1etik 10erako eskalan). Hala, Europako batezbestekoaren gainetik geratzen da (7,1).

- Derrigorrezko hezkuntzaren ondorengo ikasketak dituen biztanleriaren proportzioa 2,6 puntu igo da 2021ean eta, horrela, beste lurraldeekiko genuen tartea txikitu da. Euskal Autonomia Erkidegoak etengabeko ikaskuntzan duen lidergoa areagotu egin du. Hain zuzen ere, adierazle horren balioa % 16,9 da eta EB-27koa, berriz, % 10,8.

- Ingurumenari lotutako adierazle nagusiek EB-27ko batezbestekoan baino bilakaera hobea izan dute eta ekonomia eta gizarte berderanzko trantsizioaren isla dira. Airearen kutsadura 8,1 da, Europako batezbestekoa 13,2 denean, eta berotegi efektua eragiten duten gasen isuriak biztanleko 8,5 CO2 tona baliokidetik 7,5era jaitsi dira. Hala ere, jaitsiera hori kontu handiz interpretatu behar da, pandemiaren eraginez, jarduera ekonomikoa bat-batean erortzearekin lotuta dagoelako.

- Etxeen errentaren mediana baliokideak behera egin zuen 2020an (22.638 € EAPtik 22.537 € EAPra), baina oraindik ere EB-27ko batezbestekoa baino % 24 handiagoa da.

- 2021ean, gora egin zuen pobrezia edo bazterketa arriskuan dauden pertsonen ehunekoak (% 16 izan zen, 2020an % 13,6 bazen ere); hala ere, diru sarreren desberdintasun maila txikia da, beste lurralde batzuekin alderatuta. S80/S20 ratioak errenta handiena duen biztanleriaren % 20aren diru sarrerak eta errenta txikiena duen biztanleriaren % 20aren diru sarrerak alderatzen ditu eta Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez (4,8), EB-27ko batezbestekoaren (4,9) eta Alemaniako balioaren (4,87) inguruan dabil.

- Langabezia tasa (% 9,8) Europako batezbestekoaren gainetik zegoen 2021ean (% 7,4). Nolanahi ere, 2022ko lehen eta bigarren hiruhilekoetako datuek langabeziaren joera positiboa erakusten digute (langabezia tasa % 8,7 eta % 8,8 izan zen hiruhileko horietan, hurrenez hurren), pandemiaren aurreko garaian bezala.

Laburbilduz, diagnostikoak erakusten digu Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasunaren oinarriek sendoak izaten jarraitzen dutela. Gainera, nahiz eta azken urteetako koiunturak eragin negatiboa izan dimentsio batzuetan (bizitza materialean, berrikuntzan edo produktibitatean, esate baterako), beste dimentsio batzuek hobera egin dute (horien artean, ikaskuntza, ingurumena edo nazioartekotzea).

Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasunaren oinarriak: egitura ekonomiko-teknologikoa, sofistikazioa, egitura demografikoa eta gizartearen kultura eta balioak

Joan den urtean, Orkestrak lehiakortasunerako esparru berri bat aurkeztu zuen, lurraldearen diagnostikoa egiterakoan, ongizatearen dimentsioak ere kontuan hartzeko eta, horrela, errealitatea hobeto jasotzeko. Aurten, txostenak esparru horretako funtsezko beste elementu bat du aztergai: egiturazko ingurunea, horren barne hartuta bai ekonomia eta teknologia egitura eta bai demografia eta balioen egitura.

- Euskal Autonomia Erkidegoko egitura ekonomikoak pandemiaren aurreko hamarkadan izan duen bilakaera aztertuz gero, ikus dezakegu Europarekiko espezializazio erlatiboa aldatu egin dela, manufakturako jardueretan eta industriarekin lotutako zerbitzuetan. Hain zuzen ere, aldaketa horiek bat datoz espezializazio adimenduko euskal estrategiak 4.0 industriari eman dion garrantziarekin.

- Ekonomiaren sofistikazioaren analisiak lurralde bat zenbat jarduera desberdinetan espezializatuta dagoen hartzen du kontuan, baita jarduera horiek bereziak diren ala ez; alegia, jarduera horietan espezializatutako erregio gutxi egotea. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Europari begiratuta, sofistikazio handia du manufakturako jardueretan, baina sofistikazio rankingean atzera egin du, ekonomiako jarduera guztiak kontuan hartzen direnean.

- Euskal Autonomia Erkidegoko espezializazio teknologikoa bere indargune diren industria jarduerekin bat dator eta guztiz lerrokatuta dago espezializazio adimenduneko estrategiarekin (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako 2020ko Plana eta 2030ko Plana).

Demografiaren egituraren azterketari dagokionez, Lehiakortasunari buruzko aurreko Txostenetan (esate baterako, 2011koan) egin ziren proiekzioak berresten ditugu aurtengoan ere.

- Zahartze tasak gora egin du, 2001ean % 18 izatetik 2021ean % 23 izatera igaro da, eta 2036rako % 29,3ra igotzea aurreikusten da. Hain zuzen ere, demografiaren proiekzioen arabera, 2035erako aurreikusitako biztanleriaren hazkundearen arrazoi bakarra migrazio saldo positiboa izango da. Arrazoi horregatik, garrantzi berezia izango du profil desberdinetako etorkinen integrazio egokia zaintzeak eta haien gaikuntza eta laneratzea bideratzeak, enpresen eta lurraldearen beharrekin bat.

Txostenak, lehenengo aldiz, pertsonen balioak ere aztertu ditu, gizartearen ongizate ereduarekin lotuta baitaude.

- Adin talde guztiek, eta bereziki belaunaldi gazteenek, immigrazioaren eta etorkinek lan merkatuan parte hartzearen aldeko jarrerak dituzte. Gainera, balioen analisiak erakusten digu belaunaldi gazteek garrantzi handia ematen diotela “tolerantzia eta besteekiko errespetua” balioari.

- Euskal herritarrentzat garrantzitsuak diren bizitzaren dimentsioei dagokienez, familia da lehenengoa, aztertutako adin tarte guztietan. Belaunaldi gazteenetan (50 urtetik beherakoetan), bigarren tokian lanaren balioa dago. Balio horretan, belaunaldi horiek soldata eta ordutegiari lehentasun handiagoa ematen diote, ekimena edo erantzukizunak hartzeko aukerekin alderatuta.

Zeharkako 5 ekintza ildo, enpresen, gobernuen eta beste eragile batzuen norabidean laguntzeko

Egitura ekonomikoan eta demografikoan gertatzen ari diren aldaketei aurre egiteko eta gaur egungo ziurgabetasun ingurune honek eskatzen duen etengabeko egokitze gaitasuna handitzeko, Orkestrak, lehiakortasunerako palankei lotuta, zeharkako 5 ekintza ildo identifikatu ditu, enpresen, gobernuen eta beste eragile batzuen norabidea gidatzeko:

1. Industria lehiakortasun jasangarri berri baten lidergoa sustatzea, ingurumenaren egiturazko erronka garrantzitsuari erantzunez. Mailaz mailako trantsizio berdea egin behar dela azpimarratzen da, ahalik eta gizarte kostu txikienarekin, munduak askoz ere jasangarriagoa izatea eskatzen baitu.

2. Pertsonek lehiakortasunari eta ongizateari ekarpena egiteko dituzten gaitasunak sendotzea, lurraldean azaltzen ari diren beharrekin lerrokatuta. Jarduera tasa eta enplegu tasa handitzeaz, pertsonen gaikuntza sustatzeaz eta etorkinen integrazioa bultzatzeaz gainera, funtsezkoa izango da giza baliabideen politika berritzaileak sustatzea, talentua erakartzeko, atxikitzeko eta garatzen laguntzeko.

3. Enpresen, Administrazioaren eta, oro har, lurraldearen berrikuntza kultura, gaitasuna eta orientazioa lantzea. Beharrezkoa da I+G+Bn inbertitzen jarraitzea eta lurraldearen gaitasun zientifikoak indartzea. Horrekin batera, pertsonen gaitasunak etengabe hobetu behar dira, digitalizazioak, jasangarritasunak edo biztanleriaren zahartzeak ekarriko dituzten aukeretara egokitzeko.

4. Ekonomiaren sofistikazioa sendotzea, espezializazio eremu berrietara hurbildu ahal izateko, gaur egungo industria indarguneak oinarri hartuta. Arreta bereziz landu behar dira industriako jarduera desberdinen arteko lotuak, bai eta industriaren eta zerbitzu erlazionatuen artekoak ere.Horretarako, maila askotako lankidetza eta lankidetza publiko-pribatua sendotu behar ditugu, industriaren sofistikazioa areagotuko duten aukerak antzemateko eta aprobetxatzeko.

5. Ekonomiaren eta gizartearen nazioarteko konektagarritasunean sakontzea, aukera berriak bilatzeko. Nazioarteko ikuspegia txertatzea, Euskadik atzerrian egiten duen jarduera areagotuz eta lurraldean bertan egiten diren proiektuen eta ekimenen nazioarteko loturak sendotuz, horrek aukera eman baitu merkatu eta finantzaketa iturri berrien garapenean, talentua erakartzeko eta atxikitzeko erronkan, eta ekonomia eta teknologia ehunaren sofistikazioaren hazkundean aurrera egiteko.

Txostena bihar aurkeztuko da, Lehiakortasunari buruzko Biltzarrean,, Deustuko Unibertsitatearen IIBZ-Liburutegiko atarian, 16:00etan. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak hartuko du parte. Gainera, Pascale Le Blanc Eindhoveneko Unibertsitateko irakasleak berrikuntza teknologikoak giza kapitalean duen eraginaren inguruko hitzaldia eskainiko du. Horrekin batera, talentuaren erronkaz eztabaidatzeko mahai inguru bat izango da eta bertan parte hartuko dute Aitor Urzelai SPRIko zuzendari nagusiak eta Sonia Garai Artecheko Giza baliabideen zuzendariak.

Txosten osoa ikusteko.

 

 

16/11/2022 - Presentación del Informe de Competitividad 2022