2025eko abenduak 05
Bilboko Campusa
Deustuko Unibertsitateak, "la Caixa" Fundazioak eta CaixaBankek lankidetza sendoa berritu dute zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleei laguntzeko ekimenetan eta gizarteratzeko arriskuan dauden kolektiboei arreta eskaintzeko proiektuetan. Hamaika urte bete dituen itun horrek boluntariotzari eta helduentzako prestakuntza eskaintzari laguntzea ere jasotzen du, osasunaren arloa ere barruan sartzeko apustu argia ahaztu gabe.
Izan ere, DeustoBide Herritarren Eskolaren bidez egiten den adinekoentzako prestakuntza horrek gero eta ikasle kopuru handiagoa du eta askotarikoa. Zehazki, 1.000 ikaslek baino gehiagok hartzen dute parte Bilboko eta Donostiako campusetan eta Bizkaiko (Basauri, Galdakao eta Getxo) eta Gipuzkoako (Azpeitia) udalerrietan eskaintzen diren ikastaroetan. Ekimenak askotariko profil eta adinez denetarikoak diren pertsonak biltzen ditu, helduaroa zabaldu eta prestakuntza-premia berriak agertzen ari diren testuinguru demografikoaren isla. Hitzarmen horren esparruan, Deustuko Unibertsitateak eta la Caixa Fundazioak konpromisoa hartzen dute kolektibo hori ikertzeko eta artatzeko, bizitzan zeharreko prestakuntza eta horrek maila pertsonalean eta gizarte kohesioan sustatzen dituen onura guztiak sendotzeko.
Eskaera gero eta handiago horri erantzuteko, DeustoBidek, Irene Gantxegi Madinaren zuzendaritzapean, programa berri bat abiarazi du ikasturte honetan: Kultura eta Gizarteko Unibertsitate Titulua, lau urteko iraupena duena. Ekimenak harrera ezin hobea izan du ikasleen artean, egungo gizarteak planteatzen dituen erronka nagusiak ulertzeko tresnak eskuratu nahi baititu. Prestakuntza-planak nazioarteko harremanak, filosofiaren galdera nagusietako batzuk, adimen artifizialaren erronkak, feminismoa eta osasuna bezalako gaiak jorratzen ditu lanketa integral batetik, besteak beste.
Gainera, aurtengo eskaintzaren beste berritasunetako bat Kultur Aisia Unibertsitatean programa goizeko ordutegira zabaltzea izan da —DeustoBideko proposamen finkatuena—, guztira 30 ikastarorekin, jende gehiagori bidea zabaltzeko asmoz.
Juan Jose Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta Juan Pedro Badiola CaixaBankeko Iparraldeko lurralde zuzendariak sinatu dute hitzarmena. Horren barruan, Aisia eta Inklusioko Katedraren jarduerak babesteko jarduerak eta egoera ahulean geratzeko arriskuan dauden taldeei arreta emateko zereginak sartzen dira. Era berean, akordioak indartu egiten ditu Deustuko Unibertsitateak boluntariotza sustatzeko bultzatutako ekimenak, hala prestakuntza-ikastaroak eta Boluntariotza Azoka —60 elkarte baino gehiago biltzen ditu—, nola tokian bertan parte hartzeko esperientziak. Era berean, “la Caixa”-ren inplikazioa berritu egin da zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleentzako Pedro Arrupe beketan.
Lurralde-ezarpen zabalari esker, CaixaBanken bulego-sareak funtsezko zeregina betetzen du “la Caixa” Fundazioaren gizarte-lanean laguntzeko, toki-erakundeen beharrak identifikatuz eta Fundazioaren baliabideen zati bat haiei bideratzeko. 2020an bakarrik, bankuaren bulegoen % 89k gizarte-proiekturen batekin lagundu zuten, milaka erakunde solidario txiki eta ertainek beren ekimenak garatzeko laguntza ekonomikoak jasotzea ahalbidetuz.