Deustobarometro berria: osasun-arretarekiko kezka areagotu egin da, eta Euskadiko bigarren arazo handiena da

Prezioen igoera, bizitzaren kostua eta inflazioa dira oraindik ere euskal herritarren kezka nagusiak (% 54). 10etik 7,7k uste du oso beharrezkoa dela alderdietako zerrendetako buru emakume gehiago egotea. Gehienek (% 57) nahiko lukete Euskadik bere Botere Judiziala edukitzea. Inkesta honen 2022ko neguko edizioa eskuragarri dago webgune honetan: barometrosocial.deusto.es

Braulio Gómez, María Silvestre eta Iratxe Aristegi

2022ko abenduak 16

Prentsa aretoa

Deustuko Unibertsitateak Deustobarometro Sozialaren (DBSoc) neguko edizioko emaitzak aurkeztu ditu, abenduak 16. Euskal gizartean kezka handiena sortzen duten gaien inguruan herritarren iritziak eta lehentasunak jasotzen dituen eta sei hilabetean behin egiten den inkesta honen arabera, osasun-arreta euskal herritarren bigarren arazo garrantzitsuena da lehen aldiz. Herritarren % 40k kezka nagusien artean kokatzen dute, duela sei hilabete baino ia bi aldiz gehiagok. Herritarrek Osakidetzaz egiten duten batezbesteko balorazioa (5,0) azken hamarkadako baxuena da.

Prezioen igoera, bizitzaren kostua eta inflazioa dira oraindik ere euskal herritarren kezka nagusiak (% 57). % 60k aitortu dute etxeko berokuntza eta elektrizitate kontsumoa mugatu behar izan dutela. Eta % 35ek beren ohiko dietako elikagai batzuk erosteari utzi diotela edo gutxiagotan erosten dituztela. Lan baldintza txarrak, soldatak barne, langabezia baino kezkagarriagoak dira herritarrentzat.  Langabeziarekiko kezka (% 10) azken hamarkadako punturik baxuenean dago.

Deskontuak garraioan

Herritar gehienek oso positibotzat jotzen dituzte (% 86) Eusko Jaurlaritzak garraio publikoaren prezioan ezarritako deskontuak. Jaioberri guztientzako txekearen aldekoak, berriz, ez dira hainbeste (% 53) Euskadin. Herritarren % 84ren ustez, gizarte-laguntzak familiaren errentaren arabera eman beharko lirateke. Eta % 69ren iritziz, zerbitzu publikoen kalitatea hobetu egingo litzateke errenta handienak dituztenek zerga gehiago ordainduko balute.

Hezkuntzarekiko kezka (% 6) euskal herritarren arazo nagusietatik kanpo dago oraindik. Balorazioa (5,4) egonkor mantentzen da. Herritar gehienek ( % 80) ikasle kalteberen banaketa orekatua babesten dute, aukera-berdintasuna bermatzeko.

Justizian ez dago kofidantzarik

2023ko udal eta foru hauteskundeei dagokienez, gehienek (7,7 0-10 eskalan) oso beharrezko ikusten dute emakume gehiago egotea alderdietako zerrenden buru. Euskal herritar gehienek ez dute uste zerrenda bozkatuenak gobernatu behar duenik, ezta alderdiek beren balizko itunak aurretiaz jakinarazi behar dituztenik ere, eta ez dute nahi tokiko interesak dituzten plataformek alderdi tradizionalak ordezkatzerik.

Herritar gehienak ez dira justiziaz fidatzen, txarto baloratzen dute (3,8) justiziaren funtzionamendua eta suspentsoa jartzen diote (3,5) Konstituzio Auzitegiari. Gehienek (% 54) nahiko lukete Euskadik bere Botere Judiziala edukitzea. % 64k uste dute gizartea epaileak baino aurrerakoiagoa dela.

Ingurumenarekiko eta krisi klimatikoarekiko kezka (% 12) herritarren arazo nagusien artean mantentzen da. Eta herritar gehienak daude (% 73) Euskadin parke eolikoen eta fotovoltaikoen garapena bultzatzeko tramiteak erraztearen alde.

Inkesta honen 2022ko neguko edizioa eskuragarri dago webgune honetan: barometrosocial.deusto.es

Aurkezpena

16/12/2022 - Deustobarómetro Invierno 2022