2023ko abenduak 15
Bilboko Campusa
Deustuko Unibertsitateak Deustobarometro Sozialaren (DBSoc) neguko edizioaren emaitzak aurkeztu ditu gaur, abenduak 15. Sei hilean behin euskal gizartean kezka gehien sortzen duten gaiei buruz herritarrek dituzten iritziak eta lehentasunak jasotzen dituen inkesta horren arabera, bizitzaren kostua (% 47) eta osasun arreta (% 41) dira, oraingoan ere, euskal herritarren kezkarik nagusienetarikoak alde handiz. Euskal herritarrek suspentsoa (4,8) ematen diote jasotzen duten osasun arretaren kalitateari, baina oraindik dute konfiantza Osakidetzan erakunde gisa (5,5).
Euskal herritar gehienek (% 70) onartzen dute askotan kexatu egiten garela daukaguna baloratzen ez dugulako eta Euskadin, oro har, oso ondo bizi garela (% 68). Aldi berean, ezkor ikusten du gure gazteen etorkizuna (% 72), eta azken urteetan erosteko ahalmena galdu duela sentitzen du (% 60). Gainera, garraio publikoa (6,4), unibertsitateetako (5,8), ikastetxeetako eta institutuetako (5,7) hezkuntza, I + G politikak eta azpiegiturak/errepideak (5,4) dira euskal herritarrek hobekien baloratzen dituzten politikak.
Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa
Giro politikoari dagokionez, euskal herritarren % 30ek positibotzat jotzen du Eusko Jaurlaritzak azken 4 urteetan egin duen kudeaketa, eta % 17k negatibotzat. % 46k uste du hala-holakoa dela. Eta Euskadin ziklo aldaketa baten pertzepzioari dagokionez, EAEko herritarren % 40ri gustatuko litzaioke hurrengo EAEko hauteskundeen ondoren gobernu aldaketa egotea. Soilik % 25ek uste du gobernu aldaketa hori egongo dela.
Alderdi politiko nagusien balorazioari dagokionez, % 53rentzat EAJ da kudeatzailerik onena, akordioak lortzeko gaitasun handiena duena (% 49) eta serioena, arduratsuena eta fidagarriena (% 50). Bestalde, EHBildu herritarren arazoekiko sentikorrena da (% 29) eta berritzeko gaitasun handiena duena (% 30). Gainera, euskal herritarrik gehienek uste dute Pedro Sanchezen gobernu berria ona izango dela Euskadiren interesetarako (% 56).
Datu gehiago: gehienek babesten dituzte osasun-langileek (% 76), hezkuntza-langileek (% 53) eta adinekoen egoitzetako langileek (% 76) egindako mobilizazioak eta protestak. Aldiz, ez dituzte babesten Ertzaintzaren mobilizazioak (% 29), ezta EITBko langileenak ere (% 24).
Israel eta Palestinako gerra
Oraingo honetan, Deustobarometroak Euskadin Israelen eta Palestinaren arteko gerrak duen pertzepzioari buruz galdetu du. Herritarrik gehienek uste dute Israelgo eta Palestinako gerrak eragina izango duela euskal ekonomian (% 71) eta bere poltsikoan (% 57). Eraso terroristen arriskuak ere areagotuko direla uste dute (% 61). Azkenik, euskal herritarren gehiengoak (% 82) ez ditu justifikatzen ez Hamasen eraso terroristak, ezta Israelek eraso horiei erantzuteko indarkeria erabiltzea ere.
Inkesta honen 2023ko neguko edizioa eskuragarri dago webgune honetan: barometrosocial.deusto.es