2024ko maiatzak 16
Bilboko Campusa
Deustuko Unibertsitateko Deusto Forumen beste edizio bat izan zen joan den maiatzaren 16an. Bertan, Norma Fuentes-Mayorga City College of New Yorkeko (CUNY) irakasle eta soziologoak "Migraciones encabezadas por mujeres. Paradojas sobre la movilidad social feminizada en contextos racializados” (“Emakumeak buru dituzten migrazioak. Feminizatutako mugikortasun sozialari buruzko paradoxak testuinguru arrazializatuetan") hitzaldia eskaini zuen.
Nazioarteko migrazioetan eta irabazi asmorik gabeko erakundeen lidergoan aditua da Fuentes, genero ikuspegitik bereziki. Haren ikerketetan, Dominikar Errepublikan eta Mexikon emakumeak beren familiekin batera New York hirira emigratzera bultzatzen dituzten desberdintasun eta zapalkuntza motak aztertzen ditu. Gainera, emakume horien hobekuntza eta mugikortasun sozialeko prozesuak eta bizitza publikoan egiten duten ekarpena ere aztertzen ditu.
Lana emakumeen beren kontakizunetan oinarritzen du; haien bizi-egoera, migrazio-modua, etxeko edo familiaren egitura, diskriminazioa eta jasan behar duten gizarte isolamendua aztertzen ditu, gero eta arrazializatuagoa den testuinguruan. Deusto Forumeko hitzaldi honetan ikusi zenez, afro-latindar eta indigena jatorriko emakume askorentzat haien herrialdeetatik ateratzea da unibertsitateko hezkuntza lortzeko duten azken baliabidea, hartara gizartean aurrera egin ahal izateko, bai emakumeek berek, bai haien familiek, batez ere alabek.