2023ko martxoak 14
Bilboko Campusa
Janariak bizirauteko behar dugun energia ematen digu, eta zeregin garrantzitsua du gizarteko eta familiako bizitzan. Jateko garaian elikagaiak aukeratu eta erosteko moduak argi adierazten du nolakoak garen. Nola aldatuko da etorkizunean? Nolakoa nahi dute herritarrek etorkizun hori izatea? Braulio Gómez Deustobarometroko zuzendariak BBK Kunerako egindako “Etorkizuneko biztanleak” inkestak adierazten duenez, herritarrek “etorkizun jasangarria, osasungarria eta ongizate sozialera bideratua” irudikatzen dute.
Zer ordutan bazkalduko dugu etorkizunean? Etxeetan kozinatzen jarraituko dugu? Azterlanaren arabera, herritarren % 61en ustez, etorkizunean ere janariak plazerari lotuta jarraituko du. % 70ek baino gehiagok nahi luke etorkizunean, ordubete baino gehiagoko bazkalorduak egitea, txoko eta elkarte gastronomikoak irekita egotea janari tradizionalekin, hala nola marmitakoa edo txipiroiak tintan. Gazteen artean, gero eta joera handiagoa dago okela eta arraina kasu berezietan bakarrik jateko, etxean gutxiago kozinatzeko eta goizago jateko eta afaltzeko.
Elikadura futuristarekin amets egiten oten dugun galdetzean, gehienek diote ez dutela amets egiten etxean elikagaiak inprimatzeko 3D inprimagailu bat izatearekin, ezta sukaldean gustukoen dituzten janarien zaporeko hautsak izatearekin ere, ezta behar ditugun bitaminak janarietan injektatzeko mikrokapsulak izatearekin ere. % 45ek eraikinetako baratze bertikaletan pentsatzen dute, eta etxean elikagaiak eskaneatu ahal izatea, bakteriorik duten jakiteko. Etorkizuneko jatetxea zero kilometroko produktuekin lotuta irudikatzen dute, elikagaien jatorriari eta karbono aztarnari buruzko informazioa duena, osasungarria eta inklusiboa.
Galdera gehiago: Zelakoa izango da etorkizuneko supermerkatua? Zeintzuk dira sortzen ari diren elikagaiak? Herritarrek beren etorkizuneko supermerkatu ideala imajinatzen dute etxetik gertu, plastikorik gabe, produktu gehienak hurbilekoak eta soltean erosi ahal izatekoak, eta nutrizioan adituak diren langileak izatea hobeto jaten laguntzeko. Etorkizuneko joera dago (% 52) elikagaiak aukeratzerakoan, batez ere osasuna eta ingurumena zaintza kontuan hartzea. Sortzen ari diren elikagaien artean, nabarmentzekoak dira algak, kinoa eta edamamea, eta gero eta gehiago hedatzen ari dira euskal herritarren artean.
Etorkizun osasungarriago baterantz
% 73 kexu da modu osasungarriagoan jateko informazio faltagatik. Gehienei gustatuko litzaieke erakundeen kartelak egotea, janari lasterreko lokaletan osasunerako dauden arriskuez ohartarazteko, bai eta haragi prozesatua eta opil industriala bezalako produktuetan ikusteko moduko etiketak ere, arriskuak adierazita. Etorkizunean osasuntsuago jateko joera dago.
Elikadurari eta krisi klimatikoari dagokienez, gehienek ( % 52) onartzen dute ez dagoela behar bezala informatuta krisi klimatikoa arintzen gehien laguntzen duen elikadurari buruz. Etorkizunean, % 80k tokiko produktu gehiago gehitzen dizkiote dietari, eta % 30ek, berriz, etorkizunean animalia jatorriko haragi gutxiago jaten dute. Gehienek uste dute industriak ingurumena errespetatzen duten produktu berritzaileak sortuko dituela.
Azkenik, herritarren % 34k elikagaien industriaren alde egiten du etorkizuneko Euskadiren eredu ekonomikoaren motor gisa, eta % 60k uste du lehen sektoreak potentziala izango duela gazteentzako enplegu berriak sortzeko. Gehienei gustatuko litzaieke mozkinen banaketa bidezkoagoa egotea nekazarien, abeltzainen eta arrantzaleen alde, eta beharrezko ikusten dute oinarrizko elikagaien prezioetan esku hartzea. Zaurgarrienek elikatu ahal izateko duten arazoa kezka nagusi da Euskadin.
Zer da “Etorkizuneko Biztanleak?”
“Etorkizuneko Biztanleak” BBKunaren barruan sortu zen, herritarrak etorkizunari buruzko eztabaida publikora batzeko asmoz. Izan ere, beren ahotsa ia ez dago ordezkatuta, adituek eta erakundeek egiten dituzten prospekzioek zuzenean kaltetutako protagonistak diren arren. 2050ean lana, moda, elikadura, garraioa edo hezkuntza nolakoa izango den iragartzeko iragarpen zientifikoak eta instituzionalak daude, baina herritarrek ez dakite zein den beren bizitza eta seme-alabena antolatzeko ezinbesteko informazioa.
Aldi berean, etorkizun hori, hein handi batean, herritar horien ekintzen, portaeren eta balioen araberakoa izango da. Gune honen helburua da biztanleak etorkizuneko eztabaidaren erdigunean jartzea, bai aldaketetara hobeto egokitzeko informazio baliotsua eskuratu dezaten, bai beren ahotsa eta lehentasunak txertatu ditzaten, nolabait haiek ere etorkizuna baldintzatu dezaten eta gizartearen garapen jasangarrira bidera dezaten.
“Elikaduraren Etorkizuna mahaian” Etorkizuneko Biztanleen bigarren edizioa da. Azterlan honek herritarren ahotsa jartzen du elikadura jasangarriaren, osasungarriaren eta gizarte-ongizatera bideratutako etorkizunari buruzko eztabaida honen erdigunean, Euskadiko 1.000 pertsonari egindako inkesta adierazgarri baten bidez.
Txostenaren atal modura, metodologia kualitatiboko esperimentu berritzailea sortu zen. Bertan, zozketa zibikoaren bidez hautatutako 21 herritarrek Bisubi Fundazioko sukaldariek Artxandako Ostalaritza Goi Eskolan egindako afari batez gozatu zuten, etorkizuneko jatetxe batean.
Inkestan jasotako herritarren begirada Bisubiko profesionalekin solasean hasi zen, etorkizuneko herritarren prospektiba jarraituz, esperientzia gastronomiko inklusiboa, osasungarria eta ingurumenarekiko errespetuzkoa prestatu baitzuten. Afarian azaldu zuten nola erlazionatzen den plater bakoitza 2050ean herritarrek elikaduraren agertoki ideal gisa adierazitako lehentasunekin. Esperientzia amaitzeko, mahaikide bakoitzaren ahotsa entzun zen, izan ere beste inkesta batean beren ikuspegi kritikoa eman ahal izan zioten etorkizuneko jatetxea izan zitekeenari.