2025eko urriak 22
Bilboko Campusa
‘Muscle quality in aging: analysis of noninvasive diagnostic methods, from morphological to functional approach, for routine community implementation and identification of key factors for an exercise protocol to enhance muscle quality 'izenburupean, Naiara Virto Castro ikertzaileak bere doktorego tesia defendatu du Deustuko Unibertsitatean, sarkopenia ebaluatzeko modua nola aldatu eta diagnostikoa nola hobetu aztertzen eta argitzen duena.
Begoña García Zapirainek eta Amaia Méndezek zuzendutako ikerketa –osasun publikoko eta zahartze osasungarria sustatzeko nazioarteko eta nazioko estrategiekin lerrokatuta, hala nola Osasunaren Mundu Erakundearenak (OME), Hauskortasun Nazionalerako Ibilbide Orriarenak edo Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarenak– egungo populazioa zahartzearen testuinguruan kokatzen da. Testuinguru horretan, bizi-itxaropena luzatzea gizarte modernoaren arrakasta da; baina, aldi berean, erronka garrantzitsuak planteatzen ditu eta, horien ondorioz, beharrezkoa da gizarte eta osasun sistemak erreformatzea, biztanleriaren paradigma berriaren eskaerei erantzuteko.
Sarkopenia muskuluaren masa eta funtzioaren galera progresiboa da eta, sarritan, independentzia arriskuan jartzen du zahartzaroan. Ikerketan, Virtok muskuluen kalitatea kontuan hartzearen garrantzia nabarmentzen du sarkopenia edo mendekotasun arriskuak identifikatzeko orduan, eta kontzeptu hori ez da soilik muskuluen masari buruzkoa, haren funtzioari eta eraginkortasunari ere eragiten dio. Ikerketak erakusten duenez, gaur egun, gaixo horren ebaluazioak goraka doan arloa izaten jarraitzen du, oraindik garatzen ari diren diagnostikoko tresnak dituena, eta horrek zaildu egiten du inplementazio klinikoa eta komunitarioa.
Nola neurtu muskuluen kalitatea
Errealitate hori aldatzeko eta gaixotasunaren diagnostikoa errazteko, ikerlanak helduen muskuluen kalitatea ebaluatzeko eta tratatzeko metodoak proposatzen ditu, irisgarritasunaren, kostuaren eta zehaztasunaren arteko oreka egokia dutenak, inplementatzen diren testuinguruaren arabera. Ildo horretan, tesian agerian jartzen da erresonantzia magnetiko nuklearra (EMN) eta ordenagailu bidezko tomografia axiala (OTA) bezalako metodo aurreratuak zehatzak direla, baina garestiak eta ez oso eskuragarriak.
Ekografia, ordea, etorkizun handiko tresna da, irisgarria, erradiaziorik gabea, baina estandarizazio handiagoa behar du orokorki erabiltzeko. Hori dela eta, azterlanaren arabera, aukerarik bideragarriena da muskuluak sortzen duen indarraren eta muskulu-masaren kantitatearen arteko erlazioan oinarritutako metodo funtzionalak, ohiko praktika medikoan aplikatzeko metodo errazak eta erabilgarriak, ekipo konplexurik eta prozedura garestirik behar ez dutenak.
Tesiak azpimarratzen du muskuluen kalitatea ebaluatzeko ez dela nahikoa masa neurtzea, baizik eta kontuan hartu behar dela muskuluetako potentziaren galera, sarkopeniaren iragarle garrantzitsuenetako bat baita. Beste determinatzaile batzuk indarra eta oreka dira, funtzionaltasunerako funtsezko elementuak; faktore biologikoak, hala nola adin handia izatea, sexua eta Gorputz Masaren Indizea (GMI), sarkopenia garatzeko arriskua modulatzen dutenak; eta faktore sozialak eta maila sozioekonomikoa. Gainera, ikerketak indartzen du martxaren abiadura bizi-zeinu ez-inbaditzailea dela, adineko pertsonen egoera funtzionala eta osotasun neuromuskularra islatzen dituena.
Ikerketak, halaber, ariketa fisikorako protokolo pertsonalizatua eta ebidentzian oinarritua proposatzen du 60 urtetik gorako pertsonentzat, indarra eta potentzia entrenatzea elementu nagusi izango duena; izan ere, zahartzean indarra eta masa muskularra galdu aurretik, potentzia muskularra murrizten da. Gomendatutako protokoloak barruan sartzen du erresistentzia entrenatzea karga moderatu eta altuekin, giharren nekea saihestuz, indarra hobetzeko eta independentzia mantentzeko; potentzia entrenatzea karga moderatuekin ekintza azkarretan oinarrituta, gaitasun funtzionala hobetzeko; oreka eta martxa lantzea erronka kognitiboak ere dituzten ariketa progresiboekin; eta, azkenik, oinarrizko indarra ezarri ondoren, entrenamendu aerobikoari ekitea.