2026ko otsailak 06
Donostia-San Sebastián
Deustuko Unibertsitateak Adimen Artifizialari eta Errealitate Birtual eta Areagotuari buruzko hainbat tailerretan parte hartu zuten 65 urtetik gorako hogei emakume baino gehiago bildu zituen otsailaren 6an Donostian, Emakumeak Zientzian ekimenaren barruan. Izan zaitez Ingeniaritzako ikaslea egun batez! izenburua harturik, Deustuko Unibertsitateko ikasle eta irakasleek ingeniaritzaren munduan abangoardiako bi esparru ezagutzen lagundu zieten emakumeei, eta haiek egun batez unibertsitateko ikasleak izateko esperientziaz gozatu zuten. Bi tailerretan parte hartu ondoren, emakumeek, erakusketa baten bidez, Ingeniaritza Fakultateko ikasleek Adimen Artifizialari eta Errealitate Birtual eta Areagotuari buruz garatutako hainbat proiektu ezagutzeko aukera izan zuten. Jardunaldia amaitzeko, parte-hartzaileek, bideratzaileek eta ikasleek beren esperientziak partekatu ahal izan zituzten kafe baten inguruan.
Emakumeak Zientzian Euskal Herriko zientzia eta teknologia sareko 34 erakundek bultzatutako ekimen kolektiboa da, emakumeek zientzian eta teknologian egiten duten ekarpena ikusarazteko, genero-estereotipoak apurtzeko eta neskato eta neska gazteen artean bokazio zientifikoak sustatzeko. Proiektuak 2017an eman zituen lehen pausoak, Nazio Batuen Batzar Nagusiak otsailaren 11 Emakumeen eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egun izendatu ondoren. Harez geroztik, Emakumeak Zientzian programak etengabeko bilakaera izan du, gizartearen, hezkuntza sistemaren eta ingurune zientifikoaren erronka berrietara egokiturik.
Emakumeak Zientzian elkarteak egitarau zabala antolatzen du urtero otsailaren 11 inguruan. Jarduerak era guztietako publikoari zuzenduta daude: haur eta gazteei, hezkuntza komunitateari, familiei eta, oro har, herritarrei. Helburua ez da soilik ezagutza partekatzea, baizik eta galderak sortzea, jarrerak aktibatzea eta begirada berriak irekitzea, zientziarekiko eta pentsamendu kritikoarekiko interesa sustatuz.