2005eko urriak 27
Beste hiri batzuk
Erasmus mundus Europako Legebiltzarraren baitatik sortu den programa bat da, Europako goi mailako irakaskuntza hobetzeko. Helburua beste herrialde batzuekiko lankidetza sustatzea da, herrien eta kulturen arteko elkarrizketa eta elkar ulertzea bultzatuz, eta giza kapitalak Europatik ihes egitea ekiditeko.
Ziurtagiri hau lortzeko, kalitateko irizpide zorrotzak gainditzea eskatzen da edukiei, barne kohesioari, nazioartera begirako goi mailako Europako hezkuntza programetako balioak betetzeari eta bestelakoei dagokienez. Agiri honen bidez, egindako lanari onespena emateaz gain, laguntza ekonomikoz ere hornitzen da graduondokoa, Deustuko Unibertsitatean Master of Arts in Euroculture ikasi nahi duten ikasleei 1.500 eurotik gorako 20 beka ematetik hasi eta nazioarteko marketineko ekintzak burutzeko 50.000 euroko laguntzetara arte.
Master of Arts in Euroculture nazioarteko ikasketa programa bat da, Europako 9 unibertsitatek osatutako sare batek eskaintzen duena eta funtsezko helburu hau duena: Europaren erakuntza prozesuaren inguruan sortu diren esparru berrietan lidergoa izateko eta lankidetzan aritzeko gai diren profesional lehiakorrak prestatzea.
