2025eko abenduak 16
Bilboko Campusa Donostiako Campusa
Hemendik kanpo lan egiten duen Euskadi eta Nafarroako talentu gaztearen % 85ek baino gehiagok etorkizunean sorterrira lekura itzultzeko aukera darabil gogoan bere garapen profesionala bultzatzeko, eta honek kualifikazio handiko 35.700 profil profesional inguru berreskuratzeko aukera ekarriko lieke autonomia-erkidego horiei. Datu horiek guztiak lurraldearen garapen jasangarriarekin konprometitutako Euskadi eta Nafarroako profesionalak eta enpresariak biltzen dituen Artizarra Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakundeak, eta Deusto Business Schoolek (DBS) landutako txosten batean jasota daude.
Gazteak joan izanaren arrazoiak eta itzulerarako baldintzak ezagutzea da diagnostiko honen helburua, eta, gainera, talentu gazte honen itzulera sustatu eta bultzatuko duten tresnak eta politika aktiboen eta ekimen sozialen diseinua bultzatzeaz gain, Jon Ander de las Fuentes Artizarrako kideak eta Guillermo Dorronsoro DBSko irakasleak azaldu dutenez.
Egun, Euskadiko 30.000 gazte eta Nafarroako 12.000 gazte inguruk lan egiten dute jatorrizko lurraldetik kanpo, 25 eta 40 urte bitartekoak. Diaspora gazte, zabal eta askotarikoa da eta giza-kapital kualifikatua du, ingeniaritzak, enpresa-kudeaketa eta STEM adarrak ardatz dituzten graduko ikasketak eta, batez ere, masterrak eta doktoregoak bilduz. Haien egonaldia luzea da, izan ere, % 60k sei urte baino gehiago daramatza sorterritik kanpo, eta atzerrira joan izanaren arrazoien artean, enplegua eta garapen profesionala dira nagusi, soldata hobeen bilaketa eta proiekzio profesionala ere funtsezko faktoreak direla. Bestalde, itzulera galarazten dieten oztopo nagusien artean, honako hauek nabarmen daitezke: lan-aukerarik eta intereseko proiekturik eza, aitorpen profesionalik eza, eta gure lurraldeetan etxebizitza eskuratzeko dagoen arazoa, aipatutako txostenak argitu duen bezalaxe.
Despopulazioari, zahartzeari eta giza-kapitalaren ihesari lotutako arriskuen aurrean, Europako hainbat herrialde eta eskualdek politika aktiboak jarri dituzte abian talentua erakartzeko, zerga-pizgarriak, lan-aukerak, egoitza-eskaintza eta sustraitze-programak uztartuz. Euskadi eta Nafarroa ingurumari honetan lehiatzen ari dira, eta presazko dinamikak ezarri behar dituzte talentu gaztearen emigrazioa geldiarazi eta itzulerarako baldintzak sortzeko, lurraldearekiko sustraitzearekin konprometitutako diaspora aktibo eta konektatua indartzeaz gain. Ildo horretan, diagnostikotik harantzago, Artizarra eta DBSren txostenak aukerak identifikatu, loturak sendotu eta talentuan egindako inbertsio hori berreskuratzeko oinarriak ezartzea du helburu.
Jon Ander de las Fuentesek adierazi duenez, “Artizarran sineste osoz uste dugu sustraitzea lehiatzeko abantaila dela edozein lurralderentzat, eta gure kasuan hiru zutabe ditu: enpresaren sustraitzea, kapitalarena eta talentuarena. Horregatik, funtsezkoa iruditzen zaigu talentua errotzea eta Euskadiko zein Nafarroako diasporan dagoena berreskuratzea”.
Bestalde, Guillermo Dorronsororen hitzetan, “Euskadi eta Nafarroarentzat ez dago inbertsio errentagarriagorik, gure diasporaren itzulera erraztuko dituzten baldintzak sortzeko edo, gutxienez, pertsona horiekiko loturari eusteko erabiliko duguna baino. Zeregin hau erakundeek gidatu behar dute, enpresekin eta gizarte zibilarekin partekatuta. Zalantzarik gabe, Artizarraren ekimen hau egokia bezain beharrezkoa da: nahitaezkoa da kolektiboa ezagutzea neurri eraginkorrak diseinatu ahal izateko”.