2026ko maiatzak 07
Bilbao
Deustuko Unibertsitatea bere gaurik “festazaleena” bizitzeko prestatzen ari da. Datorren ostiralean, maiatzak 8, 400 ikasle baino gehiago bilduko dira Paraninfoan, 18:00etatik aurrera, Deusto Campus Gala ospatzeko. Ekitaldi horrek ikasturte amaiera markatzen du, talentu artistikoa eta kultura eta kirol aitorpena ere batuz.
Eszena dramatizatuak izango ditu topaketak, Lady Windermereren Abanikoa laneko pertsonaia nagusiak ardatz direla, Oscar Wilderen pieza hori izan baita Unibertsitateko Antzerki Tailerrak aurten antzeztu duena. Horrez gain, Iñigo Iñiguez, Rafa Martín eta Nicole Alemán pianoan arituko dira, eta Ariadna Fonteseca eta Alexander Osta biolinean, Xabier Arangurenekin batera (fagot).
Zinema, konpromisoa eta omenaldiak
Ikus-entzunezko programak pisu handia izango du: "Bajo control" film laburraren estreinaldia; fede, ekologia, kirol, kultura eta elkartasun jardueren laburpeneko bideoen proiekzioa, eta ikasleek egindako nazioarteko lankidetza proiektu baten aurkezpena ere ikusiko dira. Ekitaldian Juan José Etxeberria errektoreak, Pello Azpitarte Deusto Campuseko zuzendariak eta Aitziber Irigoras Unibertsitateko Elkarteko errektoreordeak parte hartuko dute, eta aitorpen berezia egingo zaio José María Guiberti, ekarri digun on guztiagatik.
Pintura, argazki, marrazki eta literatura lehiaketetako sariak eta kirol diplomak banatu ondoren eta abesbatzaren eta cheerleaderren emanaldia amaitutakoan, galak Klaustroan jarraituko du. Bertan, gonbidatuek Xabier Mikel Cebada DJak girotutako koktel batez gozatu ahal izango dute, ikasturteari amaiera emateko jai giro lasaian.