Luis Caperochipik, Zuzenbideko eta Komunikazioko 5. mailako ikasleak, Instagrameko ezkutuko publizitateaz hitz egin du Legal Today blogean

Luis Caperochipi, estudiante de 5º curso de Derecho + Comunicación, habla en el blog Legal Today sobre publicidad encubierta en Instagram

2022ko uztailak 05

Donostiako Campusa

Luis Caperochipik, Zuzenbideko eta Komunikazioko 5. mailako ikasleak, Legal Today blogean idatzi du Instagrameko ezkutuko publizitateaz.
Espainiar influencerrik nagusienetariko batzuk kirol apustuetatik zetozkien ustezko irabazien inguruan informazioa partekatzen hasi eta urte erdira, praktika zabala dela ikusten da gaur egun.


Bideoren batekin jarraitzaileen arreta erakartzen dute lehenengo. Behin helburua lortuta, Instagrameko istorioetan “egidazu galdera bat” aukera jartzen dute abian. Ondoren oso jokabide berdintsua jarraitzen dute denek. “Edozein jarraitzailek” gizarte sarearen bidez irabazten duten diruaz galdetzen die eta haiek kontu pribatua dela erantzuten dute, baina benetan kirol apustuekin irabazten dutela dirua. Argitalpen horretan eransten dute aurreko egun batean 30 €-ko apustua egin zutela eta 1.040 €-rekin amaitu zutela.


Dirua irabazteko metodo erraz horrekin interesa pizturik, influencerrek jakinarazten dute nola sartu ziren apustuen munduan: lagun batek gomendatu zien Telegram-eko doako kanal batean sartzeko eta han tipster edo kirol apustuetako aditu batek prebisioak partekatzen dituela. Une horretan, lotsagabeki, esaten dute “ez dutela ezer sustatzen”, baina jarraitzaileen artean sortu den interesa dela eta, Telegram-erako zuzeneko atzipen bat erraztuko dutela, swipe up baten bidez (atzamarraz pantailan gorantz eginda).
Une horretara arte, ematen du enpresa-jarduera horretan ez dela inolako profesionalik ari eta kontsumitzaile edo zerbitzuaren erabiltzaile soil gisa aurkezten dutela beren burua, iruzur eginez. Jokaera hori Lehia Desleialari buruzko urtarrilaren 10eko 3/1991 Legearen 27. artikuluan jasotzen den engainuzko jardunbideetariko bat da

.
Aipatutako legearen 5. artikuluaren arabera, desleialtzat jotzen da, engainagarria delako, hartzaileak nahasarazten dituen edo nahas ditzakeen edozein jokabide, eta haien portaera ekonomikoa alda dezakeen jokabide oro, betiere ondasunaren edo zerbitzuaren ezaugarri nagusietan eragiten badu, hala nola, erabilgarritasunean, onuretan edo arriskuetan. 6. artikuluaren arabera, desleiala da besteren jarduerarekin, prestazioekin zein establezimenduarekin nahasmena sortzeko aproposa den jokabide oro. 7. artikuluan, bestalde, engainuzko ez-egitea azaltzen duenean, desleialtzat jotzen da hartzaileak bere jokabide ekonomikoari buruzko erabaki bat jakinaren gainean hartzeko edo hartu ahal izateko beharrezkoa duen informazioa ez ematea edo ezkutatzea. Desleiala da, oro bat, ematen den informazioa argia ez izatea, ulertezina izatea, anbiguoa izatea, une egokian ez ematea, edo jardunbide horren helburu komertziala ez ezagutaraztea, testuinguruak nabarmen erakusten ez badu. Era berean, 26. artikuluan ezartzen du enpresaburuak edo profesionalak sustapen hori ordaintzen badu, iragarki bat dela argi eta garbi zehaztu gabe edo publizitateko edukia argi eta garbi identifikatu gabe, merkataritzako ezkutuko jardunbidetzat joko dela.


Gainera, joko-jardueren komunikazio komertzialei buruzko azaroaren 3ko 958/2020 Errege Dekretuaren 23. artikuluak debekatu egiten du informazioaren gizarteko zerbitzuetako joko-operadoreen komunikazio komertzialak zabaltzea, kasu jakin batzuetan izan ezik. Horietako batzuk lehiako jokoaren euskarri diren operadoreen web-orriei edo aplikazioei dagozkie, betiere adingabeen sarbidea saihesteko mekanismoak badituzte eta aldian behin joko seguruari buruzko mezuak zabaltzen badituzte. Azpimarratzekoa da Errege Dekretu horren 15. artikuluak debekatu egiten duela komunikazio komertzialetan garrantzi publikoa duten pertsonak edo pertsonaiak agertzea, salbu eta haiek kontatzen badituzte kasuan kasuko kirol-ekitaldien zuzeneko emanaldiak.


Bestalde, Informazioaren Gizartearen eta Merkataritza Elektronikoaren Zerbitzuei buruzko uztailaren 11ko 34/2002 Legearen 20. artikuluak, merkataritza-komunikazioei, sustapen-eskaintzei eta lehiaketei buruz eskatzen den informazioari buruzkoak, ezartzen du bide elektronikoz egiten diren merkataritza-komunikazioak argi eta garbi identifikatu behar direla, eta komunikazio horiek egiten dituen pertsona fisikoak edo juridikoak ere identifikagarri izan behar duela. Horrek esan nahi du influencerrek egiten dituzten komunikazio komertzialak manu horren mende geratuko direla, eta argitalpenean publizitate-edukia dagoela argi eta garbi jakinarazteaz gain, lankidetzaren atzean dagoen erakundea identifikatu beharko dutela.
Espainiako legeriak publizitatea zehatz-mehatz arautzen badu ere, teknologia digitalaren aurrerapen azkarrak eragotzi egiten du araudiak errealitateari berehalako erantzuna ematea, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideen kaltetan sortzen diren premiazko kasuetan.


Post osoa, hemen