Loiolako, IQSko, Deustuko eta Comillaseko Ingeniaritzako ikasleek aulki autonomo bat diseinatu dute ospitaleetako lekualdatzeak errazteko

Deustuko Unibertsitateak irabazi du Social Tech Challengearen hirugarren edizioa, ingeniaritzarako eta teknologiarako grina eta gizarte konpromisoa uztartzen dituen lehiaketa.

Deustuko Unibertsitateko taldea

2026ko ekainak 22

Bilbao

Espainiako lau unibertsitate jesuitetako -Loyola, IQS, Deusto eta Comillas- Ingeniaritzako ikasleek aulki autonomo batzuk eraiki dituzte, ospitale ingurunean inspiratutako zirkuitu batean modu seguruan mugitzeko gai direnak. Prototipoak SocialTech Challenge-aren III. edizioan aurkeztu eta ebaluatu ziren, Sevillako Loyola Unibertsitateko Simulazio Kliniko Aurreratuko Zentroan.

Deustuko Unibertsitateko taldeak eskuratu du lehenengo saria, aulki autonomoaren proposamenari esker, zeinak puntuaziorik altuena lortu baitu proba dinamikoetan. Epaimahaiak bereziki baloratu du proiektu oso bat izatea, eta haren eraginkortasuna nabarmendu du; izan ere, taldeak ospitaleetan lehendik zegoen baliabide bat baliatu zuen (gurpil-aulki konbentzionala), eta funtzionalitatean estra bat eman zion, erraz instalatu eta desinstalatu daitekeen plataforma adimendun baten bidez.

SocialTech Challenge urteroko lehiaketa da, eta parte hartzen duten lau unibertsitateetako ingeniaritzako ikasleek osatutako taldeek aulki autonomoaren prototipo bat diseinatu, eraiki eta probatzen dute. Helburua da sormena, lankidetza eta erronka errealei aplikatutako berrikuntza sustatzea, teknologiak pertsonen bizitza hobetzen nola lagundu dezakeen erakutsiz.

Hirugarren edizio honetan, erronka ospitaleen esparruan oinarritu da. Taldeek mugikortasun urriko pertsonak osasun espazioetan lekualdatzea errazteko gai diren soluzioak diseinatu behar izan dituzte, hainbat alderdi kontuan hartuta: segurtasuna, autonomia, ergonomia, nabigazio adimenduna eta ingurune bereziki sentikor batera egokitzea, besteak beste.

Prototipoak Simulazio Kliniko Aurreratuko Zentroan sortutako zirkuitu batean probatu dira. Zirkuitu horretan hainbat ospitale-zerbitzu daude, pazienteen eta osasun-profesionalen benetako beharrak simulatzen dituzten oztopo eta egoerekin. Konplexutasun teknikoaz haratago, proiektuak oso helburu sozial argia izan du: irisgarritasuna eta mugikortasun urriko pertsonentzako arreta hobetzea.

Aulkiak eraiki, probatu eta garatu ahal izateko, ekimenak Iberdrola Fundazioa, Sener Fundazioa, UNIJES, Ingeniarien Kutxa, Sevillako Diputazioa, Abero Medic, CitySightseeing Sevilla eta IBM bezalako erakundeen babesa du.