2026ko urriak 05
Donostia-San Sebastián
Adimen artifizialaren bilakaera azkarra eta datuen analisi masiboa ez dira teknologia kontu hutsa, bidegurutze estrategiko eta etiko ere bihurtu dira. Erabaki automatizatuek negozioan, enpleguan eta gizartean zuzeneko eragina duten garai hauetan, erakundeek ez dituzte teknikari espezializatuak bakarrik behar, teknologia zorroztasunez, erantzukizunez eta giza ikuspegiarekin kudeatzeko gai izango diren profesionalak eskatzen dituzte.
Ildo horretatik, Deustuko Unibertsitatearentzat mugarri bat da Donostiako campusean Informatikako Ingeniaritzako eta Datuen Zientzietako eta Adimen Artifizialeko graduetako ikasleen lehen promozioak 2025-2026 ikasturtean ikasketak amaitzea. Une egokia da gaitasun teknikoak eta giza gaitasuna integratzen dituen eta enpresen eta lanbideen eraldaketa teknologikoari erantzuten dion prestakuntza hori ebaluatzeko. Eta aldi berean, etapa berri bat irekitzen da, 2027ko irailean EAZko + Datuen Zientzietako eta Adimen Artifizialeko gradu bikoitza eskaintzen hasiko baita Donostiako campusean. Titulazio berri horrek enpresetan gero eta presentzia handiagoa duen errealitate bati erantzuten dio: adimen artifiziala ez da teknologiaren esparruan gelditzen, kudeaketarako eta negoziorako tresna estrategikoa bihurtzen ari da, eta eragina du erabakiak hartzean, merkatuen analisian, prozesuen optimizazioan eta produktu eta zerbitzu berriak sortzean.
Ingeniaritza Fakultateak enpresen beharrekin eta merkatua eskatzen ari den profil profesional berriekin lotutako prestakuntza teknologikoa eskaintzearen alde egin duen apustuaren isla da hori. Prestakuntza horren elementu nagusietako bat, hain zuzen ere, ikasteko metodologia praktikoa eta enpresa munduarekiko zuzeneko harremana dira. Lanbideko praktiken eta Ikasgela-Enpresa hitzarmenen bidez, ikasleek aukera dute beren ezagutza ingurune errealetan aplikatzeko, erakundeen erronkak ezagutzeko eta prestakuntza akademikoaren osagarri diren gaitasunak eskuratzeko.
Enpresa sarearekiko lotura ez da ikasketa garaietan amaitzen, jarraitu egiten du, besteak beste, Deusto Alumnik, Deustuko Unibertsitateko gradudunen sareak bultzatzen dituen ekimenen bidez. Sareak kideen arteko topaketak, netwoking-a eta garapen profesionala sustatzen ditu. Horren adibide da Enpresa Topaketa, urriaren 14an, goizez, Donostiako campusean enpresentzat eta ikasleentzat egingo dena, unibertsitateko talentua eta profil profesional berrien bila dabiltzan erakundeak elkarrengana hurbiltzeko.
Lan mundurako jauzia erraza izan da
Lanbidearekiko lotura hori gradudunen ibilbidean ere islatzen da. Adibide bat jartzearren, Jon Mendizabal Ingeniaritza Informatikoko graduduna da eta gaur egun Capgemini Engineering enpresan ari da lanean, CAF, Airbus, Navantia eta beste bezero batzuentzako ingeniaritzako proiektuetan. Une honetan, CAFentzat egiten ari diren proiektu batean parte hartzen du, software txertatuko ingeniari gisa. Proiektu horretan, arkitekturak diseinatzeaz eta sistema kritikoetan kodea ezartzeaz arduratzen da. «Lan mundurako jauzia erraza izan da, Unibertsitateak eskainitako praktiketan erakunde horretan aritu bainintzen», azaldu du Mendizabalek. Hala, ia ez da etenik egon prestakuntza aldiaren eta laneratzearen artean.
Capgemini Engineeringeko praktiken esperientziak eta graduko gainerako urteetan landutako proiektu errealek aukera eman diote lan mundua bertatik bertara ezagutzeko eta gaur egun bere lan jardueran garatzen dituen proiektu motetara ohitzeko.
Mende erdiko esperientzia Ingeniaritzan
Donostiako gradudunen lehen promozio honek Deustuko Ingeniaritza Fakultatearentzat data berezian bukatu ditu ikasketak, Fakultateak ikasturte honetan bere 50. urteurrena ospatuko baitu. Bost hamarkada, ingeniaritzako profesionalak prestatzen, gizartearen eta enpresen beharretara egokitzeko ahaleginean. Egokitzeko gaitasun horren erakusle da Datuen Zientzia eta adimen artifiziala bezalako arloak sartzea eta etorkizunean garrantzi handia izango duten profilak prestatzearen alde egitea.
Lehen promozio honekin, Deustuko Unibertsitateak beste pauso bat eman du talentu teknologikoaren aldeko apustuan, eraldaketa bete-betean dagoen lan merkatura iritsi berri diren profesionalen belaunaldi berri baten ondoan. Testuinguru horretan, teknologiako, datuetako eta adimen artifizialeko prestakuntzak aukera berriak irekitzen ditu etorkizuneko erronkei eta lanbideei aurre egiteko.