Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren lana, antolatzeko moduei eta berrikuntzako jardunari buruz
Deustuko Unibertsitateko Argitalpen Sailak Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren lan bat argitaratu du: Formas de organización y actividad innovadora, un análisis comparativo de los sectores manufactureros de la Comunidad Autónoma del País Vasco, España y la Unión Europea. Ikerlan horrekin berrikuntzan sakondu nahi da arrakastarako funtsezko faktore gisa, egoki aplikatzen duten erakunde eta herrialdeetan lehiako abantaila iraunkorrak sortzen dituen neurrian. Berrikuntza dimentsio ugari dituen fenomenoa bada ere, ikerlanak manufaktura arloko laneko antolaketa moduak hartzen ditu ardatz, garrantzi handiko sektorea EAEn. Ikerlanak espainiar eta europar testuingurua ere aztertzen du.

2011eko ekainak 08
Bilboko Campusa
Frogatu ahal izan denez, lan molde malguak dituzten enpresek berritzeko ahalmen handiagoa dute. Hori guztia laburtzen duen adierazletzat edo kontzeptu adierazgarritzat hartu da Errendimendu Handiko Lan Sistemei dagokiena (High Performance Work Systems, HPWS). Izatez, Giza Baliabideen Zuzendaritzako jardunbide egoki elkarlotuen multzo kontrastatu bat da, malgutasunarekin, berritzeko gaitasunarekin eta erakundearen errendimenduarekin positiboki lotuta dagoena. Horrela, ikus daiteke europar enpresetan lotura zuzena eta esanguratsua dagoela HPWSen ezarpen mailaren eta enpresen profil berritzailearen artean, berrikuntza mailaren adierazleen aldagaiak neurtuta eta produktuaren berrikuntzarako sendotasuna eta zeharkakotasuna neurtuta. EAEn nagusi den profil berritzaileari dagokionez esan daiteke, Espainian bezala, prozesuko berrikuntzara bideratuta dagoela. Hala ere, HPWSen penetrazioa produktura bideratutako profil berritzaileekin lotzen da autonomia erkidego honetan.