55 urtetik gorakoek laneko lotura eta inplikazio handiagoa dute, eta diskriminazio gutxiago ikusten dute beren erakundean adinari loturik, Bienestar Katedrak egindako ikerketa baten arabera

CaixaBank-ek, “la Caixa” Fundazioak, VidaCaixak eta Deustuko Unibertsitateak, Comillas Unibertsitate Pontifikalak eta ESADEk sustatu duten Bienestar+ Katedraren ikerketa baten ondoriorik nagusienetako bat da

De fondo, la escalinata del Palau Macaya, Barcelona, un grupo de dos mujeres y cuatro hombres, mirando a cámara: Macarena Cuenca, Javier Valle, Tomás Muniesa, Marc Simón,  Lisa Hehenberger y Javier Márquez ,

2026ko urriak 08

Beste hiri batzuk

55 urte edo gehiagoko langileek 55 urtetik beherakoen emaitza berdinak edo altuagoak lortu zituzten “Adinaren eta laneko ongizatearen araberako inklusio indizea” (IEBL) izenekoak egindako konparazio askotan. Bienestar+ Bizitza luze, aktibo eta osasungarrirako katedrak aurkeztu du indize hori, Bartzelonako Palau Macayan egindako ekitaldi batean. Jardunaldiak katedraren jardueraren lehen urtean garatutako beste bi ikerketa-proiekturen aurrerapenak ezagutarazteko ere balio izan zuen.

Bienestar+ Katedra ekimen akademiko eta sozial bat da, CaixaBankek, “la Caixa” Fundazioak eta VidaCaixak bultzatua, Deustuko Unibertsitatearekin, Comillas Unibertsitate Pontifikalarekin eta Esaderekin lankidetzan, eta bizitza-luzeraren erronkei ebidentzia zientifikotik erantzuteko sortu da, adinekoak segurtasun ekonomikoarekin bizi ahal izan daitezen, loturak mantendu ahal izan ditzaten, autonomia gorde dezaten eta, batez ere, gizartean parte hartzen jarraitu dezaten. Helburu horretan aurrera egiteko, katedrak hainbat ikerrildo eta analisi-tresna bultzatzen ditu. Horien artean daude aurkeztutako bi indizeak, Behatokiaren parte direnak eta Espainiako zahartzeari buruzko datuak biltzeko eta aztertzeko aukera ematen dutenak.

Jardunaldia “la Caixa” Fundazioko zuzendariorde nagusi Marc Simónen ongietorriarekin hasi zen, eta Jordi Trullén ekimenaren zuzendari akademiko eta Esadeko irakasleak katedraren ikuspegia aurkeztu zuen. Emaitzen blokean, David Roch Comillas Unibertsitate Pontifikaleko irakasleak eta Florencia Sortheix Bienestar+ Katedrako ikertzaile seniorrak “Adinaren eta laneko ongizatearen araberako inklusio indizea” eta haren inplikazio praktikoak aurkeztu zituzten; Pablo Calvo Comillas Unibertsitate Pontifikaleko irakasleak konexio sozialaren indizea aurkeztu zuen; eta Carmen Valor Comillaseko irakasleak denboraren erabilerari eta zoriontasunari buruzko emaitzak azaldu zituen 65 urtetik gorakoen atalean. Jardunaldiari amaiera instituzionala Tomás Muniesak eman zion, CaixaBankeko presidenteak.

Amaierako hitzaldian, Tomás Muniesak, CaixaBankeko presidenteak, hau adierazi zuen: “bizitza-luzera gure gizarteen lorpen handienetako bat da, baina, era berean, erronka demografiko izugarria da, eremu askori eragiten diena; hori dela-eta ezin da diziplina bakar batetik jorratu eta erakunde bakar batek ere ezin du egin. Horregatik, Bienestar+ Katedraren bidez, lankidetza, ikerketa eta ikuspegi integrala bultzatzen ditugu, bizitza-luzerak agenda sozial, enpresarial eta instituzionalean merezi duen lekua izan dezan, eta erronka hori gizarte inklusiboagoa, osasungarriagoa eta oparoagoa eraikitzeko aukera bihurtzen lagungarri izan dadin”.

Adinean aurrera eginda egoteak ez dakar laneko ongizate txikiagoa

“Adinaren eta laneko ongizatearen araberako inklusio indizeak” Espainiako langileen adinaren eta laneko ongizatearen araberako inklusioa aztertzen du, bi dimentsioren bidez: beren erakundeek, adina edozein dela ere, baloratzen eta aukerak eskaintzen dizkietela hautematea; eta laneko ongizatea, bai maila indibidualean (lanerako motibazioa eta erakundearekiko konpromisoa), bai talde-mailan (lankideen eta haien lana gainbegiratzen dutenen laguntza edo parte-hartze aktiboa). Hamar langile edo gehiagoko enpresetako 18 eta 74 urte bitarteko 3.000 langile aktibori egindako online inkesta batean oinarritu zen azterlana.

Emaitza nagusien artean, ikertaldeak eredu sendo bat identifikatu du: 55 urte edo gehiagoko pertsonek erakundearekin lotura handiagoa eta lanean inplikazio handiagoa erakusten dute adin horretatik beherakoek baino, nahiz eta laneko estres maila handiagoak jasan. Gainera, adinaren araberako diskriminazio gutxiago hautematen dute zereginak esleitzeari, sustapenari eta garatzeko aukerei dagokienez.

Era berean, aurkikuntzek erakusten dute adinik baxueneko eta handieneko taldeek balio globalik altuenak dituztela, gainerako tarteen aldean. Gainera, adin-taldearen eta generoaren araberako azterketan ikusi daitekeenez, gizonek emakumeek baino balio handiagoak dituzte adin guztietan, eta alde handiagoa nabaritzen da 16-24 urteko eta 65-74 urteko taldeetan, laginean presentzia txikiena duten taldeetan.

Prestakuntza-mailak ere eragina izan dezake; izan ere, hezkuntza-maila apalagoa dutenen artean, 55 urtetik gorako pertsonek emaitza hobeak dituzte adin txikiagoko taldeek baino. Ikertzaileek diotenez, adinarekin metatutako esperientziak eta ospeak prestakuntza-maila eskasagoa konpentsatu dezakete. Hala ere, adinen arteko alde hori desagertu egiten da prestakuntza-mailak gora egin ahala.

Enpresaren tamainari dagokionez, 55 urtetik gorako langileek adin horretatik beherakoek baino emaitza hobeak izan zituzten enpresa txikietan; ertainetan, kontrakoa gertatu zen, eta handietan, bi taldeen arteko aldeak murriztu egin ziren, eta horrek zerikusia izan lezake enpresa horietan inklusioa eta ongizatea sustatzera bideratutako giza baliabideen berariazko politika eta baliabideen eskuragarritasun handiagoarekin.

“Adinaren eta laneko ongizatearen araberako inklusio indizeak adierazleak ematen ditu adinari lotutako estereotipo batzuk ingurune profesionalean berrikusteko eta hobeto ulertzeko ongizateak eta inklusioak laneko bizitzan zehar nola eboluzionatzen duen”, adierazi zuen David Roch Comillas Unibertsitate Pontifikaleko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko irakasle eta Adinaren eta laneko ongizatearen araberako inklusio indizeko ikertzaile nagusiak.

Ikertaldeak hainbat neurri proposatzen ditu adin aniztasuna indargune bihurtzeko eta laneko bizitza osoan ongizatea sustatzeko, pertsonak laneko karrera luzeagoetarako prestatzeko. Horretarako, besteak beste, gomendio batzuk ematen ditu: liderrak prestatzea adin estereotipoak kudeatzeko, aukera berdintasuna bermatzeko, lan inguruneak premia aldakorretara egokitzeko eta belaunaldien arteko lankidetza sustatzeko.  

Konexio sozialaren indizean, Espainia nabarmen ageri da 55 urtetik gorako pertsonen arteko hurbileko laguntzan

Konexio sozialaren indizeak, katedrak aurkeztu duen bigarren proiektuak, bi dimentsio aztertzen ditu: hurbileko laguntza-sarea, senideekiko eta lagunekiko loturak eta hautemandako laguntza sozio-emozionala kontuan hartzen dituena; eta konfiantza eta parte-hartze soziala, pertsonen arteko konfiantza, boluntariotza eta gizarte-, kultura- eta prestakuntza-jardueretan parte hartzea jasotzen dituena. Horretarako, ikertzaileek European Social Survey (ESS) eta EU-Loneliness Survey (EU-L) inkesten datuak erabili zituzten. Nazioarteko konparazioak 22 herrialde hartzen ditu, bi inkestetan eskuragarri dagoen informazioarekin. Espainian, EU-Lko 1.009 pertsona eta ESSko 1.800 aztertu ziren, lurralde nazional osoa hartuta.

Bi dimentsio horietatik abiatuta, nazioarteko konparazioak bigarren postuan kokatzen du Espainia 55 urtetik gorako pertsonen arteko hurbileko laguntza-sareari dagokionez, senideekin eta lagunekin dituzten loturen sendotasunagatik; Herbehereak, Finlandia eta Suedia daude konfiantzaren eta parte-hartze sozialaren sailkapenaren buruan. 

Espainiako testuinguruarekin jarraituz, hurbileko laguntza-sarea adinarekin mantendu egiten da, familiarekin aurrez aurre egiten diren topaketek eta hautemandako laguntza sozio-emozionalak gora egiten baitute, nahiz eta lagunekiko kontaktuak zertxobait behera egin. 

Generoari dagokionez, emakumeek gizonek baino maila altuagoak dituzte ia adin tarte guztietan (26-35ekoan izan ezik), batez ere hautemandako laguntza sozio-emozional handiagoagatik eta hurbileko familia sareagatik. Bizilekuak ere eragina du: adinekoen artean, sare horiek hiri ertain eta handietan mantendu edo hazi egiten dira, baina landa-eremuetan murriztu egiten dira.

Espainian konfiantzari eta gizartean parte-hartzeari dagokionez, 26 eta 35 urte bitartean jotzen du goia eta, ondoren, behera egiten du, baina portaera desberdinak ditu bi eremuetan. Konfiantza egonkor mantentzen bada ere adin-tarte guztietan, gizartearen parte-hartzea da adinarekin gehien murrizten dena, batez ere prestakuntza-, elkarte- eta kultura-jardueretan. Hezkuntza-mailari dagokionez, zenbat eta prestakuntza txikiagoa izan, orduan eta txikiagoa da gizarte-konfiantza eta -partaidetza adinarekin; goi-mailako hezkuntza dutenen artean ez, ordea. 

Bizilekuak ere desberdintasunak markatzen ditu: landa-inguruneetan bizi diren 55 urtetik gorako pertsonek konfiantza eta parte-hartze maila txikienak dituzte; eta tamaina handiagoko hiri-inguruneetan, talde hori bera nabarmentzen da bere adin kohortearekin alderatuta partaidetza sozial eta kultural handiagoa izateagatik.

Egindako azterketaren ondoren, ikertzaileek hirugarren hezkuntzarik gabeko adinekoak (lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, LH eta batxilergoa dutenak), landa-eremuetan bizi direnak eta, oro har, adineko gizonak identifikatzen dituzte gizarte-lotura txikiena duten taldeen artean. Horregatik, gizarte-harremanetan sentsibilitate eta zaintza handiagoa sustatzea planteatzen dute, adinekoen parte hartze aktiboagoa sustatzeko, hirugarren hezkuntza ez duten herritarrei gizarte eta kultura topaguneetarako sarbidea errazteko eta landa-eremuetan adinekoen gizarte loturak berreskuratzea ahalbidetuko duten aukerak hobetzeko.

65 urtetik gorako ongizatea bizitzeko moduarekin eta denborari balioa ematearekin lotzen da

Aurkeztutako hirugarren proiektuak, Denboraren erabilera eta zoriontasuna 65 urtetik gorakoen artean izenekoak, adinekoek beren denbora nola banatzen duten eta beren ongizatearekin zer lotura duen aztertzen du. Horretarako, ikertaldeak azterketa bat egin zuen 65 urtetik gorako 324 pertsonarekin, eta jarduera sozialetan, fisikoetan, ikaskuntzakoetan edo boluntariotzakoetan ematen duten denbora jaso zuen, besteak beste, baita denbora horri zer balorazio ematen dioten ere, aurreko egunean egindakotik abiatuta.
 
Ondorio nagusiaren arabera, jarduera jakin bati denbora gehiago eskaintzeak ez du esan nahi nahitaez zoriontasun handiagoa lortu behar denik. Aldiz, beren denbora beren izaerarekin koherentziaz erabiltzen dutela eta kontrol eta aprobetxamendu handiagoa dutela hautematen dutenek ongizate-maila handiagoak dituzte. 
 
Bestalde, azterlanak erakusten du adinekoek ez dutela talde homogeneoa osatzen beren denbora antolatzeko moduan, profil-mota desberdinak identifikatzen baitira denbora zertan kontzentratzen duten kontuan hartuta: borondatezko lanean edo ordaindutako lanean ordu gehiago ematen dutenak (inkestatuen % 8,33); beste batzuk zaintzen aritzen direnak (% 33,64); beren burua zaintzen eta aisialdi aktiboan gehien aritzen direnak (% 36,42); etxean eta aisialdi pasiboan gehien aritzen direnak (% 21,6). 

Gainera, aldeak ikusten dira gizonen eta emakumeen artean: emakumeek denbora gehiago ematen dute etxeko lanetan eta beste pertsona batzuk zaintzen, nahiz eta beren bizipoz-mailak antzekoak diren.

Oro har, emaitzek adierazten dute denbora modu desberdinetan antolatuz lortu daitekeela ongizatea, eta ez dagoela adineko pertsona guztientzat balio duen formula bakar bat. Azpimarratzekoa da, esplorazio-azterketa bat denez, ikertzaileek adierazi dutela emaitzek ez dutela kausazko erlazioak ezartzeko aukerarik ematen.

Agenda partekatua bizitza-luzeraren erronkei erantzuteko

Aurkeztu diren hiru proiektuak Bienestar+ Katedraren ikerketa-agendakoak dira, eta bizitza-luzeraren erronkak ebidentzia zientifikotik jorratzera bideratuta daude. Esparru horretan, aurkeztutako bi indizeak Katedraren Behatokian integratzen dira. Katedrak Espainiako zahartzeari buruzko datuak biltzen eta aztertzen ditu, ikuspegi sozial, laboral eta ekonomikotik, eta adierazleak sortzen ditu gizarteratzeko zerbitzuak eta politikak orientatzeko.

Indizeak katedraren webgunean egongo dira eskuragarri, partikularrek eta erakundeek edo gizarte eragile interesdunek kontsultatzeko. Gainera, katedrak aukera emango du beren datuak biltzeko eta ebidentzian oinarritutako ekimenak garatzeko metodologia hori erabili nahi duten erakunde eta enpresekin lankidetzak ezartzeko.