2024ko abenduak 18
Bilboko Campusa
Deustuko Unibertsitateak 2024ko Emakume Teknologoarentzako Ada Byron sariak banatzeko ekitaldia egingo du datorren asteazkenean, abenduak 18. Aurten, hamaikagarren edizioan, Patricia Horcajada Cortes (senior saria) eta Alba Gonzalez Álvarez (gazte saria) ikertzaileek jasoko dituzte. Ingeniaritza Fakultateak antolatzen duen ekitaldi hau 11:00etan izango da Bilboko campuseko Paraninfoan
Patricia Horcajada Cortés, IMDEA Energiako Material Porotsu Aurreratuen Unitateko arduraduna, zientzialari puntakoa da Materialen Zientziaren arloan. Haren jardunak, diziplina ugarikoak, material porotsu berrien diseinuan eta sintesian du ardatz, arlo estrategikoetan aplikatzeko. Aitzindaria izan da MOF motako egiturak farmakoen askapenean, ahoko desintoxikazioan edo nekazaritzan aplikatzen. Lankidetza-sare zabala du, 70 MOF egitura berri baino gehiago egin ditu eta nazioartean ospe handiko ikertzaile ezaguna da.
Alba González Álvarez, gazte sariaren garailea, bere aldetik, Ingeniaritza Biomedikoan doktorea eta Xcure Surgical delakoaren sortzailea da. Xcure Surgical start up bat da, inplante pertsonalizatuak eta neurrira egindako instrumentazio kirurgikoa sortzen ditu giza gorputzaren hezur-berreraikuntza konplexuak behar dituzten pazienteentzat. Hamarkada bat baino gehiagoko esperientzia akademikoa, industriala eta ospitalekoa du osasun-produktuen I+G+B arloan, eta aitzindaria da ospitale-ingurunean 3D teknologiaren inplementazio klinikoan, kasu kliniko konplexuak dituzten pazienteen kasuetan.
Epaimahaiak emakume horien konpromiso-maila bikaina azpimarratu du beren arloetan, eta nabarmen lagundu dute berrikuntzan eta aurrerapen teknologikoan.
Sari banaketa
Juan Jose Etxeberria Unibertsitateko errektoreak eta Asier Perallos Ingeniaritza Fakultateko dekano eta epaimahaiburuak banatuko dituzte sariak. Nerea Aranguren Danobatgroup-eko Berrikuntzako zuzendaria, Miren Elgarresta Larrabide Emakunde - Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria eta Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatua ere bertan izango dira.
Ekitaldia Eusko Jaurlaritzako Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasun Saileko Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde Jaione Ganzarain Epeldek itxiko du, eta beste edizio batzuetako irabazleek ere parte hartuko dute.
Errekorra hautagaien kopuruan
Ada Byron saria duela hamaika urte sortu zuen Espainian Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak. Saria Bizkaiko Foru Aldundiak, Emakundek eta Danobatgroupek babesten dute eta Innobasquek eta Innolabek laguntzen dute. Sari hori estatuko erreferente bihurtu da eta zientziaren, teknologiaren eta ingeniaritzaren arloetan emakumeek egiten duten lana erakusten du. Aldi berean, emakumeen artean I+G arloko bokazioak sustatzea du helburu.
Aurten 178 hautagaitza zenbatu dira, iaz baino hamabi gehiago, eta hautagai gehien aurkeztu dituen edizioa izan da, jatorri geografiko askotakoak eta jatorrizko hainbat formazio dituztenak. Informatika, Kimika, Aeronautika, Farmazia, Industria eta Telekomunikazio eta Ingurumen arloetako profesionalak nabarmentzen dira.
a>