Unibertsitateak Deusto 2023-2026 etorkizuneko unibertsitaterako Plan Estrategiko berria aurkeztu du

Pertsonak erdigunean jarri dituen proposamen akademikoa da eta errealitatearen elkarlaneko eraldaketa sustatzen du.

Juan José Etxeberria, Rosa Santibáñez, Javier López Ariztegui, José María Guibert, Elena Auzmendi y Eduardo Ruiz Vieytez

2023ko otsailak 20

Bilboko Campusa Donostiako Campusa

Deustuko Unibertsitatea prest dago etorkizunerako. Egun hauetan, unibertsitateko elkarteari eta kanpoko hainbat eragileri aurkezten ari zaie Deusto 2023-2026, garai berri baterako Plan Estrategikoa  . "Mundua eraldatzen duten pertsonak" leloaren ildotik, proiektua funtsezko hiru ideiaren inguruan dago egituratuta, unibertsitateak datozen urteetan izan nahi duena definitzeko: pertsonak ardatz dituen unibertsitatea, eraldatzen duen eta eraldatzen den unibertsitatea, eta gizarte bidezkoago baterako unibertsitatea.

Gaur egun, unibertsitateek zeregin garrantzitsua dute, ez bakarrik pertsonak eta herritarrak prestatzen, baizik eta ezagutza berria garatzen gizartearen zerbitzura, iritzia sortzen eta politika publikoak definitzen laguntzen. Deusturen bokazioa zeregin horretan aktiboki laguntzea da, eta beste batzuekin lankidetzan egitea, pertsonak erdigunean hartuta, estilo propio eta bereizi batetik eta kristau eta giza balioak gure jardueraren erreferente iraunkor dituen estilo batetik. Ildo horretatik, plana bat dator Deustu kide duten jesuiten unibertsitate sareen helburuekin, bai eta partaide aktiboa den euskal unibertsitate sistemarekin ere.

Bost aukera estrategiko

Planak datozen urteetan unibertsitateko jarduera gidatuko duten bost aukera nagusi aipatzen ditu. Lehenengoa da “prestatzea balioetan trebatuz”, eta Unibertsitateak ikasleari banakako laguntzaz eta lanbide-trebakuntzaz haragoko balio batzuen transmisioan oinarritutako prestakuntza emateko ahalegina indartzea du helburu. Bigarren aukera estrategikoa jakintza sortzean fokalizatzea da. Horren bidez, Deustu erreferentziazko unibertsitate gisa sendotu nahi da, gure garaiko erronka handi batzuei buruzko jakintza sortzeko eta transmititzeko. Hirugarren aukerak “irakaskuntzaren eskaintza dibertsifikatzearen eta berritzearen” alde egiten du. Horren bidez, pertsona gehiagorengana iritsi nahi da, modu berrietan eta ikaskuntzarako metodologia eraginkorragoekin.

Era berean, “sare lana eta haren eragin soziala” sustatzearen aldeko apustua egiten da, beste unibertsitate jesuita eta unibertsitate europar bazkide batzuekin sare eta lan egitura berriak indartuz, etorkizunak sareko lana eta egitura zabal eta nazioartekoetan parte hartzea eskatzen duela jakitun. Azkenik, Misioarekin konprometituta dagoen unibertsitateko elkartea indartu nahi da, proiektuaren parte senti dadin eta, profesionaltasunez ez ezik, bokazioz ere bultza dezan.

29 proiektu estrategiko

Deustuko Unibertsitatearen Plan Estrategikoak 29 proiektu definitzen ditu, eta horietan zehazten dira adierazitako bost aukera estrategikoak. "Balioetan lagunduz prestatzea" aukeraren kasuan, Unibertsitateak hainbat ekimen jarriko ditu abian prestakuntza eskaintza osoari aplikatuko zaizkion zeharkako gaitasun berriak lantzeko, bai eta Balioei buruzko giza prestakuntza, gradu mailan oso finkatuta dagoena, titulazio guztietara zabaltzeko ere. Halaber, tutoretza lana, ikasleentzako arreta eta laguntza sustatu nahi dira, eta, aldi berean, ikaskuntza eraldatu, aurrerapen teknologikoak eta tresna digitalak gero eta eraginkorrago erabiliz.

“Irakaskuntza eskaintza dibertsifikatzea eta berritzea” aukerak gradu eta gradu bikoitz berriak eraberritzeko, sendotzeko eta abian jartzeko ibilbide orri bat ezartzeko asmoa du, lehendik zeudenak etengabe hobetzea edo graduondokoen eta doktoregoko programen mapa birformulatzea ahaztu gabe. Berrikuntzei dagokienez, nazioarteko titulazioak sustatuko dira, kanpoko talentua erakartzeko gai direnak, bai eta aipamen duala duten titulazioak ere. Bestalde, Deustuko Unibertsitateak online prestakuntzaren eskaintzan aurrera egiteko apustua berretsi du, bai graduan, bai graduondokoan.

Irakaskuntzaren dibertsifikazioaren beste ardatz bat bizitza osorako prestakuntza izango da, eta erronka horri erantzuteko, Deustuk eskaintza ez-ofizial jarraitua, iraunkorra, executive eta in company zabalduko ditu. Era berean, eta azken urteotan garatutakoaren ildotik, Unibertsitateak Osasun Zientzien arloan irekitako prestakuntza guztia hedatzen jarraituko du.

Erronka sozialei erantzun

“Jakintzaren sorrera eta transferentzia fokalizatzea” da datozen urteetan landuko den beste erronketako bat. Eta hori lortzeko, Unibertsitateak beharrezkotzat jotzen du ikerketaren erreferentziazko polo batzuk zehaztea gizarte erronkei eta Deustuko Misioari erantzungo dieten gaietan. Helburu horiek lortzeko prozesu eta egitura koordinatu berriak diseinatu eta ezarriko dira. Era berean, ikerketa eta transferentzia nazioartera zabaltzea bultzatuko da, beste eragile batzuekin lankidetzan edo proiektu edo hitzarmenen bidez; baita sektoreen arteko lankidetza handitzea ere.

“Sareetako lana eta gizartean duen eragina sustatzeko” aukera Jesusen Lagundiko unibertsitateekiko harremanak sendotzean azalduko da, bai irakaskuntzaren arloan, bai ikerkuntzaren eta gizarte presentziaren arloan, UNIJES, Kircher Network, AUSJAL edo IAJU bezalako sare eta elkarteen bidez. UNIC-European University of Post-Industrail Cities Unibertsitate Europarra bultzatzen jarraituko da, eta, horrez gain, online praktiketarako eta prestakuntzarako plazak eskainiz, prestakuntzan laguntzen duten erakundeekin lankidetza eta sareko lana areagotzea aurreikusi da.

Enplegagarritasuna eta laneratzea funtsezkoak dira orain ere Deusturentzat. Horregatik, neurri batzuk hartu nahi dituzte tituludunak lan merkatuan sartzea errazteko eta ikasle ohien elkarteei edo ekintzailetzari babesa emateko. Elkarlanean lan egiteko helburuarekin, Deustuk jesuiten beste obra batzuekin batera proiektuak eta programak garatzea aurreikusten du.

Campus soziala

Justizia eta ekologiaren ikuspegitik gizartea eraldatzeko tresna izateko erronka betetzeko asmoz, Unibertsitateak “campus soziala” proiektua sortu du, eta horrek unibertsitatearen esku hartze zuzena dakar, gizarteko sektore behartsuenen mesedetan. Halaber, Eragin Sozialeko eredu neurgarri bat sortu nahi du, GJHei egiten dien ekarpena barruan hartuko duena. Era berean, Deustuk presentzia eta proiekzio publikoa areagotu nahi ditu gizartean.

Azken aukera estrategikoak “Misioarekin konprometituta dagoen unibertsitateko elkartea sendotzea” lortu nahi du, eta, horretarako, proiektuen artean dago garapen profesionalerako politikak garatzea edo unibertsitateko elkartearentzat eta ikasleentzat parte hartzeko bide berriak sortzea, unibertsitateko politiketan zeregin aktiboa izateko.

Aniztasunaren kudeaketa inklusiboa funtsezkoa da, eta, horregatik, aniztasuna areagotzeko irizpideak eta prozesuak ezarri nahi dira, bereziki honako arlo hauetan: genero orekak, jatorri kulturalak, baldintza sozioekonomikoak, gaitasun funtzionalak edo esperientzia akademikoak. Esparru horretan, eleaniztasunarekiko eta euskararen normalizazioarekiko konpromisoa berresten da.

Azkenik, erakundeak Deustu jesuiten unibertsitate gisa indartzeko lan egingo du. Halaber, zentroaren epe luzerako autonomia eta iraunkortasun ekonomikoa indartu nahi dira, baita erakundearen barne eredua eguneratu ere, eraginkortasun handiagoa ziurtatuko duen sistema sinplifikatuagoa ezartzeko.

116 milioi euroko inbertsioa

Deusto 2023-2026 Planak 115.798 milioi euroko inbertsioa ekarriko du lau urtetan. Horietatik 72.372 milioi, % 62, Unibertsitatearen beraren baliabideetatik etorriko dira. Horiei 43.426 milioi gehituko zaizkie, finantzaketa publiko lehiakorrean, ez-lehiakorrean eta nazioartekoan.

Ibilbide orri berri hau etengabe egokitzeko dokumentu ireki gisa diseinatu da, gizarteak azkar eboluzionatzen duelako eta Deustu bezalako unibertsitate batek, bere DNAn dagoen bezala, une bakoitzeko beharrei modu egokian erantzun nahi dielako. Izan ere, gaur egun, inoiz baino gehiago, Unibertsitatea ibilbide luzeko erakundea da, baina aldi berean berritzailea, egungo egoerara egokitzen dakiena eta etorkizun hobe baten alde lanean jarraitzen duena.

15/02/2023 - Sesiones de presentación del nuevo Plan Estratégico 2023-2026 en los campus de Bilbao y San Sebastián