2026ko urtarrilak 14
Donostiako Campusa
Deustuko Unibertsitateak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak lankidetza-hitzarmen marko bat sinatu dute, ikus-entzunezko sorkuntzaren eta hedapenaren eremuan indarrak batzeko. Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak eta Juan José Etxeberria SJ. Deustuko Unibertsitateko errektoreak berretsi dute bi erakundeen arteko elkarlana.
Hitzarmen honen helburu nagusia ikerketa, sorkuntza eta hedapen proiektuetan laguntzeko esparru bat definitzea da. Lankidetza honen ardatz nagusia Deustuko Unibertsitateak abian jarriko duen Komunikazioko graduari lotutako ‘Ikus-entzunezko sorkuntza’ berezko titulua izango da. Espazio horretan, formakuntza, difusio eta programazio ekintzak elkarrekin diseinatu eta burutuko dituzte bi erakundeek
Ikasleentzako baliabideak eta esperientzia praktikoaAkordioari esker, Deustuko ikasleek, eta bereziki aipatutako titulu berrikoek, Tabakalera barruko ikus-entzunezko sorkuntzarekin lotutako erabilera-espazioak eta laborategiak erabili ahal izango dituzte haien ikasketa-planeko jarduerak aurrera eramateko.
Hitzarmenak hiru urteko indarraldia izango du, eta epe hori amaitutakoan bi aldeek adostuta berritu ahal izango da. Sinatzaileek azpimarratu dutenez, elkarlan honek sorkuntza-aukerak eta talentu berrien garapena indartuko ditu Donostiako kultur eta unibertsitate-ingurunean.
Ate irekiak Deustuko Unibertsitatean
Urtarrilaren 17an, ate irekien jardunaldia izango da Deustuko Unibertsitatean, 10:00etatik 14:00etara. Aukera paregabea Komunikazioko graduaren eta Ikus-entzunezko sorkuntza berezko titulu berriaren xehetasun guztiak ezagutzeko. Horrez gain, Donostiako campusean ikasleen erabilerarako dauden azpiegiturak bisitatu ahal izango dira, Medialabeko irrati estudioak eta grabazio-platoa barne. Izen ematea beharrezkoa da helbide honetan: deusto.eus/ateirekiak. Ate irekien bigarren jardunaldi bat ere izango da aurrerago, otsailaren 14an.