Deustuko Unibertsitatean Euskadiko demokraziaz hitz egin du Imanol Pradales lehendakariak

Jardunaldia kultura politikoari buruzko proiektuaren barruan dago, Unibertsitateak gaur egungo demokraziaren erronkak aztertzearen aldeko aukeraren barruan.

Imanol Pradales (erdian), Cristina Monge eta Víctor Lapuenteren ondoan

2024ko abenduak 10

Bilbao

“Demokraziari buruzko elkarrizketak” jardunaldia egin zuten abenduaren 10ean, Euskadiko demokraziaren kalitateari buruzko ikerketa-proiektu baten esparruan, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko eta Göteborgeko Unibertsitateko komunikazio-taldeak gidatuta, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzarekin. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek parte hartu zuen topaketa horretan, demokraziak Europan eta, zehatzago, Euskadin dituen erronka nagusietan sakontzeko asmoz.

Inaugurazioan pertsona hauek parte hartu zuten: Juan Ignacio Pérez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak; Ager Izagirre, Herri Administrazioko eta Erakunde Publikoetako foru diputatuak; Elixabete Pérez Gaztelu Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko zuzendariak; eta Juan José Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektoreak.

Hitzaldian, Etxeberria errektoreak “Kalitate demokratikoa eta kultura politikoa Covidaren osteko euskal gizartean” proiektua aipatu zuen, Deustuko Unibertsitateko 9 ikertzaile eta Göteborgeko Gobernuaren Kalitateko Institutuko beste 3 burutzen ari direna. Demokraziarekiko herritarren jarrerak, erakundeekiko konfiantza, demokraziarekiko gogobetetasuna eta kultura politikoa aztertzen ditu proiektuak. Errektoreak azaldu zuenez, ikerlan hori Deustuko Unibertsitateak “demokrazia plural eta inklusiboen” alde egiten duen apustuaren partea da, demokraziaren gaur egungo erronkak hainbat diziplinatatik aztertzen dituen ikerrildo lehenetsia. Apustu horretara bilduko da irailean abian jarriko den Demokraziari, Erakunde Publikoei eta Politikaren Berrikuntzari buruzko Unibertsitate Masterra, prestakuntza, ikerketa eta esperimentazio aktiboa bateratuz.

Etxeberriaren esanetan, demokraziek hainbat erronkari egin behar diete aurre: globalizazioari, aldaketa teknologikoari eta polarizazioari, besteak beste, eta ongizate estatua ahuldu eta jendearen artean gaitzustea eragiten dute. Horregatik, kontratu sozial berri bat birdefinitu beharra ikusten du, egitura publikoak, hiritarrak eta gizarte antolatua integratuko dituena eta Europar Batasuna sendotuko duena eredu demokratiko eta autoritarioen arteko antagonismoan. Errektorearen ustez, premiazkoa da demokrazia indartzea, ziurgabetasun eta aldaketa garaian, demokrazia gobernu sistema ez ezik, askatasuna, berdintasuna eta justizia sustatzen dituen funtsezko balioa ere badelako.

“Bizi dugun garaian, desinformazioak eta polarizazioak mehatxatu egiten ditu gure gizarteak”, adierazi zuen eta, horregatik, “funtsezkoa da gure erakunde demokratikoak defendatzea eta berriro bizkortzea, ahots bakoitza entzuten dela eta boto bakoitzak balio duela ziurtatzeko”. Gainera, “demokrazia ez da helmuga bat, etengabeko bidaia baizik, gu geu hezteko ardura eta etorkizuneko belaunaldiak ere giza eskubideen, tolerantziaren eta elkarrenganako errespetuan hezteko erantzukizuna dakarrena”.  Errektorearen hitzak

Demokrazia Euskadin

Ondoren, Elías Dinas Europako Unibertsitate Institutuko (EUI) Politika eta Gizarte Zientzien Saileko Ikerketa zuzendariak “Europa ante el reto del fortalecimiento de la democracia” gaiari buruz hitz egin zuen.

Ondoren, “Euskadiko erronka demokratikoari buruzko elkarrizketa” egin zen, Zaragozako Unibertsitateko Cristina Monge soziologo eta politologoak moderatuta. Solasaldi horretan, Lehendakariak eta Göteborgeko Unibertsitateko eta Gobernu Kalitateko Institutuko ikertzaile Víctor Lapuentek sakondu zuten Europan demokraziak eta, zehatzago esanda, Euskadin dituen erronka nagusienetan. Imanol Pradalesek demokrazia sendotzea aipatu zuen legegintzaldiko erronka nagusi moduan. Hala, “diskurtso xenofobo eta populistak dituzten mugimendu antidemokratikoen existentziaz eta hazkundeaz” kontzientzia hartu beharra dugula ohartarazi zuen, “hauteskunde eta politika arloetan gero eta indar eta garrantzia handiagoa baitute eta europar eraikuntzaren balioak (bakea, tolerantzia edo berdintasuna) arriskuan jartzen ari baitira”.

Erakunde publikoei eragiten dien konfiantza krisiaren inguruan ere hausnartu zuen lehendakariak, azken hamarkadetako aldaketa sozio-ekonomikoen ondorioz. Gogoan hartu behar da klase ertainaren gainbeherak, digitalizazioak sozializazioan duen eraginak eta kontsumo joerek eta gero eta indibidualismo handiagoak nolako eragina duten, “botere politikoen eta publikoen praxi txarrak, ustelkeriak, klientelismoak, polarizazioak eta politika arloko suminak areagotua”.

Pradalesen aburuz, “Euskadi ez da irla bat, nahiz eta oraindik garrantzizko elementuak mantentzen dituen joera horri aurre egiteko, elkarte senari lotuta, eta denok ulertu behar dugu eskubideak eta betebeharrak ditugula gure komunitatearekiko. Horri esker eraiki ahal izan dugu publikoaren, pribatuaren, gizarte ekimenaren eta gizarte zibilaren arteko lankidetza”, azaldu zuen. .

Imanol Pradalesek konfiantzaz adierazi zuen “Euskadin zaindu eta gorde beharreko elementuak” ditugula, “gure tradizio historiko eta politikoarekin zerikusia dutenak. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak honetan jarriko du fokua: jokabide politiko eredugarrian; eztabaida, negoziazioa eta akordioa bermatzen jarraituko du, kudeaketa eraginkor eta egokian konfiantza itzultzeko”. 

Lehenengo berbaldi horren ondoren, “Emakumeen parte-hartze politikoa eta politikaren berrikuntza” gaia aztertu zuten María Pilar Rodríguez Deustuko Unibertsitateko irakasle titularrak eta Komunikazioko ikertaldeko ikertzaile nagusiak eta Susan Banducci Birminghameko Unibertsitateko Zientzia Politiko eta Nazioarteko Ikaskuntzen Saileko Zientzia Politikoetako katedradunak.

Azkenik, Agnes Cornell, Georgios Xenozakis eta Víctor Lapuente Göteborgeko Unibertsitateko irakasle eta Gobernu Kalitatearen Institutuko (QoG) ikertzaileek eta Xabier Barandiaran Deustuko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko irakasleak gogoeta egin zuten “Kalitate demokratikoa eta kultura politikoa Covidaren osteko euskal gizartean” gaiari buruz. Adolfo Moraisek, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak, eman zion amaiera ekitaldiari.

Komunikazio publikoaren balioa 

Demokraziaren kalitateari buruzko proiektu horren barruan, Donostiako campusak beste ekitaldi bat hartuko du abenduaren 11n: “Nazioarteko jardunaldia: Komunikazio publikoak onbideratze demokratikorako duen balioa”, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko Komunikazioko ikertaldeak eta Euskal Gaien Institutuak antolatuta. Hain zuzen ere, Euskal Gaien Institutuak aurten 50 urte bete ditu euskal hizkuntza eta kultura aztertzen eta zabaltzen.

Onbideratze demokratikoak ezinbesteko du komunikazio publikoa, baina komunikazio hori ezin da mugatu mezuak transmititzeko kanal bat izatera; elkarrekintzarako gune bat izan behar du, ehun soziala eta politikoa sendotzeko. Gardentasuna, parte hartzea edo inklusioa lehenesten badira, komunikazio publikoak sistema demokratikoaren legitimitatea indartzeaz gainera, sistema hori aberastu eta gaur egungo erronketara egokitzen lagunduko du. Gai horien ingurukoa izango da jardunaldia, tokiko eta nazioarteko ikuspegietatik. 

Hizlarien artean egongo dira, besteak beste, Iñaki García Arrizabalaga, Juanjo Gibaja eta Alazne Mujika, “Aktibismo politikoa Euskadin. Ohiko parte hartze politikoaren alternatiba” joarratzen; Miren Gutiérrezek eta María Pilar Rodríguezek beste gai hau aztertuko dute: “Genero desinformazioa emakume politikari, aktibista eta kazetarien kontra: partaidetza demokratikorako erronka”; Leyre Arrieta, Eider Landaberea eta Xabier Barandiaran “Kalitate demokratikoa Euskadin: alderdi politikoen eta herritarren ikuspegia” gaiaz mintzatuko dira; Larraitz Ariznabarreta, Josu Bijueska eta Esti Amorrortu “Definitions of “Democrazy” in the Basque Media: Unveiling Discourses in Berria through a Minoritized Languague Lens” gaiaz arituko dira; eta Garazi Azanzak eta Begoña Sanzek “Emakumeen lidergoa politikan eta iritzi publikoan. Lidergo feministarantz onbideratze politikorako” gaiaz hitz egingo dute.