Ana Gimeno-Bayón psikologo humanistak tutoretzaren estimuzko begiradaz hitz egin du Tutore Egunaren aurtengo edizioan

Ana Gimeno-Bayón, Deustun aurretik eman zuen hitzaldi batean

2022ko ekainak 09

Bilboko Campusa

Unibertsitateko Orientazio Zerbitzuak ekainaren 9an, osteguna, “Tutore Egunaren” aurtengo edizioa antolatu zuen. Oraingo honetan, psikologia humanistan erreferente den pertsona bat gonbidatu zuen, Ana Gimeno-Bayón, eta "La mirada apreciativa como recurso para la acción tutoríal” gaia jorratu zuen.


Hogeita hamar urte baino gehiagoko esperientzia du psikoterapeuta eta trebatzaile lanetan, eta Bartzelonako Erich Fromm Psikoterapia Humanista Integratzaileen Institutuko sortzailekidea da, Ramón Rosalekin batera. 2017an FEAPen Psikoterapia Humanisten Atalak aitorpena eman zion Espainian psikologia humanistaren sei aitzindarietako bat izateagatik.


Psikologiari eta psikoterapiari buruzko hamabost liburu baino gehiagoren egile honek hau azpimarratu zuen hitzaldian: tutoretza estilo ezberdinez eta zeregin hori burutzeko berariazko trebetasunez haratago, estimuzko begirada funtsezko baliabidea dela eta estilo guztietan jasotzen dela. Besteari estimuz begiratzea zer den sakondu zuen, eta begirada horrek zer atribuzio dakartzan, baita ikasleak tutorearentzat izan ditzakeen esanahi desberdinak ere.


Hitzaldian, halaber, adierazi zuen nola begiesten diren -asmorik onenarekin eginik ere- ikaslea hazkuntzan geldiarazten duten begiradak, begirada horien izaera oker edo gaixoa kontuan hartuta, eta nolako emaitza negatiboak dakartzaten. Zentzu horretan, ikasleari begiratzeko moduaren eta tutore motaren eta tutorearen nortasun estilotik sortzen diren interakzio-modalitateen artean dagoen harremana da kontua. Azkenik, ikasleari modu osasuntsuan begiratzeko baldintzak deskribatu zituen, tutorearekin duen loturak bere ahalmen akademikoa eta humanoa zabaltzen lagundu diezaion.


Ekitaldia streaming bidez eskaini zen.