2022ko uztailak 30
Bilboko Campusa
Aurkene Alzua-Sorzabal Deustuko Unibertsitateko irakasle doktoreak El Correo egunkariak, Segittur erakundeak eta Gasteizeko Udalak Arabako hiriburuko Biltzar Jauregian antolatutako 'La transformación digital del sector turístico' foroan parte hartu zuen, joan den asteazkenean, ekainaren 28an. Alzua irakasleak esperientzia zabala du Turismoaren arloko ikerketan eta irakaskuntzan.
Europar Batasuneko "Next Generation" funtsen esparruan, ikertzaileak eraldaketa digitalaren erronkei buruzko eztabaida batean parte hartu zuen turismoaren sektoreko erakundeetako arduradun eta ekintzaileekin. Zentzu horretan, Alzua irakasleak azpimarratu zuen azeleragailua zapaltzeko garaia dela etorkizuneko erronkei aurre egiteko, baina ez indibidualki, baizik eta elkarrekin, gizarte gisa, tokiko ekonomia sustatzen laguntzen duten erakunde eta "gobernu adimentsuen" eskutik.
Gaur egun, herrialde garatuenetako enpleguaren % 6 dago turismoari lotua, eta Espainiak erreferente izaten jarraitzen du gai horretan; baina egungo langileen % 18k “urtebete baino gehiagoko «birmoldaketa» profesional sakona beharko luke, inguru berrira egokitzeko, pandemiak aldatu egin gaituelako eta kontsumo ohituretan aldaketak azkartzea ekarri duelako”.
Horretarako, enpresak eta erakundeak datuen analisian, adimen artifizialean, errealitate birtualean edo zereginen automatizazioan trebatu beharra aldarrikatu zuen irakasleak, punta-puntako teknologiak aprobetxatuz kontsumo ohiturak aztertzeko eta garai berrietara egokitutako erantzuna eman ahal izateko.
Arazoa da -Alzua-Sorzabalen esanetan- mota honetako profil digitalak sektore guztiek eskatuko dituztela, eta, beraz, lehia "benetan zaila" izango dela. "Sektore guztiei eragiten dien zeharkako gaia da eta kontuan izan behar dugu enpresa handiak orain merkatuan agintzen ari diren 'mikroETEak' baino askoz azkarrago moldatuko direla", azaldu zuen.