2023ko ekainak 16
Gasteizko Egoitza
Fundación Diocesanas-Jesús Obrero Fundazioaren Patronatuak joan den ekainaren 15ean jakitera eman zuenez, EGIBIDE ikastetxeko zuzendari nagusi kargua Cristina Pena Mardaras Deustuko irakasleari egokituko zaio irailaren 1etik aurrera. Deustuko irakasleak José Ignacio Eguizábal ordezkatuko du, Jesuiten Errefuxiatuentzako Zerbitzuko (JRS) Nazioarteko Zuzendari Laguntzaile berri izendatu dute-eta.
Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideetako doktorea eta Bartzelonako Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzietako lizentziaduna da Cristina Pena Mardaras. Askotariko prestakuntza du kudeaketa, pedagogia, teologia eta adingabeen eskubideetan hezkuntzako testuinguruetan. Bilbotarra da jaiotzez eta duela ia hamarkada batetik Gasteizen bizi da. Laneko etapa osoan hezkuntzaren munduari lotuta egon da. Hainbat etapatako irakaslea izan da (Bigarren Hezkuntza, goi-mailako ikasketak, helduentzako prestakuntza…) eta hainbat ikastetxetako zuzendaritza eta kudeaketako karguak hartu ditu.
Cristina Penaren ustez, hezkuntza-proiektu batek, gaur egun, “pertsonen hazkundean lagundu behar du eta, horren bidez, gizarte hobea, gizatiarragoa, inklusiboagoa, baketsuagoa eta senideen artekoagoa eraikitzen lagundu behar du”. Horixe izan da bere motibazio nagusia arlo horretan eman dituen 30 urteko bizitza profesionalean. Gaur egun, hezkuntza-lanean dihardu Deustuko Unibertsitatean, Lehen Hezkuntzako Graduan eta Balioetan oinarritutako Giza Prestakuntzako Moduluan; Ignaziotar Pedagogiako Masterreko zuzendari akademikoa da, eta Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroko ikertaldeko kidea da.
EGIBIDE kristau inspirazioko ikastetxea da, eta 500 hezitzaile inguru eta DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 4.000 ikasle baino gehiago ditu (7.000, jardunean edo langabezian dauden pertsonei zuzendutako arautu gabeko espezializazio eta prestakuntza ikastaroetara doazenak barruan hartuz gero). Campusak hauek dira: Arriaga, Jesús Obrero, Mendizorrotza (Ostalaritza Eskola), Molinuevo eta Nieves Cano.
Egibide eta Deusto
Deustuko Unibertsitateak eta Egibidek aliantza bat sinatu zuten 2017ko abenduan, Gasteizen unibertsitate-ikasketa berriak garatzeko. 2018ko irailean, Arriagako Egibide Deusto egoitzan hasi ziren eskolak ematen. Zentro horrek irakaskuntzarako industria digitaleko estatu mailako lehenengo lantegia du. Industria digitaleko gradu dual berritzailea eskaintzen du, Arabako erakunde eta enpresen babesarekin. Gradu horrek Unibertsitatearen eta Lanbide Heziketaren arteko lehen lotura ekarri zuen, bi hezkuntza-sistemetarako garrantzitsua den lankidetza bide berria, Unibertsitateak LHtik eta LHk Unibertsitatetik ikasten duelako. Eta denek ikasten dute enpresatik ere.