Deusturen azken argitalpenak, Economía y Humanismo Cristiano izenekoak, jarduera ekonomikoaren ikuspegi alternatiboa eskaintzen du
Ekonomia ezin da mugatu ondasun materialetara, giza jokabidea azaltzen laguntzen duen zientzia ere bada. Zerk akuilatzen du pertsona bat era batera edo bestera jokatzen? Gero eta globalizatuagoa eta elkarlotuagoa den munduan, denok gara aldaketa handietan partaide, nahiz eta batzuetan zaila izan aldaketa horiei zentzua topatzea, eta aberasgarria da ekonomia bezain fenomeno garrantzitsua ikuspegi alternatibo eta diziplina artekotik aztertzea. Economía y Humanismo Cristiano argitalpen berriak, Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatera lotutako ikertzaile eta irakasle talde batek prestatuak, jarduera ekonomikoaren ikuspegi alternatiboa erakusten du. Hainbat arazo ekonomiko jorratzen dira, garapena, pobrezia eta nazioarteko merkataritza, gaur eguneko ekonomia eta kristautasuna bateratzen dituen ikuspegitik.

2011eko ekainak 07
Bilboko Campusa
Liburuak bi atal ditu: Metodologia Ekonomikoa eta Elizaren irakasbide soziala, eta Garapen ekonomikoa testuinguru globalizatuan. Lanaren orrietan, bateratu egiten dira zientzia ekonomikoa, teologia eta politika ekonomikoa, diziplina arteko ikuspegia eskainiz, ekonomiako aditu laikoen eta jesulagunen ekarpenen bidez. Autoreek zalantzan jartzen dituzte ekonomiaren ohiko analisiaren mugak eta haren ikuspegi humanistagoa aurkezten dute, justizia soziala defendatuz, gizaki orok ekonomian parte hartzeko duen eskubidea aldarrikatuz. Hortik abiatuta, ekonomiaren garapena jorratzen da mundu globalizatuan eta oinarri enpirikoa eta morala erabiltzen dira nazioarteko testuingurutik kontuan hartu beharreko erabaki eta jarrerei buruzko galdera konplexuei erantzuna emateko. Funtsezko mezua hauxe da: merkatu-ekonomia ezin da mugatu ondasun materialak metatzera, gizakiak garapen osoa izatea ahalbidetu behar du.