2023ko azaroak 21
Donostiako Campusa
Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateak “Legal Day 2023” antolatu du, batxilergoko ikasleentzako lantegien jardunaldia, zuzenbide munduan modu dinamikoan eta parte hartzailean barneratzeko aukera emango diena. Unibertsitateko esperientziaz gozatzeaz gainera, ikasleek Deustuk Zuzenbidearen arloan eskaintzen dituen ikasketak ere ezagutu ahal izango dituzte.
Jardunaldia datorren azaroaren 21ean izango da, Donostiako campusean. Lau lantegi antolatu dira. Lehenengoak, “Badakigu zer egiten duten sare sozialek gure datuekin?” izenekoak, batxilergoko ikasleei aukera emango die jakiteko zein den Zuzenbidearen egitekoa arlo horretan. Zer datu biltzen dituzte sare sozialek erabiltzaileei buruz? Norekin partekatzen dituzte datu horiek? Zer helbururekin? Informazio hori eskuratzeko eskubidea dut? Galdera horiek eta beste hainbat landuko dira lantegi honetan. Bigarren lantegian, “Nurembergeko epaiketak: zer gertatu zen nazien buruzagiekin?” izenekoan, ikasleek Bigarren Mundu Gerraren ondoren Nazioarteko Auzitegi Militarra nola sortu zen ezagutu ahal izango dute, baita Auzitegi horrek Hirugarren Reicheko goi mailako 24 buruzagiren kontra bideratu zuen prozesu judiziala ere, gerra krimenak, bakearen kontrako krimenak, gizateriaren kontrako krimenak eta konspirazioa egiteagatik. Hirugarren lantegian, "Nolakoa izango da nire bizitza Zuzenbide Fakultatean?" izenekoan, parte hartzaileek Zuzenbideko ikasle batekin egoteko aukera izango dute, eta horrek beren zalantza eta kezka guztiak argitzen lagunduko die. Azken lantegiak, “Zure bizitzako epaiketa” izenekoak, ikasleei lagunduko die abokatu bat epaiketa baten aurretik nola sentitzen den jakiten. Eztabaida saioak, legea ezagutzea, bezeroaren defentsa... Alderdi horiek landuko dira ELSA Deusturen laguntzaz (Zuzenbideko ikasleen Europako Elkartearen Deustuko taldea).
Bilboko campusean, azaroaren 16an izan zen “Legal Day”, helburu berarekin. Bertan, beste hainbat lantegi izan ziren: “Instagram, Twitch, Spotify, Netflix... eta orain, ChatGPT. Zer paper du hemen Zuzenbideak?”; “Lan mundua COVID-19 amaitu ondoren: pentsatu al duzu nolakoa izango den lana, pandemiaren ostean?"; "Izuak mugara eramaten zaituenean, zer erabaki hartuko zenuke?" ; "Amazon erronka: lege eta ekonomia alderdiak aztertzen”; eta “Zure bizitzako epaiketa”.
Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatea 1886an sortu zen eta prestakuntza juridiko sendoa eta jarrera etikoak, zerbitzu espiritua eta gizarte erantzukizuna uztartuko dituzten pertsonak heztea du helburu. Zuzenbideko graduak Eusko Jaurlaritzako nazioarteko tituluaren aitortza du eta Fakultatea, 2013az geroztik, Europar Batasuneko eta Nazioarteko Harremanetako Zuzenbideko Bikaintasun Zentroa da. Zuzenbidearen esparruko prestakuntzan bikaintasuna aitortzen duten beste lorpen batzuk ere baditu.