2026ko urriak 05
Bilbao
Nazioarteko erronkek eta elkarrizketarako zubiak eraiki beharrak markatutako testuinguru geopolitikoan, Unibertsitateak jardunaldi bat egingo du datorren ostegunean, urriak 8, Deustuko Unibertsitatearen eta Zuzenbide Fakultatearen 140. urteurrena gogoratzeko. Topaketa Liburutegiko Atarian (goizez) eta Barandiaran aretoan (arratsaldez) egingo da, 09:30etik 17:30era.
Topaketaren helburua da irakaskuntzatik, ikerketatik eta ikuspegi instituzionaletik Fakultatea bereizi duen bokazio europazale sakona nabarmentzea. Ildo horretan, ekitaldiak Europaren integrazioarekin, multilateralismoarekin eta bakearekin duen konpromiso irmoa berresteko balioko du, printzipio horiek erabat lerrokatuta baitaude Deustuko Unibertsitatearen misioarekin.
Programa 9:30ean hasiko da, Liburutegiko Atarian, “Europa bake-proiektu gisa: elkarrizketa-zubiak tentsioan dagoen munduan” izeneko elkarrizketarekin. Lehenengo saioan Arancha González Laya eta José Manuel García-Margallo Kanpo Arazoetako ministro ohiek hartuko dute parte, Joana Abrisketa Uriarte Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbideko irakasleak moderatuta.
11:30ean, “Berrogei urte Europar Batasunean: integraziotik lidergora inguru global berrian” mahai-ingurua egingo da, Jaime Oraá errektore ohi eta Nazioarteko Zuzenbidean adituak moderatuta, eta hauek hartuko dute parte: Lorea Aristizabal CIE Automotiveko Garapen Korporatiboko zuzendariak, Mikel Anton Zarragoitia Eusko Jaurlaritzako Europako Gaien zuzendariak, eta Beatriz Pérez de las Heras Deustuko Unibertsitateko Europako Zuzenbideko katedradunak.
Topaketa ikasleekin
Jardunaldiak arratsaldean jarraituko du, 15:30ean, Barandiaran aretoan, “Erronkak Europarako” izeneko topaketan, ikasleekin. Zuzenbideko ikasleentzako gune horretan, Arancha González Laya eta José Manuel García-Margallo ministro ohiek parte hartuko dute, gazte europazaleen elkarte nagusietako ordezkariekin batera: ELSA (European Law Students Association), Europa Taldea eta European Youth Parliament Spain. María Nagore Casas irakasleak moderatuko du saioa.